Zertarako erosi armarik modernoenak ez bada gerran erabiltzeko?

  • Ekialde Hurbileko estatuek %61 gehiago gastatu dute armak erosten 2011-2015 urte artean aurreko bost urteetan baino eta Saudi Arabia da munduan gehien erosi duena, inportazioak %275 handituz. Esportazioetan AEB txapeldun, Errusia eta Txinaren atzetik Frantzia laugarren eta zazpigarren Espainia.

BAE Systems konpainia britainiarrak zabaldutako argazkian, berak ekoiztutako Tiphoon gudu hegazkin bat Dubaiko (Arabiar Emirerri Batuak) Jumeirah Palm uharte txundigarriaren gainean erakustaldia egiten. BAE Systems da munduko industria militar handienetan
BAE Systems konpainia britainiarrak zabaldutako argazkian, berak ekoiztutako Tiphoon gudu hegazkin bat Dubaiko (Arabiar Emirerri Batuak) Jumeirah Palm uharte txundigarriaren gainean erakustaldia egiten. BAE Systems da munduko industria militar handienetan bigarrena. Bederatzi milioi biztanle baizik ez izan arren, Arabiar Emirerri Batuek erosten dituzte munduko arma inportazio guztien %4,6, horietatik bi heren Amerikako Estatu Batuei.

Gerrarako armen nazioarteko salerostea %14 handitu da 2011-2015 epean aurreko bost urteekin alderatuta, SIPRI Nazioarteko Bakerako Ikerketen Estokolmoko Institutuak ezagutarazi berri duenezTrends in International Arms Transfers, 2015 dossierrean. Hain larria ez dirudien %14 hori non zertan mamitzen den ikusita ohartzen da irakurlea Lurra planeta ez dagoela bake lasai baten bezperan.

SIPRIk badauka data base bat 1950. urtetik elikatua, bai estatuek eta bai estatutzat onartu gabeko talde nagusiek mundu osoan saltzen eta erosten dituzten gerrarako arma handien informazioak bilduz. Institutuak berak aldarrikatzen duenez, “edonoren eskueran jarritako informazio multzo handi honek laguntzen du ulertzen armen joan-etorriok munduko bake, egonkortasun eta gatazka bortitzetan daukaten eragina”.

Ekialde Hurbilean gertatzen ari dena, eta aurrerantzean tamalez gertatuko dena, gastu militarrak kontabilizatuz ere uler daiteke. Denetara %61 hazi zen eskualde horretako estatuen arma erosketa, baina horien artean Saudi Arabia da mundu osoan arma gehien inportatu duena, aurrean India handia baizik ez daukala. Munduko arma handien inportazio guztien %7 berak erosi zuen, Txinak berak baino askoz gehiago.

Emirerri Arabiar Batuena ere estatu txikia izan arren inportazioetan oso aurrean dabil: munduko erosketen %4,6 bereak ziren, ia Txina erraldoiarenak adina. Qatarrek %279 gehiago erosi du. Egiptok ere asko handitu ditu erosketak bost urteotan. Aldiz, nazioarteko enbargoa dela eta, Iranek oso gutxi inportatu ahal izan du, nahiz eta honek ez duen esan nahi gastu militar txikiak izan dituenik, dauzkan arma gehienak berak etxean ekoitzi behar izan dituela baizik.

SIPRIko ikerketa buruetako bat den Pieter Wezemanek adierazi duenez, Golkoko estatu arabiarrek ondoko urteetan ere segituko dute armak kopuru handitan erosten, nahiz eta beren finantzetan estuago ibili petrolioak daukan prezio merkeagatik: kontratu handiak itxi zituzten petrolio garestiaren garaietan. Erosi duten arma pila zuzenean dago lotuta orain Yemenen eta beste lekuetan Saudi Arabiak eta bere aliatuek gerra sustatzearekin.

Afrikak eta Asiak ere asko handitu dituzten bezala iskilu handien inportazioak, Ameriketako egoera nahasiagoa da honetan. AEBk segitu du munduko arma inportatzaile handiena izaten (esportatzaile handiena ere baden moduan), baina aldi berean Hego Amerikakoek tira dute beheraka erosketetan.

Estatu askok gutxitu dituzte inportazioak, baina ez denek. Krisi ekonomiko larrian murgildu den Venezuelak azken bost urteetan segitu du kanpotik arma asko hartzen eta pagatzen, kontratuak aurretik sinatuta zeuzkalako. Aldiz, ez bide dute joera aldatzeko asmorik ez Mexikok, zeinak %331 igo zituen arma erosketak –nagusiki narkotrafikoaren gerra famatuaren aitzakian– eta Brasilek: 2015ean bertan enkargatu dizkio 36 gudu hegazkin Suediari eta bost itsaspeko Frantziari.

Ekialde Hurbilarekin batera Asia da munduko arma erosle nagusia eta honen barruan India txapeldun. Bizilagun dituen Pakistan eta Txinak erositako armen hiru halako erosi ditu Indiak. Txina pasatu da inportatzaile izatetik esportatzaile handietarik izatera. Inguru hartan Vietnam da beste adibide deigarrietako bat: %699 handitu zituen erosketak bost urtetan.

