Amatxik hartu zuen DES estrogenoa, alabak eta bilobak ordaintzen dute

  • Ipar Amerikan eta Europan milaka emakumek nozitzen dituzte beren amei haurdunaldia hobetzeko emandako DES Diethylstilbestrol hormona sintetikoaren kalteak, beren soinetan eta egin dituzten haurrenetan. Talidomida isila deitu izan zaion DES ahaztuaren hirugarren belaunaldiko biktima batek salaturik, farmaziako konpainiak auzitan izango dira martxoan Parisen.

‘L’Express’ astekariak 2014ko martxoan argitaratutako argazki handian, Sylvie Le Cossec bere seme Julienekin. Irudi txikian DES molekularen marka komertzialetako bat den DesPlex botikaren publizitatea 1950eko hamarkadako prentsan. Haur galtze, aborto eta erditze goiztiarrak prebenitzen dituela aldarrikatzeaz gain, “haur handiago eta sendoagoak ere bai” agintzen ditu eta edozein haurdunalditarako gomendatzen. DES alaben tragediak irakaspen asko eskaintzen ditu gaur gizakion soinetara edonondik iristen diren etengailu endokrinoen kalteez.

Sylvie Le Cossec Nanterreko (Frantziako Estatua) auzitegian izango da martxoaren 10ean bere seme Julienekin. UCB Pharma konpainia edukiko du aurrez aurre. Epaileek erabaki beharrekoa: ea lotura garbirik duenez UCBk saltzen zuen  Diethylstilbestrol –frantsesez Diestilbène izenez ezaguna– botikak Sylviek seme Julien goizegi erditu eta honek betirako elbarritasun gogorrak nozitzearekin.

Julienek dauzkan arazoak herritarren begien aurrean azaltzen ditu amak Facebookeko DES, mon fils n‘aura jamais son bac (DES, gure mutikoak ez du inoiz gaindituko baxoa) kontuan: “Garun paralisi oso larria dauka. Eguneroko bizimoduko gauzetan ez dauka batere autonomiarik, eten gabeko laguntza behar du. Patologia ortopediko eratorri bat ere badauka. Hitzez adierazteko ahalmena oso murritza dauka, ez du esaldirik osatzen eta ideiak errepikatzera mugatzen da. 2 urteko haur bat da 17 urteko nerabe baten gorputzean”.

Kontua da Julienen malurrak ez datozkiola amak hartu zuen ezertatik... amonari medikuak aspaldi agindutako estrogeno batetik baizik. DESaren hirugarren belaunaldiko kaltetua da, DES biloba. Horretaz du martxoaren 10ean Nanterreko epaitegiak ebatzi behar.

Sylvie DES alaba dela auzitegi berak frogatutzat eman zuen duela bi urte, 2014ko martxoan. Julien semeak ekarri eritasunez gain, aurretik bi haurdunaldi patologiko eduki zituen Sylviek eta uteroa kendu behar izan zioten. Kalte ordaintzat UCB Pharmak 81.910 euro pagatu behar izan dizkio, 8.000 senarrari eta 10.000 Sylvieren amari.

Mundu garatuko medikuak 1940an hasi ziren gomendatzen DES hormona sintetikoa haurdunaldia abortuz galtzeko arriskua zuten emakumeei. Geroztik jakin denez, botika berriari egindako testetan ez zen frogatu ustezko onura horiek ere lortzen zituenik, baina asko zabaldu zen bere erabilera mundu aberatseko emakumeen artean. Euskaldunoi dagokigunez, Frantzian oso ezaguna zen; badirudi Espainian –ginekologia kontuak berriagoak dira hemen– gutxi sartu zela, 1980an iritsi zelako bere debekua.

Droga 1938tik erabili ostean AEBetan 1971n debekatu zuen FDA Elikagaien eta Botiken Agentziak. Hala ere Europan konpainiek segitu zuten DES saltzen, eta mediku batzuek gomendatzen. Frantziako Estatuan 1977an debekatu zuten, Italian 1981ean. Geroztik, estrogeno hori  prostatako minbizi metastasiatuetan erabiltzen dute urologo batzuek.

Uste da DES AEBetan hiru milioi emakumek hartu zutela, 1940ko hamarkadatik 1971 artean. Frantzian 200.000 ingururi eman zitzaien, eta hauen 160.000 haur omen dira DES seme edo DES alabak, ezagunenak azken hauek izaki. Milaka emakumeon arazoak   diagnostikorik ezak larriagotzen ditu.

Talidomida famatua hartutako emakumeen kasuan umeei elbarritasunak jaiotzean bertan aurkitzen zizkieten. Aldiz Talidomida isila deitu zaion DESaren ondorioak gehienetan askoz beranduago agertzen dira, nerabezarotik aurrera. Sarritan seme-alabok amaren botiketatik jaso dituzten kalteak organo genital eta ugalkorretan garatzen dituzte –minbizi eta malformazio larriak, esterilitatea, abortuak eta abar– baina depresioa eta bestelako malformazioak ere bai.

Hormona banalizatuak neskentzat

Hormona sintetikoak aspalditik daude  medikuntzako eztabaida handietan, dakartzaten alboko kalteengatik. Urte luzez kortisonak modu indiskriminatuan erabili izan dira, kasik mirarizko botikatzat. Menopausian diren emakumeentzako hormonazko terapia ere auzitan jarrita dago gaur egun. Eta mundu osoan emakumeen askapenerako tresna inportantea izan diren antisorgailu hormonalen ondorioez ere hitz egiten hasten da.

