Errausketa Onkologikoaren sudurretan

  • Gipuzkoar gehienek ez dakiten arren, dagoenekoz hondakinak erretzen ari da zementu fabrika bat Donostiako Añorgan, udaletxetik bezala Zubietako erraustegiaren 0 eremutik 4,5 kilometrora. Kilometro eta erdira dauzka: Poliklinika, Onkologikoa, Donostialdeko hiru ospitaleak, EITBren egoitza eta Batzar Nagusiak. Hernaniko eta Lasarteko udalak 2,6 kilometrora.

Cementos Rezolak Donostiako Añorgan daukan fabrikaren labe eta tximiniak ageri dira Miramon parke teknologiko ondotik hartutako argazkian.
Cementos Rezolak Donostiako Añorgan daukan fabrikaren labe eta tximiniak ageri dira Miramon parke teknologiko ondotik hartutako argazkian.(Arg:Dani Blanco)

2015eko urtarrilaren 19an donostiarrak beren danborrak prestatzen ari ziren ordu berean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen zuzendari Alejandra Iturriozek hondakinak erretzeko 2008tik daukan baimena zabaldu eta lasaitu zion Sociedad Financiera y Minera S.A.ren (gaur Italocementi multinazionala) Rezola porlan fabrikari.

Eusko Jaurlaritzak hondakinen errausketak eragindako dioxina, furano, metal astun, HF eta beste kutsagarrien kontrolak arindu dizkio Rezolari 2015eko urtarrilean

Urtean 635.000 tona porlan ekoizteko gai den Añorgako produkzio katean hiru gunetan erre ditzakete hondakinak. Hasteko, porlana egiteko lehengai gisa erretzen dira, harri, kare eta abarren ordez. Rezolak labean bota ditzake, beste fabriketatik ekarrita: egur edo biomasaren errautsak, siderurgiako eskoriak, gasak filtratzeko erabilitako lohiak, araztegietako lohiak erretzetik sortutako errautsak eta abar. Hondakin kopuru handienak balorizazio materiala deitzen den atal honetan erre ditzake eta kiskali ondoren porlanarekin nahastuta ateratzen dira fabrikatik.

Bigarrenik, porlana ekoizteko erregai gisa erabili ditzakete “ez arriskutsutzat” katalogatutako hondakinak: haragi irinak, egur, zerrauts, txirbil eta antzekoak, pneumatiko zaharrak, auto zaharren osagai ez metalikoak, araztegietako lohi idortuak, bestelako plastiko eta kautxuak, bestelako hautsak, gaika edukiontzi horian bildutako ontzi arinen soberakinak… Horietatik Rezolak 39.900 tona erre ditzake urtean.

Baina, gainera, Rezolak erregai modura erabili ditzake hondakin arriskutsuak ere, baimenak espresuki aipaturik: “Residuos peligrosos admitidos como combustibles alternatibos”, beren osagaietan substantzia arriskutsuak daramatzatenak. Baimenak zehazten duenez, CDR (Hondakinetatik Eratorritako Erregaiak, gaztelaniazko siglatan) horietan nahastuta joango dira lohiak, pinturak, bernizak, disolbagarriak, tintak, argizari industrialak, koipe eta olioak, eta abar.

2015eko urtarrileko aldaketarekin, hondakinen zerrenda luzatzearekin batera, bigarren aldaketa bat onartu dio  Jaurlaritzak Rezolari: aurreko baimenean eskatzen baldin bazitzaion erregai klasikoen artean (petrolio-kokea eta abar) zaborrak ere sartzekotan horiek eduki behar zutela gutxienez kiloko 2.000 kilokaloria sortzeko ahalmena, orain aski dute 1.500 kilokaloria sortzen dutela argudiatzea labean kiskaltzeko.

Kutsaduraren kontrolak arindu

Hirugarren aldaketa handia, hondakinen errausketak eragindako kutsaduraren kontrolak arindu zaizkiola enpresari. Munduko Osasun Erakundeak oso arriskutsutzat jotako gai kutsakorrez ari gara, dioxina, furano, metal astun, azido fluorhidriko (HF) eta abarrez.

