Bizkaiko errepide sareko ajeen azken sintoma

  • AP-8 autobideko urte hasierako tarifa igoerak erantzun sendoa eragin du Bizkaian. Durangaldeko herritar talde batek ordainsariak kentzearen aldeko plataforma sortu eta sinadura bilketa abiatu du change.org webgunearen bitartez; 12.000 baino gehiago bildu dituzte dagoeneko. Aldarrikapen horren ildotik, Bizkaiko errepide sarearen kudeaketari buruzko eztabaida piztu da. Besteak beste, AP-8ak ematen dituen irabaziak gestio desegokiaren ondorioz sortutako “zuloa” estaltzeko baliatzea leporatu dio EH Bilduk Aldundiari.

Argazkia: Lehior Elorriaga

Iazko abenduan, Bizkaiko Aldundiak AP-8 autobideko bizkaitar tartean ordainsariak handitzea erabaki zuen; batez beste, %2,5. Neurriak sutan jarri zituen Durangaldeko herritar asko, baita berehalako erreakzioa eragin ere. Egun gutxian, igoeraren aurkako protesta moduan hasi zena Bizkaian AP-8ko bidesari guztiak ezabatzea eskatzen duen aldarri bihurtu zen. Doakotasunaren aldeko plataforma sortu eta milaka sinadura batu dituzte dagoeneko; 12.000 baino gehixeago, hau idazteko unean.

“Autobideak Bizkaian dituen ordainleku bakarrak Durangaldekoak dira”, dio Juan Carlos Poderosok, A-8 Peajerik Ez plataformako kideak; “Durangaldeko eta Lea-Artibaiko herritarrak diskriminatuta daude gainerako bizkaitarren aldean”. Poderosoren esanetan, ordainsarien gaiak sentiberatasun handia eragiten du Bizkaiko ekialdeko eskualdeetan. “AP-8a da herrialdean ondoen dabilen negozioetakoa, iaz 30 milioi euro baino gehiago irabazi zituzten”.

1.152 milioiko irabaziak 2035 bitartean

Zehazki, eta Bizkaiko Foru Aldundiak emandako datuei erreparatuta, 2015ean 33 milioi eurokoa izan zen ohiko jardueragatik lortutako sarreren eta gastu arrunten arteko aldea. Baina horri ezohiko inbertsioak gehitu behar zaizkio. Horiek kontuan izanda, AP-8aren kudeaketak emaitza negatiboa ekarri zion Aldundiari 2014an eta 2015ean (21 eta 18 milioi euro, hurrenez hurren), eta 2016an ere balantza kontrakoa izatea espero da (ia 12 milioi). Hala ere, hiru urteotako emaitzak salbuespena dira: 2002tik 2013ra 74 milioiko irabaziak izan ziren orotara, inbertsioak ere kontuan izanda, eta Aldundiak aurreikusi du 2002-2035 tartean, guztira, 1.152 milioiko etekina emango diola AP-8ak.

Gaia aztertu bai, doakotasunik ez

Herritarren haserreak eratutako olatua arin iritsi da erakunde publikoetara, nahiz eta alderdi batek ere ez duen guztiz bat egin Durangaldean sortutako plataformaren eskariarekin, hau da, ordainsariak erabat ezabatzearekin. Momentuz, A-8 Peajerik Ez plataformak lortu du gaiari buruzko mozioa eztabaidatzea pare bat udaletan. Eskualdeko handienean, Durangon, gobernuan dagoen EAJk aurkeztutako mozio alternatiboa gailendu zen azkenik. Horren arabera, bailarako biztanleei autobideko ordainsarien zama arintzeko eskatuko dio Udalak Aldundiari, gehiago zehaztu barik. Durangoko alkate Aitziber Irigorasek eskualdeko alkate gehienen babesarekin emandako prentsaurrekoan azaldu zuen bere alderdiaren jarrera.

 Batzar Nagusietan EH Bilduk egin du lehen urratsa. Koalizioak eskatu du eztabaida sakona egin dadila ez bakarrik bidesariei buruz, baizik eta errepide bidezko mugikortasunari buruz. “Egoeraren argazkia nahi dugu, eta hori ezagututakoan erabakiko dugu zer proposamen zehatz egin”, azaldu du Zigor Isuskiza batzarkideak, “baina horretarako datu guztiak behar ditugu, eta horiek Aldundiak baino ez ditu”.

Edozelan, EH Bilduk garbi ditu defendatu beharreko oinarrizko irizpideak: kalitatezko garraio publikoa sustatzea, “mugikortasuna ibilgailu pribatuetan oinarritu ez dadin”, eta kutsatzen duenak ordaindu egin behar duela dioen printzipioa errespetatzea. Horregatik talde abertzaleak ez du babestu A-8 Peajerik Ez plataformaren aldarrikapena, baina bat datoz haiekin gauza batean: “Desoreka eta diskriminazioa nabarmenak dira Bizkaian”.

“Ereduari buruzko sakoneko eztabaida” ematen den bitartean EH Bilduk behin-behineko neurria proposatu du, Gipuzkoako AP-8aren erabiltzaileek ondo ezagun dutena: gidariek 28 euro ordain ditzatela gehienez hilero.

