Etorkizuneko pentsio sistemaz bost galdera (eta erantzun)

  • EAJk euskal Gizarte Segurantza bat edukitzeko egindako proposamenak pentsioen inguruko eztabaida ekarri du mahai gainera beste behin. Jeltzaleek onartutako dokumentuan diote bertan kudeatutako pentsio-sistema bideragarria litzatekeela, eta eredu mistoaren alde egiten dute. Betiko galderak sortu ditu gaiak, eta berriz ere agerian geratu da ororen gainetik erabaki politiko baten aurrean geundekeela.

Pentsionistak Martxan plataformaren protesta eta 1.180 euroko gutxieneko pentsioak eskatzeko sinadura bilketa Bilbon.
Pentsionistak Martxan plataformaren protesta eta 1.180 euroko gutxieneko pentsioak eskatzeko sinadura bilketa Bilbon.

Eztabaida ez da herenegungoa. Baina EAJk Iruñean bere afiliatuekin egindako batzar orokorrean euskal Gizarte Segurantza bat sortzeko egindako proposamenak erreakzio dezente izan du, seguruenik oraingoan, besteetan ez bezala, plana aurrera nola eraman azaltzeko xehetasunetan sartu direlako Sabin Etxeko buruak. Itxaso Atutxa EBBko presidenteak bota zuen irratian: “Euskadin gai ekonomikoak kudeatu ditugunean emaitza hobeak izan dira”.

PSEk bideragarritasun faltaren mamua haizatu du berehala –EAEn eta Nafarroan saldo negatiboa dugu joan den aspaldian– eta EH Bilduk elkarlanerako deia egin du. Koalizio abertzaleak, gainera, gutxieneko pentsioa 1.080 eurora igotzeko proposamena egin du Espainiako Kongresuan, pentsiodunen plataformen aldarrikapenarekin bat eginez.

Baina nolako pentsio sistema beharko genuke etorkizunean? Hori marrazten laguntzeko hona hemen oinarrizko bost galdera eta erantzun.

1) ZEIN EGOERATAN GAUDE?

Gizarte Segurantza Gernikako Estatutuan onartua dagoen arren, eskumen hori ez da inoiz transferitu. Ondorioz, Espainiako Estatuaren “kutxa bakarra” deiturikotik jasotzen dituzte jubilatuek eta beste gizarte sektoreek euren pentsioak. Azken bederatzi urteetan EAEko eta Nafarroako kotizatzaileek kutxa horretara ekartzen dutena baino gehiago hartzen dugu bertako pentsioak ordaintzeko –Hego Euskal Herrian 660.000 pentsiodun dauden orotara–.

Defizit hori erabili ohi dute eredu zentralizatuaren aldekoek argudiatzeko euskal pentsio-sistema ez litzatekeela sostengagarria izango, denera 2.000 milioi euroko desfasea bailegoke. Haatik, egoera “koiunturala” dela uste dute jeltzaleek, eta pentsioen iraunkortasunean beste faktore batzuk daudela: lan merkatu egitura, soldaten bilakaera, eta abar. Bideragarritasunaren eztabaida horretan, LABek ere sartu du eztena: kontua ez da berezko pentsio-sistema bideragarria ote litzatekeen, baizik eta bideragarri nola egin daitekeen.

Espainiako pentsio-sistema eredua agortutzat jo du bertako eragile askok. Datu deigarri bat: azkeneko lau urteetan Madrilek eskua sartu du pentsioen erreserba-funtsean eta 66.000 milioi euro aurreztuta edukitzetik 33.000 milioi izatera igaro da. Pausu honetan 2019an  eltzeitsua hutsa legoke. Defizitaren arazoa orokorra dela nabarmen uzten du horrek.

2) GERO ETA ZAHARRAGOAK BAGARA, NOLA EUTSI PENTSIOEI?

Populazioa zahartzen ari da, haur gutxiago jaio eta beranduago hiltzen gara.  ELGE, Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen arabera 64 urtetik gorako biztanleria %28 izatetik %51ra igaroko da 2050ean. EAEn kotizatzaile bakoitzeko 1,68 pentsiodun daude eta Nafarroan estaldura 1,96koa da. ELGEren errezeta kontraesankorra da: lan merkatua are gehiago malgutu eta erretiro aurreratuak ezabatzea –PPren lan eta pentsio erreformetan sakontzea, agidanez–.

Txanponaren beste aldeari ez zaio erreparatzen ordea. Gazteentzako lan eta soldata duinak izateko aukerak sustatuz gero, kotizazio-oinarrien batez bestekoan sumatuko litzateke, eta jaiotze-tasan ere izango luke eraginik. Pentsioen auzia erabat lotuta dago gazteen lan-munduratze baldintzekin.

3) ZEINEK ORDAINDU BEHAR DITU PENTSIOAK?

