Cordovillako Brigadaren tiro hotsa

“Euskara eskoletara eramateko lasterketa neurrigabea da hau”, zioen Enrique Maya UPNko Iruñeko alkate ohiak haur eskolen afera dela eta. AFAPNA sindikatu nabarristak helegitea jarri dio Iruñeko Udalak hartutako erabakiari –euskarazko bi haur eskola gehiago jartzea, lehen 17tik bi, orain lau–, Udalak halakoetarako eskumenik ez duela argudiatuta.

Plangintza berriak bi eskoletako haur, guraso eta langileei eragiten die eta hauek Iruñeko Udalaren aurrean egin dute protesta, honen “inposizioa” salatzeko. Iruñeko alkatetza sostengatzen duten indarrak ados daude: EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi eta Ezkerra. Baina oraingoan ere ez da ika-mikarik falta izan, Iruñeko Ahal Duguk –Aranzadiko partaide da hau– kritika zorrotza egin zion Udalaren erabakiari. Egun batzuetara, ordea, Nafarroako Ahal Duguk zuzenketa egin zuen Euskalerria Irratian Ainhoa Aznarez Legebiltzarreko lehendakariaren ahotik: euskarazko bi eskola gehiagorekin ados daude, prozedura da kritikatzen

dutena, gaia plaza publikora langileengana baino azkarrago iritsi delako (haur eskoletako arduradun batek Udalaren asmoak filtratu zizkion prentsari).

"Izan euskaldun nahi baduzu, baina ez zipriztindu nire pribilegioak, nire diruak, nire eskubideak, nire erosotasuna..."

Hezkuntza Saileko Lan Eskaintza Publikoren (LEP) frontea ere oraindik ez da guztiz itxi, Foru Gobernuak bere erabakietan asmatu gabe jarraitzen du eta. Zerrenda bakarra ez zuen onartu Hezkuntza Sailak, irakasle euskaldunen aurkako diskriminazioak aurrera segitzea ahalbidetuz. Hori konpentsatzeko, LEParen azterketa egun desberdinetan egitea erabaki du (orain arte egun eta ordu berean zen), euskaldunak gaztelaniakora ere aurkezteko aukera izan dezan. Total, euren pribilegioei eusteko protesta egin duten bi zerrenden aldekoek barrunba eragin dutela berriz, eta oraingoan arrazoiz gainera, euskaldunek haiek baino aukera bat gehiago izango baitute azterketa gainditzeko.

Bitartean beste fronte bat agertu da. Iruñerriko Sarriguren herriko eskola publikoa bilakatu da jo puntua. D eredua eta A-G ereduak banatzeko eskaria egin du D ereduko hezkuntza kumunitateak eta Hezkuntza Sailak erabaki behar du orain. Cordovillako Brigadak berriz tiro, oraingoan ere Ezkerraren laguntzarekin: euskaldunek hizkuntza segregazioa egin nahi dute. Noainen ere berdintsu gertatzen ari da.

D ereduko komunitatearen argudioa hizkuntza murgiltzea areagotzea da, egoera minorizatuan bizi den euskaldunak samur ulertuko duen arrazoia. Euskaraz ondo ikasi eta euskaraz bizitzeaz arduratua ez dagoenarentzat, bazterkeria da, bizikidetzaren aurkako neurria. Eta artilleria gori-gori jarri dute berriz ere. LEParen aferan errentagarria izan zaie eta ez dute aukera galdu nahi. Euskaldunak ahulak dira eta hori baliatu behar da. Ez zaie arrazoirik falta.

Eztabaidaren zurrunbiloan lehenengoz murgiltzen denarentzat irudi luke Nafarroan hizkuntza dela eta bereizi den lehen zentroa dela, baina 1995etik hasi eta gaurdaino zentro ugari irizpide horretan oinarrituta banatu dira: Biurdana, Eunate, Iturrama, Mendillorri, Atarrabia... Hasieran UPN beldur izan zen D ereduaren kutsatze arriskuaz eta berak bultzatu zituen banaketak. Geroago D ereduko komunitateen eskariz egin da, ikusten delako nahasian gaztelaniak euskara maila guztietan irensten duela. Euskaraz ere bizi nahi duenak primeran ulertzen du gertatzen dena: ulergarritasunaren izenean dena da gaztelaniaz irakasleen klaustroan, eskola kontseiluan, guraso elkartean, eskolaz kanpoko jardueretan…

Gorrototik ari direnen tiroak ondo identifikatzen dira, boteretsuak dira eta zauri sakonak eragin ditzakete. Indiferentziaren lubakikoak ez dira hain agerikoak, baina luzerara seguruenik haiek kaltegarrienak. Eta zaletasunetik ere egiten da tiro, batzuetan ohartu gabe; min gutxiago egiten dute, baina hauek ere berdin dira hilgarri.

Indiferenteen esparrua ukitu du euskaldunaren urrats txikiak Nafarroan eta erantzuna tinkoa da: “Izan euskaldun nahi baduzu, baina ez zipriztindu nire pribilegioak, nire diruak, nire eskubideak, nire erosotasuna...”. Zaratarik ez zaio komeni euskarari. Izquierda-Ezkerrako lerroetan, esaterako, maiz entzuten da halakorik. Hau da, urte luzez gurasoek euskarazko haur eskolak izateko egin mobilizazioek ez dutela zerikusirik orain Udalak euskarazko bi haur eskola irekitzearekin. Hau da, honaino iritsita, zerrenda bakarrarena ahaztu behar dela orain?

Min bai, baina poza ere ematen du Cordovillako Brigadaren tiro hotsa entzuteak. Bizi-bizi gauden seinale.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara Nafarroan
Administrazioan Euskaraz taldeak salatu du Iruñeko eta Antsoaingo udalek euskara baztertu dutela zenbait lan deialditan

Iruñeko zein Antsoaingo udaletan EH Bildu dago. Herritar batek errekurtso bat jarri du Antsoaingo Udalean, eta ez dutenez errekurtsoa onartu, Nafarroako Administrazio Auzitegira jo du.

 


Apirilaren 24an izanen da Iruñerriko III. Mintzodromoa

Iruñerriko AEK, Iruñerriko IKA, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofiziala, Zubiarte euskaltegi Publikoa eta Iruñerriko Mintzakide egitasmoa berriz ere elkartu dira Iruñerrigo hirugarren Mintzodromoa antolatzeko. Geltokin izanen da hitzordua... [+]


2024-03-18 | Leire Artola Arin
ANALISIA
Nork egingo du euskara ofizial?

Korrikak lehen asteburua Nafarroan egin du, eta argi ikusi dugu ez dagoela Nafarroa bat, ez eta hiru ere, baizik eta hainbat. Herriz herri egoera soziolinguistikoa eta euskaltzaletasuna erabat aldatzen dira, eta Korrika ere izan da horren lekuko.


Korrika larunbatean abiatu da Nafarroako Lokizaldean

Lokizaldeako Euskararen Egunaren barnean Korrika Txikiak zeharkatu ditu Iturriagako inguruneak. Urteak direla hasi ziren eguna ospatzen, eremu ez-euskaldunean kokatuta zegoen eskualdean Korrikaren kilometroak erosteko. Giro ederrean gozatu dute egun osoko egitaraua.


Eguneraketa berriak daude