Lurdes Imaz: “Catering enpresak gurasoen kuotatik aberasten aritu dira”

  • Eskola-jantokietako catering enpresen ustelkeria kasuaz mintzatu da Lurdes Imaz Euskal Herriko Gurasoen Elkarteko (EHIGE) bozeramailea. "Oso gai larria” dela azpimarratu du Imazek.

Bi dira EAEko ikastetxe publikoen artean bertako sukaldeari eusten dioten bakarrak: Larrabetzukoa eta Erandioko Altzaga ikastetxea (irudian).
Bi dira EAEko ikastetxe publikoen artean bertako sukaldeari eusten dioten bakarrak: Larrabetzukoa eta Erandioko Altzaga ikastetxea (irudian).

EAEko ikastetxe publikoetan jana banatzen duten zortzi catering enpresari guztira 18,4 milioi euroko isuna jarri diete, Lehiaren Euskal Agintaritzak frogatutzat jo baitu merkatua banatu zutela eta hamar ikasturtetan (2003-2011 eta 2013-2015 bitartean) jokabide irregularra izan zutela. Honako enpresei jarri diete isuna: Eurest (6.640.713 euroko isuna), Auzo Lagun Kooperatiba (6.108.446 euro), Gastronómica Cantábrica (1.626.662), Baska (1.546.226), Tamar Las Arenas (1.108.347), Magui (775.827), Goñi (522.879) eta Eurest Euskadi (135.497).

Eider Olazar kazetariak Lurdes Imaz elkarrizketatu du Info7-n, eta bere hitzetan, "honek erakusten du azken hamar urteotan familiok zegokiguna baino gehiago ordaintzen aritu garela; gurasoek ordaindu beharreko kuota igotzen joan dira eta kuota horretatik aberasten aritu dira. Berrikusi egin beharko da hori guztia”. Halaber, isuneko dirua eskola publikoko jantokietan inbertitzea espero du EHIGEk.

Eusko Jaurlaritzaren erantzukizuna

Bat kenduta, jantokietako janariaren ardura enpresa berdinen esku jarraitzen duelako kezkatuta ere agertu da bozeramailea, “isuna jaso duten enpresak direlako gure seme-alaben jantokiak kudeatzen ari direnak”. Eta afera honetan guztian Eusko Jaurlaritzaren erantzukizuna handia dela nabarmendu du, hark eskaintzen duelako zerbitzua, erabakitzen duelako zeini esleitu, eta azken buruan hari dagokiolako jarduna modu egokian egiten dela bermatzea, “diru publikoaren kontrola eramanez, xahutu beharrean”.

Bestelako kudeaketaren alde

EHIGEren aspaldiko eskaera da, Jaurlaritzak araudia alda dezala, jantokietan bestelako kudeaketa ahalbidetzeko. Imazen esanetan, ikastetxeek edota guraso elkarteek hala nahi dutenean, jantokia eurek kudeatzeko aukera eman beharko lieke Jaurlaritzak, gainerako ikastetxeek dituzten baldintza eta babes berarekin –catering enpresekin ari ez diren ikastetxeek ez baitute diru-laguntzarik jasotzen, praktikan eskola publikoak catering sistemara kasik derrigortuz–. Egungo kudeaketa mota oso zurruna dela kritikatu du, hala nola ez duelako aukerarik ematen bertako produktu eta ekoizleekin jokatzeko eta ondorioz, bertako ekonomia bultzatzeko.

Kudeaketa berri bat eskatzeko agerraldia egin du EHIGEk: Aldaketak eskatzen ditugu eskola-jantokien kudeaketan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eskola jantokiak
Bultzatu den elikadura politikaren ondorioak:
Nekazariak kaleetan eta gurasoak haurrekin plazetan protestan

Nekazariak protestan ari dira, baina eredu agroindustrialak hartu du lidergoa. "Itun Berdea" ere, Europar Batasunaren hurrengo hamarkadako estrategia nagusia zena, pikutara bota dezakete, begirik kliskatu gabe. Bitartean, euskal eskoletan zorriak eta harrak... [+]


Ikastetxeetan jantoki-zerbitzua ematen zuen Serunion enpresari kontratua eten dio Jaurlaritzak

Ikasturtean zehar enpresaren jantoki-zerbitzuak hainbat ikastetxeetan sortutako “arazoengatik” eten dute kontratua.


Ikastetxeentzako bestelako jantoki eredu baten inguruko azterketa egingo du Hernaniko Udalak

Herriko ikastetxe eta ikasle guztientzako bestelako jantoki eredu bat bideragarria ote litzatekeen aztertzea izango du helburu lanketak. Hernaniko ikastetxe bakoitzeko gurasoen ordezkariarekin elkarlanean egingo dute.


Gasteizko Salburuako ikastetxeek sukalde propioa nahi dute, baina Jaurlaritzak ez die bide ematen

Arantzabela, Errekabarri eta Salburua ikastetxeek sukalde propioa nahi dute, auzoko eskoletako jangelak hornitzeko, baina hilabeteak joan hilabeteak etorri, administrazioaren erantzunik gabe jarraitzen dutela salatu dute: "Arduragabekeria eta utzikeria zantzuak sumatzen... [+]


2023-11-23 | ARGIA
Hernaniko ikastetxeetako jangeletan oihalezko ahozapiak erabiltzen hasi dira paperezkoen ordez

Hernaniko ikastetxe guztietako Haur Hezkuntza zikloan eta ikastetxe bateko Lehen Hezkuntza zikloan jangelan oihalezko ahozapiak erabiltzen hasi dira, paperezkoen ordez. Udalak izan du ekimena eta berak erosi ditu 213 ikaslerentzako kotoizko zapiak herriko oihal denda batean... [+]


Eguneraketa berriak daude