argia.eus
INPRIMATU
Grabitazio-uhinak: aro berria hasi da astronomian
Unai Brea @unaibrea2 2016ko otsailaren 17a

Albert Einsteinek erlatibitate orokorraren teoria argitaratu eta mende batera, teoria horrek aurreikusitako grabitazio-uhinak zuzenean detektatu dituzte –1974an atzeman zituzten lehen aldiz, zeharka– LIGO behatokiko zientzialariek.

Zer dira?

Einsteinek esan zuen gorputzek beren inguruko espazio-denbora deformatzen dutela, eta mugitzen diren gorputzek, gainera, uhinak eratzen dituztela. Hori da behatu dena. LIGOk atzeman duen uhina, zehazki, bi zulo beltzen arteko talkak eragindakoa da.
 

Zulo beltzak: egon badaude

Neurtutako seinaleari esker, zulo beltzak existitzen direla ziurtzat jo daiteke azkenik. Orain arte, haien existentziaren froga bakarra beste objektu astronomiko batzuetan duten eragina zen, baina ez zen erabatekoa.  
 

Ohikoa da detektatu den gertakaria?

Aro berria hasi dela adierazi dute zientzialariek. Grabitazio-uhinek ezkutuan zeuden unibertsoko zenbait gertakari ezagutzeko aukera emango dute. Baina ez dakigu neurtu dena bezalako fenomenoak ohikoak diren edo ez.