Latigo SONIC TRASH |
Banekien Sonic Trash taldearen oinarria milurtekoaren hasieran Bilbon sortutako Ya Te Digo taldetik zetorrela, baina izen hark –Ya Te Digo– interes puntua ezabatu zidan eta ez nien jaramonik egin. Gerora jakin nuen 2000an, maketa bakarra zutela, Bilbo Hiria lehiaketa ospetsuan euskal talde onenaren saria eskuratu zutela. Hiru disko luze (Uruhue–2001, Kill switch–2005 eta Trash tango–2008) eta hainbat lan txikiago kaleratu, eta bereziki Bizkaian kontzertu ugari egin zituzten, betiere soinu-distortsio paretak eraiki, gitarra eta erritmo gogor zein barnerakoiak landuz eta Daviden ahotsari esker ukitu bereizgarriagoa –indieagoa?– emanez.
Horren atzetik Sonic Trash taldea etorri zen Ya Te Digo lurperatu eta entzuleari zaplazteko handiagoa emateko helburua zuena. Eta, bide batez, bestelako musika zaleen arreta ere piztu zuen. 2011n Hey chica lan luzea kaleratu eta taldeak indartuta zegoela erakutsi zuen. Gainera, bueltan zen hastapenetako Mariana bateria jotzailea ere.
Sonic Trasheko taldekideak musika zale amorratuak dira, eroak ia, eta hori nabaria da beraien diskoetan. Izan ere, ezinezkoa da egiten dutenari izena jartzea, hain da irekia, erraietakoa, garaikidea, iluna, itsaskorra eta aldi berean bortitza. Hala ere, taldearen azken lan itzela, Latigo seguruenik oharkabean pasako da!
Diskoa zabaltzen duen El baile del cocodriloren danbatekoak lurrera botako zaitu: arnasa kentzen duten bateria kolpeak, blues zikin azkarra, misteriotsua eta iluna, erabat rockeroa. El caminante, berriz, post-rocka da, distortsio, tarte xuxurlatu eta koro borobilak dituena. Santo Tomas abesti osatuena da, borobila: aspaldi entzun dudan power-pop pieza irmoena. Uauuu! Zamudio boogiek punketik, metaletik eta Jon Spencer Blues Explosionetik edaten du. Agonia espaziala eta arraroa da, intriga handikoa. Bang bihotz handiko rock gogorra pop eta garagearekin bat eginda. Latigo gaztelaniazko high-energya, ukituz gero erretzen duena. Reinas high-energy, gitarra makur eta punk-rockarekin egindako entsalada. Amodio post-hardcore, free askea eta pop-rockaren ezkontza. Eta, azkenik, Venganza, techno industrialaren eremuetara axolagabeki hurbiltzen den pieza rockero oso-oso iluna.
Kristoren aurkikuntza da taldea, erabatekoa. Indartsua da oso, zapalgailu hutsa, gitarrak muturreraino okertu, erritmo sakon eta pisutsuak landu, post-rock giro ilunagoetatik rock egiazkoenera bueltatu eta zuku handiena ateratzen diona. Eta horren guztiaren gainetik –edo alboan– ia kontraste gisa xuxurlatzetik, iradokitzetik edo oihukatzetik erregistro sarkorrak hartzen dituen Daviden ahotsa eta hitz erdi kriptikoak.