argia.eus
INPRIMATU
Jiu-jitsu egiten zuten sufragistak
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2016ko martxoaren 02a
“Jiu-jitsu zekien sufragista. Atxiloketa” dio 1910eko ekainean ‘Punch’ eta ‘The Wanganui Chronicle’ agerkarietan argitaratu zen komikiak. Eskuinean ageri den emakumea Edith Garrud “sufrajitsua” da.

Londres, 1910eko azaroaren 18a. Parlamentuaren kanpoaldean 300 sufragista inguruk polizien harresiarekin egin zuten topo. Poliziak askoz gehiago ziren eta jende artean zeuden hainbat gizonezko zibilen laguntzarekin, emakumeei gogor eraso zieten. Bi emakume hil zituzten, beste asko zauritu eta ehundik gora atxilotu. Emakumeen botoaren aldeko mugimenduak polizia eta gobernua zituen etsai, indarkeriak gero eta protagonismo handiagoa zuen borroka hartan, eta emakumeek erantzuteko prest egon behar zuten.

Edith Garrud (1872-1971) urte batzuk lehenago hasi zen jiu-jitsu borrokarako japoniar artea praktikatzen, William senarraren eskutik, eta 1910erako jarduera hura emakumeei irakasten hasia zen. Urte hartan bertan Votes for Women aldizkarian idatzitako artikulu batean zioen handik aurrera arerio indartsua izango zutela eta jiu-jitsua oso egokia zela poliziari aurre egiteko. Garrudek berak 1,50 metro besterik ez zuen eta, garai hartan, Londresko polizia izateko gutxieneko altuera 1,78koa zen. Jiu-jitsua, hain zuzen, erasotzailearen indarra haien kontra baliatzean datza.

Prentsa fenomenoaren berri jasotzen hasi zen eta berehala “sufrajitsu” hitza erabiltzen hasi ziren beren burua defendatzeko japoniar artea erabiltzen zuten sufragistak izendatzeko.  

Emakumeen eta poliziaren arteko liskarrak areagotu ahala, atxiloketek eta kartzela zigorrek ere gora egin zuten. Sufragista espetxeratuak gose grebak egiten hasi ziren, eta gobernuak Presoen Legea –edo Katuaren eta Saguaren Legea, izen horrekin egin baitzen ezaguna– onartu zuen 1913an, martiririk nahi ez zuelako: gose greban zeuden presoak askatuko zituzten, osasuna berreskuratutakoan berriro kartzelaratzeko.

Horixe egin zuten Emmline Pankhurst mugimenduko buru nagusietakoarekin. Sufragistek ez zuten Pankhurst berriro atxilotzerik nahi eta Edith Garrudek 30 sufrajitsuz osatutako talde berezia osatu zuen buruzagia babesteko, Bodyguard (bizkartzain) izenekoa.

1914ko hasieran, Pankhurst Glasgowra joan zen 4.000 pertsonaren aurrean hitzaldi bat ematera. Poliziak bizkartzainak baino askoz gehiago ziren eta borroka hura irabazi zuten. Baina ederki kosta zitzaien 30 sufrajitsuak mendean hartzea.