Aldaketok onartu dizkio Jaurlaritzak: azido fluorhidrikoa ez du uneoro jarraian neurtu behar 2008ko baimenean agindu bezala, urtean bitan egitea aski du; dioxinak eta furanoak urtean lautan neurtzea agindu bazioten 2008an, orain aski du urtean bitan neurtuta; metal astunen kontrola urtean lautan egiteko ordez orain urtean behin eginda aski du. Horiek Rezolako tximinian. Bestalde, enpresak fabrika aurrean kutsadura neurtzeko daukan etxolan partikulak eta SO2 lehen bezala uneoro neurtu behar ditu, baina dioxina eta metal astunen neurketa arindu dio urtean behin izatetik hiru urtean behin egitera.

Baimenak badu beste xehetasun deigarri bat gehiago. Nitrogeno oxidoei buruz, tximiniatik ateratako metro kubo bakoitzeko 800

Añorgako Rezolak milaka tona hondakin industrial erretzeko baimena dauka: pneumatikoak, autoen pieza ez metalikoak, araztegiko lohiak ... eta baita hondakin arriskutsuak daramatzaten CDRak ere

miligramo NOx isurtzea baimentzen dio Jaurlaritzak Rezolari 2015eko urtarrilean. Baina 2013az geroztik Espainiako Gobernuak erabakita dauka –Europako legediari egokitzeko– muga metro kuboko 500 miligramotan ezartzea 2016ko urtarriletik aurrera.

Kontrol eta neurketa guztiak ez ditu Eusko Jaurlaritzak egiten, enpresak berak hautatzen du zein aholkularitza-enpresa kualifikatuk kontrolatuko dizkion kutsadurak, gero administrazioari jakinarazteko.

2015ean Eusko Jaularitzak emandako baimen berritua, 51 orriko dokumentua, Donostiako herritarrek ez dute ezagutzen, publiko egin ez delako: internetez ezingo dute aurkitu. ARGIAk eskuratu du kopia bat eta interneten eskegi. Zergatik ez ote da publikoa, galdetu dugu Jaurlaritzan. Erantzuna: “Legeak baimen bateratuak argitaratzeko beharra ezartzen du, baina haren aldaketak notifikatu egin behar dira”.

Eusko Jaurlaritzak  Rezolari hondakinak erretzeko baimena 2008an eman zion, justu Gipuzkoako Foru Aldundiak erabaki zuenean hiri hondakinentzako erraustegi bakarra eraikitzea abandonaturik Txingudin bigarrena egiteko asmoa. Enpresaren eskaritik Jaurlaritzaren ebazpenera arteko prozesua zalaparta handirik gabe pasatu zen Añorgako labearen kasuan.

Donostiako Udalak (PSE, Odon Elorza) ez zuen alegaziorik egin 30 eguneko legezko epean.  Objekzioak aurkeztu zituzten bakarrak – baimenean bildu zenez– izan ziren Julia San Jose medikua Errausketaren kontrako Koordinadorako ekintzaile ezaguna, Ekologistak Martxan eta Añorga Txikiko auzo elkartea. Baimena, azkenean, Ibon Galarraga Gallastegi sailburuordeak sinatu zuen 2008ko maiatzaren 8an. Esther Larrañaga zuen Ingurumen sailburu.


ASTEKARIA
2016ko otsailaren 28a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondakinen kudeaketa
Espainiako Estatuan inoiz baino ur gehiago botilaratu da, eta behera egin du Hego Euskal Herrian

2022an errekor historikoa hautsi zen Espainiako Estatuan, ia 8.700 milioi litro ontziratu baitziren, Geologia eta Meatzaritza Institutuaren estatistikaren arabera. Aurreko urtean baino 580 milioi gehiago dira horiek, eta 2019an ezarritako mugarria baino % 4,8 gehiago.


Plastiko-fabrikatzaileek iruzur egin dutela erakusten du txosten batek

Sektoreko enpresek hamarkadak daramatzate praktika sustatzen, nahiz eta ebidentziak izan ez dela bideragarria, Center for Climate Integrity-ren ikerketa baten arabera.


Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gogoratu dute laugarren urteurrenean

Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia egin du igandean. Ez dago berririk “euskal oasian”, adierazi dute, “Eusko Jaurlaritzak dena ondo egin zuela errepikatu zuen”.


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


Aierdik dio Artaxoan ez zela jaso behar Gipuzkoatik zetorren inongo hondakin likidorik

Artaxoako konpostatze plantara Gipuzkoatik Nafarroara bidalitako lixibiatuek Nafarroako Gobernuko eta Gipuzkoako Diputazioaren arteko hika-mika piztu dute. Ostegun honetan Jose María Aierdi kontseilari nafarrak gaitzetsi egin ditu atzo José Ignacio Asensio diputatu... [+]


Eguneraketa berriak daude