argia.eus
INPRIMATU
Erradioaktibitatez "senda" zaitez
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2016ko otsailaren 25
Radithor sendagai erradioaktiboaren flaskoa.
Radithor sendagai erradioaktiboaren flaskoa.Theodor W. Gray

New Jersey (AEB), 1918. Radio Bailey Inc. laborategiek Radithor izeneko produktua merkaturatu zuten, “hildako bizidunentzat osabidea” lelo ezin egokiagoarekin. Radithorrek ur destilatua eta radio-226 eta 228 elementuak zituen, biak oso erradioaktiboak. Produktuak bertute ikusgarriak zituen: dena sendatu eta betiko poza ematen omen zuen. Erosleak konbentzitzeko, erradioaktibitatea “ziurtatuta” zegoela nabarmen adierazi zuten flaskoan bertan.

1930ean Tho-Radia aurpegiko krema saltzen hasi ziren Frantzian; 100 gramoko, 0,5 gramo torio kloruro eta 0,25 gramo radio bromuro zituen. Alemanian, aldiz, Doramad azaldu zen merkatuan, erradioaktibitateari esker hortz-haginak eta oiak indartzen zituen hortzetako pasta. Erradioaktibitate dosiak txikiak ziren eta, ondorioz, produktua ez zen berez hilgarria; erabiltzaileei hortzen bat geratu ote zitzaien ez dakigu.

Alemanian bertan, 1931n, Burk & Braun enpresak Radium Shokolade merkaturatu zuen, adin guztietako gozozaleentzako txokolate erradioaktiboa.

Eta produktu sorta osatzeko, Vita Radium supositorioak atera zituen Coloradoko Home Products Companyk. Primerakoa omen zen sexu-grina berreskuratzeko, gorputzeko sistema guztiei mesede egiten zien eta, hori gutxi balitz, hemorroideen aurka oso eraginkorra zen. Parean topatzen zuen guztia garbi zezakeen, literalki, kontsumitzailea barne.

Produktu erradioaktiboak merkatutik kentzeko prozesua ez zen berehalakoa izan; Radiumscope haurrentzako jokoa 1942. urtea arte egon zen saltokietan. Baina 1932an produktuon gainbehera hasi zen, Radithorren kontsumitzaile sutsu eta ezagunena hil zenean.

Eben Byers (1880–1932) kirolari eta industrialari ezaguna 1927an hasi zen Radithor hartzen, osasunari mesede nabarmena egiten ziola sinetsita. 1930ean “sendagaia” hartzeari utzi zionerako, 1.400 botilatik gora zeuzkan edanak. Gorputza abzesuz josita zeukan, garezurra zulatzen ari zitzaion eta masailezurraren arrastorik ez zitzaion geratzen. 1932ko martxoaren 31n, komunikabideek “erradiazioak pozoituta” hil zela jaso arren, radioak eragindako askotariko minbiziek eragin zuten Byersen heriotza.

Material erradioaktiboen arriskuez jabetzen eta neurriak hartzen hasteko balio izan zuen horrek. Byers, badaezpada, berunez estalitako hilkutxa batean ehortzi zuten.