Gaiotaz interesaturik denak –emakume orok beharko luke– informazio iturri oso on bat aurkituko du DES Daughter Network blogean. Dominique Albertek sortzez frantsesak animatzen du Ingalaterrako Bristol hiritik.

Albertek The Independent egunkariari kontatua dio 13 urterekin jakin zuela DES hartua zuela bere amak. Beranduago, lehenbiziko haurra galtzean esan zioten T formako uteroa zeukala. Britainia Handiko aseguruak operazioa ukaturik, Frantzian egin zioten. Medikuekin eta osasun zerbitzuekin eten gabeko borroka dauka DES alaba askok bezala.

“Emakume askok –dio Albertek– ez daki bere amak botika hartu zuela. Horra Britainia Handiko emakume askoren arazo larria, haurrik izan ezinda egon daiteke edo bularreko minbiziak jota, jakin gabe DESagatik dela. Nire amak bere burua kulpabilizatzen zuen, baina niretzako okerragoa izango da. Amak ez zekien zer ari zen hartzen, baina nik haurra izan nuenerako banekien hirugarren belaunaldikoek ere arriskuak dauzkatela.  Alaba gaixotzen baldin bazait, errudun sentituko naiz, baina ez dut horren biktima bizi nahi”.

Suitzako telebista frantsesezkoak  DESari eskainitako erreportaje batean mintzatu da Patricia Buge paristarra. Hiru haurren ama, lehenaren eta bigarrenaren artean hiru abortu izan baitzituen,  utero estuegia zeukala oharturik ginekologoak galdetu zion ea bere amak sekula hartu ote zuen Distilbène botika. Zenbat emakumek eskuratu ote dezake amaren historia medikua? Patriciak horrela jakin zuen DESaren biktima dela.

Bere alabetako batek hipotiroiditisa garatu du eta aho-sabaian malformazioa dauka. Bigarren alabak kisteak dauzka obarioetan, eten gabe azaltzen zaizkionak. Patriciaren ahizpak ere arazo larriak izan ditu: kantzerra lehenik birikan, gero bularrean eta gero obarioetan.

Semeak Hipospadias bat nozitzen du: zakilak zuloa ez dauka muturrean, beste leku batean baino. Amaren sabelean zegoela estrogenoak hartu izanaren feminizazio zeinu bat, adituen ustez. Nahiz eta estrogenoak amak ez, amatxik hartu.  Mutil biktima askok dakarte arazo hori.

DESak belaunaldiz belaunaldi transmititzen ditu kalteok. Gizakietan hirugarren belaunaldikoen azterketan ari dira ikertzaileak, baina animaliekin egindako frogek erakutsi dute seigarren belaunaldian ere kalteak nozitzen dituztela. Horrek esan nahi du, genetikako adituentzat, DES bezala kanpotik emakumeari sartutako hormona sintetiko batzuek zelulen DNA bera eraldatzen dutela, kalteak hereditario bilakatuz. Horra zergatik deitzen zaien etengailu endokrinoak (endocrine disruptor ingelesez).

Diethylstilbestrolaren familia berekoa da Bisfenol A hormona sintetikoa ere. Ez dira nahikoa haizatu hori daramaten plastikozko botila, jostailu, autoen pieza eta abarren arriskuak, DES haurren tragediak erakusten duenez belaunaldiz belaunaldi transmitituko direnak. Zer esanik ez erraustegi eta zementu fabriketan milaka tonaka erretzen badira.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kutsadura
2024-04-12 | ARGIA
Espainiako Estatuan karbono dioxido gehien isurtzen duten hamar enpresen artean: Repsol, Iberdrola eta ArcelorMittal

2023an, karbono dioxido isuriek %5,3 egin dute behera Espainiako Estatuan. Gehien isurtzen duten hamar enpresen artean, bakarrak egin du gora, Iberia hegazkin konpainiak, %10,7ko igoerarekin. Kutsatzaileen zerrendan aurrena Repsol dago.


Giza karenan ere aurkitu dituzte mikroplastikoak

AEBetako ikertzaile-talde batek 62 giza karena edo plazenta analizatu ditu, gas-kromatografia eta masa-espektrometria baliatuta, eta frogatu du lagin guztietan mikroplastikoak zeudela. Toxicological Sciences aldizkariak argitaratu du ikerketa. Haren arabera, karen batzuetatik... [+]


2024-02-09 | Euskal Irratiak
Alice Leiziagezahar, Europa Ekologia-Berdeak
"Pestizidek ez dute laborarien egoera hobetuko, haien osasuna okertuko baizik"

Laborariak karrikara atera dira Europa osoan, bizi eta lan baldintza hobeak aldarrikatzeko. Mobilizazioek eragin duten krisi politikoari, pestizidak apaltzeko planaren gibelatzearekin iharduki dio Europako Batzordeak.


Arbonako eskolara bideratu lurren kutsadura aztertzeko eskatu du Paueko Administrazio Auzitegiak

40 urtez zabortegi gisa erabilitako eremu batean ari dira eskola publikoa eraikitzen. Kutsadura arriskuak kontuan harturik, leku aldaketaren alde dabil borrokan Hats Berri Bat Arbonari deitu oposizioko taldea. 2024ko irailean abiatuko den ikasturterako bukatu nahi ditu obrak... [+]


Eguneraketa berriak daude