Gaur egun dugun sistema publikoa kontributiboa da zati handienean. Hau da, soldata gordinetik zenbateko bat bideratzen dugu pentsioen “kutxa” hori elikatzera, eta ordainetan etorkizunean kotizatuaren araberako pentsioak izango ditugu –gutxieneko eta gehienezko kopuruen barruan, noski–.

Europako hainbat herrialdetan, ordea, mekanismo misto bat dute. Hau da, pentsioen kostuaren zati bat aurrekontuen bizkar ordaintzen da; Estatuak bermatzen ditu pentsioak, ospitaleak eta eskolak irekita egotea bermatzen duen gisan.

Sistema zergen bidez finantzatzeko aukera ere hor dago. EAJk onartu berri duen dokumentuan dio pentsio ez kontributiboak eta diru-sarrerak bermatzeko errenta, zergetatik jasotakoarekin ordainduko liratekeela.

4) PRIBATIZAZIORANTZ AL GOAZ?

Jeltzaleek beste finantzabide bat ere aurreikusi dute: prestazioak osatzea EPSVekin. Aurreikuspen sozietate horiek Euskal Autonomia Erkidegoan pisu handia dute eta milaka milioi euroko aurrezkiak biltzen dituzte. Hobariak dituztenez, askotan egon izan dira ihes fiskalaren salaketen zurrunbiloan.

Publiko-pribatu aferak mesfidantza handia sortzen du, baita pentsioen gaian ere. Agian erabilera egoki batekin langileen erretiroa duintzeko balio lezakete. Esaterako, funtzionarioek badituzte euren EPSVak, Itzarri eta Elkarkidetza. Kasu zehatz honetan, negoziazio kolektiboan jasota dagoenez, administrazioak zenbateko bat jarri behar du EPSV horiek hornitzeko –ELA sindikatuak salatu  izan du Eusko Jaurlaritza ez dela ekarpen horiek egiten ari–. Nolahai ere argitu beharko litzateke pentsio-publikoak murriztea ote den aurreikuspen osagarriak sustatzearen ordaina.  

5) NOLAKOA BEHAR LUKE PENTSIO SISTEMA JUSTU ETA SOLIDARIOAK?

Hego Euskal Herriko hamar pentsiodunetik zazpik hilean 1.000 euro baino gutxiago kobratzen du gaur egun, eta horietatik erdiak 665 euroko batez besteko pentsioa du. Etorkizuneko euskal Gizarte Segurantzak pentsio duinak eskaintzeko, zenbat behar da? Zeinek zer jarri beharko luke?

Euskal Herriko Pentsiodunen plataformak garbi du 1.080 euroko langatik behera pobrezia eta bazterkeria besterik ez dagoela. Horretarako herri-ekimen legegilea aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean, eskatuz pentsio baxuenak osatu daitezela gutxieneko horretara iritsi arte. Baina ekimena atzera bota diote EAJ, PSE eta PPren kontrako botoekin. Orain sinadurak biltzen ari dira.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pentsioak
2023-11-16 | Estitxu Eizagirre
"Bertsopentsiotan", Pentsiodunen I. Bertso Jarrien Lehiaketa
Astelehenero kalera ateratzen diren aldarriak bertsotara eramateko deia

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bertso lehiaketa berezia jarri du martxan: "Bertsopentsiotan". "Ari garela, ari garela, astelehenero kalean" gaiari bertsoak jartzeko urtarrilaren 15a arte (astelehena) dute epea 60 urtetik gorako Euskal Herriko eta... [+]


2023-11-10 | Ahotsa.info
1080€ Orain herri ekimenak larunbateko manifestazioan parte hartzeko deia zabaldu du

1080€ Orain ekimenak, prentsaurreko bidez, larunbatean 17:30ean Baluarte plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu du. Eta gainera, dei berezia egin nahi izan diete nafar emakumeei, "pentsioetan ematen den genero arrakala ukaezina delako eta... [+]


Gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izateko Nafarroako aurrekontuetako dirua bideratzeko eskatu dute

Nafarroan 51.000 pertsona dira 1.080 eurotik beherako pentsioa dutenak. Horietatik %66 emakumeak dira. Nafarroako Gobernuak ardura har dezala eta gutxieneko pentsioak ziurta ditzala eskatzen ari dira. 


2023-08-22 | Ilargi Manzanares
Pentsiodunak Bilboko jaietan mobilizatu dira

Milaka pentsionista atera dira kalera astelehenean, txistulariekin eta konpartsekin batera, Bilboko Aste Nagusiaren oihartzuna aprobetxatuz. Hainbat erreibindikazio egin dituzte, hala nola 1.080 euroko gutxieneko pentsioa.


72 urterekin jubilatu? Zergatik Espainiako enpresarien lobbyaren proposamenak ez duen heldulekurik

Espainiako Enpresarien Zirkuluak dio pentsioen sistema publikoak "bost urte barru" kiebra ez jotzeko modua dela 68 eta 72 urte artera luzatzea erretiro adina. AEBetan eta beste zenbait tokitan eskuin muturrak darabilen diskurtso bera erabili du lobby honek.


Eguneraketa berriak daude