Ez da txanponaren azken aldea

Orrialde batzuk lehenago irakurri duzu “Txanponaren beste aldeak” saileko azken artikulua. Ez esan saltatu egin duzunik, irakurle, leituko zenuen, ezta?

Marka da gero, nik neure buruari agur esatea. Lander Arretxeak eta biok alternatiba sozioekonomikoen inguruan hogei eredurekin osatu dugun atala bukatu da. Baina tira, dramatikoegi jarri aurretik, agurra baino gehiago fase aldaketa deituko diogu.

Heldu genion gaiari 2014an “Prekarietatearen aurpegiak” sailarekin lehendabizi. Bizipen pertsonal eta zehatzetatik errealitate prekarioak ukitzen dituen ertzak ikusaraztea izan genuen helburu. “Txanponaren beste aldeak” sailak hartu zion testigua 2015ean, eta honekin ekonomia eredu tradizionalei izkin egin nahian eta modu demokratikoago, justuago, parekideago eta jasangarriagoetan funtzionatzen duten enpresa, elkarte eta programak plazaratu ditugu.

Eta bagoaz aurrera. “Txanponaren beste aldeak” atala urtebeteko ibilbidearen ostean amaitutzat ematen dugu, baina ez da txanponaren azken aldea, asko dago oraindik egin eta argitaratzeko, eta gaia ARGIAn geratzeko dator. Maiztasun eta sail ez hain definituan, baina modu sakonagoan prekarietateak, sozioekonomiak eta alternatibek beren baitan biltzen dituzten gaiak lantzen jarraitzeko asmoa daukagu. Erreportaje edo elkarrizketa moduan, eredu zehatzak batzuetan eta gogoeta zabalagoak besteetan paperera ekarriz.

Etxeko sofako erosotasunetik ezer gutxi aldatuko dugu, baina krisiak eta ezegonkortzeak ezer onik badu mugimendua da. Geurea geuk egiteko garaia da, behetik eta txikitik; eta ARGIAk mugimendu horiei ahotsa ematen jarraitu nahi du. Sinetsita baikaude eraldaketa norberak beretik emandako urrats txikietatik etorriko dela.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude