Ni 'paleto'? Zu bai kosmopaletoa!

  • Komikian hiru pertsonaia. Euskara gutxiesten duen enegarrena da bat. Bigarrena, feminista eta euskaldun ahaldundua da. Hirugarrenak euskararen aurkako diskurtsoak barneratuta dauzka, euskalduna eta euskaltzalea izan arren. Feminista ahaldunduak eskua botako dio lagunari. Mikel Ozaitak garatu du ahalduntzearen inguruko diskurtsoa eta Ainara Azpiazu Axpik komikira ekarri du.

“Machirulo/kosmopaleto, puta/cashero, euskararen diskurtsoei aurre egiteko hainbat zertzelada Mugimendu Feministaren teoria eta praktiken iturrietatik”. Lan hori aurkeztu zuen Mikel Ozaitak urtarrilaren 21ean Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako Topaldian. Hitzaldiak Axpiren komikia izan zuen lagun: “Hitz potoloetara oso zaletuta gaude, eta gauzak soilago azaldu daitezke, adibidez komikiaren bidez”.

Mikel Ozaitaren (Euskaltzaleen Topaguneko Kohesio eta Sentsibilizazio arduraduna) ustez, euskararen aurkako diskurtsoak lantzen epel eta apal gabiltza, diskurtsoei aurre egitea ez bururatzeraino. Feminismoak berriz, kontzeptualizazioan eta praktiketan dituen proposamenekin, batez ere euskaltzale belaunaldi berriak aktibatu daitezkeela iruditzen zaio, umorez eta inteligentziz lan eginez gero.

Machirulo/kosmopaleto, puta/cashero, euskararen diskurtsoei aurre egiteko hainbat zertzelada Mugimendu Feministaren teoria eta praktiken iturrietatik lana egin du eta Axpi marrazkilariari eskatu dio komikira ekartzeko. “Erreferente feministak ekarpen freskoa egin dio ahaldundu gabe dagoen lagun euskaldunari”, dio Axpik. Ozaitak naturaltzat hartu ohi dugun zapalkuntza azpimarratu du, nola ez garen ohartzen zapalduta gaudela, baina nola –komikian behintzat– ahalduntze prozesua egin dezakegun.

Feminismoaren aurkako diskurtsoek erabiltzen dituzten hainbat kontzeptu bereganatu ditu (konnotazio negatiboak positibo bihurtuz) mugimendu feministak, eta komiki honetan ere halako saiakera bat egin da. Feminismoak, adibidez, erasoak eta erasotzaileak identifikatzeko eta salatzeko machirulo kontzeptua erabiltzen du. Puta terminoa ere bere egin du, puta deitzen dio bere buruari baldin eta puta izatea sexualki askea eta independentea izatea bada. Antzeko ariketa egiten hasita, Ozaitak eta Axpik komikiko elebakarrari kosmopaleto deitzea proposatzen digute. Elebakarraren ustez, bera kosmopolita da, gutxiestekoa den hizkuntza, euskara, ez du hitz egiten, eta aldiz, prestigioko hizkuntza darabil ahoan. Ozaita eta Axpiren iritziz ordea, paleto bat baino ez da. Bestalde, euskal hiztunen aurka gaitzespenez erabiltzen duten cashero terminoari buelta eman ahal diogu: baserritarrak gara, munduko langileen %70 baserritarrak dira, ingurumena, naturaren aniztasuna zaintzen dugunak gara.

Euskaraz hitz egitea=hizkuntza gatazka

Euskararen aurkako diskurtsoei inteligentziz, umorez eta sormenez erantzun behar diegula diote biek. Erdaldunak limurtu eta erakarri behar diren ustetik gatozela esan diegu. Axpik hala dio: “Limurtzea eta erakartzea ez daude soberan, baina egoera bakoitzari bere izena eman behar zaio”. Ados dago Ozaita, hartzailearen arabera diskurtsoa egokitu behar dela dio.

Hizkuntza gatazkaz ondoko hausnarketa egin du Ozaitak: gatazka egoerak daude eta gatazka mahai gainean jarri behar da. Emakumeek eraldaketarako edo botere asimetriak azaleratzeko gorputza erabiltzen dute. Euskal hiztunok hitza daukagu, hau da, euskaraz hitz egitea; beraz, toki jakinetan euskaraz hitz eginda, hizkuntza-gatazka mahai gainean jartzen dugu. Adibide bat jarriko dut. Egiten ari naizen masterreko ikasgelan euskaraz egiten badut, antzematen dut hizkuntza gatazka agerian jartzen dudala. Ikasle batzuk Espainiako Estatukoak dira. Eta kontu, feministak dira.

Zenbait egoeratan euskaraz egite hutsak gauzak alda ditzake, hain erraza eta hain zaila da era berean. Irabazteko eta galtzeko izango duzu euskaraz egiten baduzu. Euskaraz ari bazara ikasgelan eta irakaslea badator, boterea irakasleak du. Epaiketa badaukazu eta akusatua bazara, eta euskaraz egiten baduzu, galtzeko aukera gehiago dituzu. Gure borroka-tresna hitza da. Zenbait tokitan legeak babesten gaitu, esate baterako Gipuzkoan. Agian medikuarenera joan behar dugu euskararen txantxangorriaren pina (Eusko Jaurlaritzak euskara sustatzeko egindako azken kanpaina) jarrita eta medikuari esango diogu bere nagusiak esan digula jartzeko. “Ni euskaraz hitz egiten ari naiz, besterik gabe”.

Euskaltzaleentzako jabekuntza eskolak

Mikel Ozaitak, bere lanean, euskaltzaleen jabekuntza eskolak sortzea proposatzen du. Kafe antzokiak ditu gogoan, non euskaldunak elkartzen diren, kultura zapaldu bateko hiztunak. Kafe antzokian ordea, euskaldunak ikusle pasibo direla uste du, gainera inbertsio handia eskatzen dute. Ez du uste euskara elkarteak ere euskaltzaleak aktibatzeko egituratuta daudenik.

Feminismora egingo du jauzi eta emakumeen txokoak datozkio gogora, Basauriko Marienea, Donostiako Emakumeen Etxea eta Hernanin sortze bidean dena aipatu ditu. Gune horietan mugimenduon eta erakunde publikoen arteko lankidetza dago, baina ez da hori Ozaitaren arreta gehien piztu duena, baizik eta txoko horietan hausnarketa bultzatzen dela, ekintzara bideratuta daudela, finean aktibismoa sustatzen dutela. Euskal hiztunentzat ere, aktibaziorako gune irekiak irudikatzen ditu. Euskaltzaleentzat, eta agian, hemen bizi diren beste jatorri batzuetako hiztunentzat. Hizkuntzen etxea izan dadila, beti ere kohesio hizkuntza euskara dela.

Axpiri eta Ozaitari galdetu diegu komikiaz gain ea euskaltzaleen aktibaziorako bestelako zein ekintza mota duten gogoan. Axpik ilustratzailea dela aldarrikatu du eta performanceak Lutxo Egiarentzat utzi ditu. Alabaina, komikiaren inguruan egitasmoren bat garatuko balitz parte hartuko lukeela dio. Dena dela, galdetu du ea Donostiako Egia auzoan egin duten kanpaina ez ote den performancea: urtarriletik martxora elkarteek eta norbanakoek konpromisoa hartu dute astebetez euskara hutsean bizitzeko ahalegina egiteko.

Ozaitak aipatu du Soraluzen euskaltzaleak ahalduntzeko eskola moduko batean biltzen hastekoak direla. Gaineratu du bestelako gizarte mugimenduekin, bestelako arte adierazpenekin, harremanetan jartzen asmatu behar dela, orain arte bakoitza berean ibili delako, euskaldunak euskaldunentzat aritu direlako, eta lubakietatik ateratzeko garaia dela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza eskubideak
Sugoi Etxarri Zabaleta, EHE-ko kidea
“Euskararen borroka gaztetzen ari da, oso azkar”

Euskal Herrian Euskarazek apirilaren 22tik 28ra egingo du lehen aldiz Harrotze Astea. EHEk bost ekintza nazional prestatu ditu, eta hortik aurrera, herriz herri hainbat dinamika antolatuko dituzte euskaltzaleek. Sugoi Etxarri EHEko kidea elkarrizketatu dugu. Haren ustez,... [+]


Behatokiaren hizkuntza urraketei buruzko 2023ko txostena
Hizkuntza muga eta urraketa berak hamar urtez

Hizkuntza eskubideen urraketekin lotutako 909 kexa jaso zituen Behatokiak 2023. urtean. Horien %75 baino gehiago administrazioari loturiko zerbitzuei buruzkoak dira: “Herritarrek salatzen dute urtero horma berdinaren aurka borrokatzen jarraitzen dutela”.


2024-03-18 | Leire Artola Arin
ANALISIA
Nork egingo du euskara ofizial?

Korrikak lehen asteburua Nafarroan egin du, eta argi ikusi dugu ez dagoela Nafarroa bat, ez eta hiru ere, baizik eta hainbat. Herriz herri egoera soziolinguistikoa eta euskaltzaletasuna erabat aldatzen dira, eta Korrika ere izan da horren lekuko.


Ikasle euskaldunek Frantziako Legebiltzarrean euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu dute

Euskal Herriko 16 ikasle Parisen dira astearte honetan, euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu eta horretarako neurriak har ditzatela eskatu diete diputatuei, Frantziako Legebiltzarrean. “Urduri gaude, baina badakigu zer erran nahi dugun”, adierazi diote goizean... [+]


Iruñeko EHEren talde berria aurkezteko jaia egingo dute larunbatean

Taldea ezagutarazteko eta proiektua finantzatzeko antolatu dute egun osorako egitaraua.


Eguneraketa berriak daude