argia.eus
INPRIMATU
Soinu horma bortitza
Joxi Ubeda Goikoetxea 2016ko otsailaren 24a

Rock eta post-hardcore doinuak jotzen ditu Tooth Gernika-Lumoko taldeak, indar, bizitasun eta kemen handiz. Haien kantuak entzuterakoan Dut, Lisabö, Izaera, R, Helmet, Mogway, Melvins, Unsane eta Today is the Day bezalako taldeak atsegin dituztela suma daiteke, baina beren estiloa sortzen jakin dute. Aipagarria da taldearen jarrera oldarkorra eta intentsitatea, jotzen ari direnean sutan daudela ematen baitu, eta eraikitzen duten soinu horma bortitzak kiskali egiten gaitu.

Aieneka eta oihuka, zulo sakon eta ilun bati batera begira egon ordez irtenbide bat bilatzea aldarrikatzen dute, makurtuta bizi baino altxatzea eta zutik jarraitzea, eta inkomunikazioa, isolamendua eta bakardadea gainditu eta gertutasuna eta elkartasuna izatea.

Edorta (gitarra eta ahotsa), Mirri (baxua eta ahotsa) eta Arza (bateria) dira taldeko kideak, eta hiruen artean doinu itzela gauzatu dute, trinkoa eta potoloa, erritmo sinkopatu eta astun batzuen gainean. Grabazioa Muxik(on) estudioetan egin dute, Iñigo Etxebarrietaren gidaritzapean, eta bere lana ere azpimarragarria da, oso ekoizpen ona egin baitu. 

Taldea 2009an sortu zen. Urte horretan maketa bat kaleratu zuten, eta lehen diskoa 2012an. Bere ibilbidea egiten ari da, diskoz disko eta emanaldiz emanaldi, urrats sendoak ematen aurrera begira, zerbait desberdina egiten, xehetasun eta ukitu berriak, eta bere doinua fintzen eta biribiltzen.

Haien jendaurreko emanaldiak ikusteko eta bizitzeko modukoak dira. Hurrengoak izango dira martxoaren 11n Barakaldoko El Tubo aretoan, martxoaren 18an Oñatiko gaztetxean eta martxoaren 25ean Bilboko Kafe Antzokian, eta aurrerago saio gehiago ere egingo dituzte, han eta hemen, haien jendaurrean jotzeko gogoak eta grinak eskatzen baitie.