argia.eus
INPRIMATU
Gero eta gazteagoak gara
Edu Zelaieta Anta 2016ko otsailaren 24a

Badago kategoria sozial bat aspaldion indar betean diharduena, inoren muzinik jasotzen ez duena: gaztearena. Izan ere, denok gara gazteak, eta gaztea ez denak ere gazte nahi du izan. Gaztetasunaren aldarri totalean bizi gara, kontsumo-jendarteak gaztetasunari ustez dagozkion balioak marketinaren laguntzaz ederki hauspoturik. Inor iraindu nahi izanez gero, lasai iradoki haren adinarekin gazte izatea gauza nekeza dela.

Denok gazteak garenez gero, ezin kabitu larria adierazten hasiak dira “gazte” kategoriaren ahaide hurbilak diren zenbait hitz, eta gero eta jende gehiago sartzen dugu –gara– zaku sozial eta semantiko berean. Esandakoaren adibidea izan daiteke “emakume/andre” eta “gizon” hitzak gero eta gutxiagotan erabiltzen ditugula “neska” eta “mutil” erakargarriagoen mesedetan. Hain da handia indarraldi hau, ezen haurrek ere “neska-mutil” esaten baitiete haien (lagunen) gurasoei; ikasgelako kideei bezalaxe, alegia.

Berezko errealitate anitza homogeneizatzeko arriskua dakar pertsona guztiak gaztetzeko txirrintak: neska-mutilez bete zaizkigu ikastetxeetako patioak, hiriko dendak, kultur ikastaroak eta, harrapazank, bulego-lantegiak.