Behin ezin nintzelako bertan egon, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Internetetik segitu nuen, streaming bidez. Orduan pentsatu nuen, nahiz eta sarean zuzenekoak ohikoak izan, soilik gurean gerta zitekeela halako zerbait; jende andana pantaila aitzinean akapela kantari ari ziren zortzi pertsonei begira egotea, zuzenean.
Azken euskal streaminga askoz ere harrigarriagoa iruditu zait. Hori ere, soilik Euskal Herrian gerta zitekeen, edo beste herri gutxitan: preso bat kartzelatik ateratzen ikus zitekeen zuzenean Internetez. Garan irakurri zitekeen Arnaldo Otegik dudatzen zuela ea gazteekin lehengo konexio berdina lortuko ote zuen sei urteko kartzelaren ondotik. Artikuluak zioen kontziente dela sei urte eta erdian mundua asko aldatu dela eta teknologia berrien garapenaz ahal bezala jabetu dela ziega barnetik.
Zuzenbide ikasketak, irakurketak eta bisita desberdinen artetik trending topic zer den irakurri ahal izan badu, gutxiago harrituko zen ateratzean. Minutu batzuetan sare sozialetan aipagai nagusia da trending topic. Otegi, haatik, epe luzeko aipagaia da, eta behingoz, ez dut dudarik streaminga itzaltzean gaia ez dela desagertuko. Honki jin Otegi, honki jin Lorentxa. #FreeThemAll.