Aldundiaren erantzuna

Urtarrilaren 27an Gernikako Batzarretxean egindako BBNNen osoko bilkuran, Imanol Pradales Ekonomia eta Lurralde Garapen diputatuak esan zuen Aldundia irailetik ari dela aztertzen tarifa eredu integral bat ordainpeko bideetarako. “Eredu berri horrek errepideok erabiltzen dituzten bizkaitarren kostu ekonomikoak txikituko ditu”, zioen Ekonomia eta Garapen Sailak kaleratutako prentsa oharrak. Xehetasun gehiagoren bila jo dugu Aldundira, baina erantzun digute oraingoz ez diotela ezer erantsiko Pradalesek esandakoari.

Zigor Isuskiza, EH Bildu: "Mugikortasun eredu berriaz eztabaidatu behar da Bizkaian, kalitatezko garraio publikoa sustatzeko eta kutsatzen duenari ordainarazteko printzipioen arabera"

Diputatuaren adierazpenak ez ditu ase arazoarentzako irtenbide eske joan zaizkionak. Bai A-8 Peajerik Ez plataformak bai EH Bilduk uste dute denbora irabaztearren emandako erantzuna izan dela, Durangaldean sortutako herritarren erreakzioari nolabait aurre egin beharrak eragindakoa. Zigor Isuskizaren ustez, ez du sinesgarritasun handirik Aldundiak “bizkaitarrentzat kostu ekonomikoa txikitzeko” asmoa duela esateak, tarifak %2,5 handitu eta hiru astera. Era berean, EH Bildukoak susmagarritzat jo du irailean hasitako azterketaren berri eman ez izana tarifa igoeraren aurkako 12.000 sinadura bildu diren arte.  

Bateko irabaziak, besteko galerak

Arestian esan dugunez, AP-8aren ustiapenari esker 1.152 milioi euroko irabaziak espero ditu Bizkaiko Foru Aldundiak 2035 bitartean. Baina autobide hori ez da ordainpeko errepide bakarra herrialdean. Tarifa igoera justifikatzeko Interbiak sozietate publikoak egin duen azterketan kontuan hartzen dira, halaber, Metropoliko Hegoaldeko Saihesbidea –Supersur delakoa– eta Bilboko sarbideetako batean dauden Artxandako tunelak.

Supersurri dagokionez, Aldundiak 2035. urtera arte aurreikusi duen emaitza zeharo txarra da: 1.056 milioi euroko galera. Hotzikara eragiteko modukoa… AP-8ko irabaziak egongo ez balira gaitza arintzeko.  “Argi dago Supersurreko zuloa estali nahi dutela AP-8arekin”, iritzi dio Zigor Isuskizak, “arazoetako bat da AP-8ko sarrerak kalkulatzeko trafikoaren bilakaeraren aurreikuspen puztu batean oinarritu direla:  %4 urtero. Hori ez da erreala”. Interbiak-en txostenean, aurreikuspen hori sustengatzeko aipatzen da 2014 eta 2015eko igoerak %3 eta %5ekoak izan direla hurrenez hurren. Alta, Isuskizaren ustez ezin da ziur esan joera horrek luzaroan iraungo duenik, aurreko urteetan jaitsierak ere izan baitira, krisiaren ondorioz.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mugikortasuna
'Bidegi auzia' berriz ireki eta txosten independentea egiteko agindu du Gipuzkoako Auzitegiak

EH Bilduren helegite baten bidez, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak berriz ireki du Bidegi auziko bi kereiletako bat, AP1 autobidearen Eskoriatza-Arlaban zatiari dagokiona. Pasa den irailean Azpeitiko epaitegiak erabaki zuen kasua behin behinean artxibatzea. Orain, auzitegiak... [+]


Gaueko trenen bigarren aukera? Hegazkinaren alternatiba astiro doa

Gaueko tren bidaia arruntak desagertu egin ziren duela urte batzuk ia Europa osoan, airezko garraioaren mesedetan. Baina larrialdi klimatikoak hegazkin kutsagarriak alboratzera eraman du jende asko orain, eta ordu txikitako tren sarea berriz ere martxan jarri nahian ari dira... [+]


2023-11-21 | Jon Torner Zabala
Parisen, bidegorrien erabilera bikoiztu egin da urtebetean

COVID-19aren pandemiaz geroztik bizikleta gero eta gehiago dabil Parisko bidegorrietan. Trafiko gehien dagoen momentuetan, hiriburuko kale garrantzitsuenetako batzuetan bizikleta gehiago dabil autoak baino,  Pierre Breteau kazetariak Le Monde egunkarian jasotako... [+]


2023-10-29 | Jon Torner Zabala
Nola jan espazioa, espazioa jan duenari?

Martxoaren 22an, Frantziako Tourra hasteko 100 egun falta zirenean, Bilboko San Mames estadioan lur hartu zuen Juan Mari Aburto alkateak. Hainbat lagunek osatutako tropelaren erdian zihoan, Bilbaobizi alokairu-zerbitzuaren logoa zuen bizikleta elektriko gorri batean, erakusteko... [+]


Eguneraketa berriak daude