Si vis bellum, para bellum

Europak bataz beste ia erdira jaitsi ditu arma inportazioak azken bost urteotan, nahiz eta zenbait herrialde justu oraintxe hasi diren enkargu handiak egiten, nagusiki Errusiarekin muga egiten dutenek, Ukrainako krisiaz geroztik.

Europarren artean SIPRIk nabarmendu du Greziaren kasua: gastua murriztu du, baina 2000. urtean egindako enkarguak erosi eta pagatzen segitu behar izan du, krisi ekonomikorik lantzenaren erdian. Ez da ahaztu behar Turkia daukala auzoan eta honek sei itsaspeko erosi zituenez Greziak beste hainbeste enkargatu zizkiola saltzaile berari, esan nahi baita... kanpo zorrarekin ito nahi duen Alemaniari.

SIPRIren zortzi orrialdeko dossier mamitsuan gerrarako armen erosleen zerrenda bezain adierazgarria da saltzaileena. Denetan nagusi AEB, eta gainera merkatu kuota munduko salmenta guztien %29tik %33ra zabalduta. Bezero onenak ditu Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak eta Turkia. Munduko 99 herrialderi saltzen die eta hegazkinen arloan hornitzaile nagusia da.

Bigarren postuan, Errusiak merkatuaren laurdena dauka bere. Bezero handienak India, Txina eta Vietnam. Errusiarrek ere ugaritu dituzte salmentak bost urteko epean, baina 2014tik aurrera asko murriztu, ziurrenik Ukrainako gerraren osteko enbargoagatik.

Esportatzaileetan hirugarrena Txina bera da, baina askoz kuota txikiagoarekin, %6 eskas, nahiz eta ia bikoiztu egin duen kuota. Erosle onenak Asian dauzka: Pakistan, Bangladesh eta Myanmar.

Frantzia laugarren, merkatuaren %5,6arekin. Maroko, Txina eta Egipto ditu erosle onenak. Alemaniak merkatuaren %4,7rekin hartzaile fidelenak ditu AEB, Israel eta Grezia. Britainia Handiak negozio onenak egiten ditu Saudi Arabia, India eta Indonesiarekin.

Zazpigarren lekuan Espainia, kuotaren %3,5ekin baina salmenta %55an handituta, Alemania eta Frantziaren alderantziz. Espainiak armak saltzen dizkie batez ere Australiari, Saudi Arabiari eta Turkiari.

Saltzaileen eta erosleen zerrendak bere horretan asko errazten du munduko geopolitikaren ulertzea. Esaterako, Siriako krisian Europak eta AEBek zer nolako arazoak dauzkaten Turkia eta Saudi Arabia haien baketze interesetara erakartzeko. Ez zebilen gaizki “bezeroak beti arrazoi” esan zuena.

SIPRIk bere txostenean garrantzia berezia eman die nazioarteko armen komertzioaren bi atali. Airezko erasoetarako hegazkin militar sofistikatuen arloan 555 saldu dira bost urteotan, 209 Errusiak, AEBek 175, Txinak 74... Piloturik gabeko droneen arloan ere hasi dira import-export operazioak, baina hegazkinen aldean gutxi dira oraino.

Itsaspekoetan gertatu da aldaketa handia urteotan. AEBek eta Britainia Handiak urpeko nuklearrak baizik ez dituzte ekoizten eta horiek ez dauzkate salgai. Azken bost urteotan 15 itsaspeko saldu dira baina datozen urteetarako 48 daude enkargaturik. Kolpe handienak: Alemaniak salduko dizkie 6 Turkiari, 5 Hego Koreari, 4 Egiptori. Frantziak 6 Indiari, 5 Brasili. Txinak 8 Pakistani, 2 Bangladeshi.  Hain beste arma jira eta bira, sutu behar han ez bada hemen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Armagintza
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


“Heriotzaren merkatariak jada ez dira ezkutatzen, euskaldunak ere ez”

Ezohiko irudia ikusi zen Madrileko Moncloako jauregian martxoaren 18an: estatuko industria militarraren buru nagusiak Pedro Sánchez presidentearekin eta Margarita Robles Defentsa ministroarekin bilduta. Bertan ziren ere Hego Euskal Herriko enpresa militarretako buru... [+]


Europak armak erosiko ditu, zuri pentsioa kenduta

Badator gerra handi bat. Gastu militar ziztrin horiekin ez goaz inora. Trumpek bakarrik utziko gaitu oraingoan. Herritarrek prest egon behar dute Putinen aurrean... Europar Batasuneko agintarien artean nagusitzen ari den diskurtso hori, hitz bakarrean laburbiltzen da:... [+]


Europako Banku Zentralak "erreforma estrukturalak" iragarri ditu, defentsarako gastuei aurre egiteko

Europako Banku Zentraleko lehendakari orde Luis de Guindosek Europak dituen "mehatxuez" hitz egin du Bartzelonan: "Berriz ere erreforma estrukturalen inguruan hitz egin behar dugu".


Eguneraketa berriak daude