"Gaur egun kolonialismoa askoz itogarriagoa da Afrikan"

  • Blues musikak eraman zuen Jesus Ahedo Afrikara, eta han ezagututako artearen lilurak Bilboko Kalao galeria sortzera. Oraintsu hamar urte bete ditu arte afrikar garaikidean berezitutako Euskal Herriko areto bakarrak. Arte afrikarra gutxietsita dagoela salatzen du Ahedok, aukera duenean. Hala ere, gutxiespen horri “esker”, kontinenteko lehen lerroko artistak ikus ditzakegu bertan, eta haien lanak askoz eskuragarriagoak zaizkigu.

"Ez dugu Afrikarekin berdintasunezko harremanik izango barkamena eskatzen ez diegun bitartean".Iñigo Azkona

Nola sortu zitzaizun arte afrikarrarenganako kezka?

1992an hezkuntza zientzietan lizentziatu ostean hasi zitzaidan arteagatiko kezka, gizakiak munduan uzten duen adierazpen gorena baita. Blues talde batean jotzen nuen eta 2004an Malira egin nuen bidaia, bluesaren iturrien bila. Bidaia iniziatikoa izan zen, lau hilabetez lau herrialdetan ibilita, eta lagun handiak egin nituen, galeriaren egungo oihartzunean eragin dutenak.

Hamar urteotan goien mailako artistak ekarri dituzu galeria txiki honetara.

Ndary Lo, George Llilanga, Cheri Cherin, Camara Guèye… Artista handiak dira, baina nire proposamen apala estimatu dute. Normalki uste izaten dute Bilbon interes handia egongo dela baina gero atsekabea hartzen dute benetako egoeraz jabetzean.

Gutxietsita dago afrikar artea beraz, maila horietan ere.

Bai, presentzia irrigarria du artearen nazioarteko topaketetan. Hori aldatzen ari da pixkanaka, baina “Lehenengo mailako artea” finantza botereek kontrolatua da egun, hor ez dute agintzen irizpide artistiko edo estetikoek. Dirua zuritzeko modurik onena da artea.

Nola begiratzen diogu Afrikari hemendik?

Kolonialismoaren begiradarekin begiratu zaio beti Europatik. Berlingo konferentziatik aurrera, ia ehun urteko kolonialismo ofiziala izan zen Afrikan. Europako sistema kolonialistak misio zibilizatzailea zuela zioen. Frantziak interesa izan zuen sistema horretan, horregatik du Afrikak presentzia handia Frantziako hirietan. Espainiak, aldiz, Ginea eta Sahara probintziatzat hartzetik korrika alde egitera pasatu zen. Manuel Iradierrek Ekuatore Ginea lortu zuen Espainiarentzat baina hark ez zuen inoiz interes handirik erakutsi Afrikarekiko, arpilatzetik harago.

Baina garai bateko ikuspegia da.

Egundaino Belgikak bakarrik onartu du Afrikan genozidioa egin zutela. Leopoldo erregeak bere Stanley mertzenarioaren bidez egindako sarraskia eta belgikarrak engainatu zituela aitortu dute ofizialki.

Euskaldunak ere ez gaude garbi.

Gaia ezkutatu da, ikertu beharko litzateke euskal portuek esklaboen negozioan izan zuten rola. Espainia izan zen Europako azken herrialde esklabista, eta Kuba Amerikako azkena. Horregatik ekarri zuen 1877an Sopuertako Castaño Capetillo familiak Rafael Padilla Chocolat, Kuban esklabo erosita zortzi urte zituela. Historia bitxia da Chocolat-ena: Tony Grice ingelesak ezagutu zuen Bilbon, eta Londresera eta gero Parisera eraman zuen. Montmartren arrakasta handia izan zuen Fottit pailazoarekin bikotea osatuta. Lumière anaien hainbat filmetan agertu ziren, baina gero Chocolat-en ospea itzaltzen joan zen.

Artea baino, artisautza omen da hangoa.

Gizarteak Afrika zer den ez badaki, haren historiaren eta gorabehera soziopolitikoen berri ez badu, hezkuntzan aipatzen ez bada... Noski, ikusmolde horren ondorioa da. Exotismoa da beste ikuspegi kaltegarri bat. Afrikari buruz egiten diren filmetan beti leku exotiko, eder, folklorikoa... Ikuspegi paternalista dago, afrikarrak beren kabuz aritzeko gai ez direlako irudia, heldugabeak dira, bortitzak… eta beti joan behar izaten da gizon zuria euren arazoak konpontzera. Ideia hori garai batean kolonizazioak erabili zuen eta egun post-kolonizazioa babesteko erabiltzen da.

Jarraitzen du presentzia kolonialak, beraz?

Itxura afrikarra hartu du menperatze horrek egun: ustezko agintariak afrikarrak omen dira, baina herrialde guztietan gobernuak multinazionalen txotxongilok dia. Gaur egun kolonialismoa askoz ere itogarriagoa da, euren baliabideak kudeatzerik ez dute afrikarrek.

Kooperazioak zerbait konpontzen du?

Txatalak dira, ez dut juzgatuko, badakit badirela dena ematen duten GKEak, medikuak eta abar, baina beste batzuk ez dira gizaldeko lanerako eredu, daramaten bizimoduagatik eta jarreragatik.

Nola lagundu behar da orduan?

Kultura sustatuz autoestimua landu behar da Afrikan. Hiru mendez nola sufritu duten kontuan hartuta, Afrikako jenderik onenak bahitu eta Amerikara eraman baitzituzten europarrek. Independentziatik hona igaro diren urte gutxietan gure mailan garatuko direnik ezin dugu pentsatu, askok identitatea ere galdu baitute.

Etorkizun beltza, orduan?

Optimista naiz, uste dut Afrikan datozen 40 edo 60 urteetan gizateriaren hainbat mugarri ezarriko direla, sekulako indarra dago hor. Hala ere, ez ditugu berdintasunezko harremanak izango Afrikarekin barkamena eskatu eta elkar errespetatzen hasten ez garen bitartean.

“Beltza” hitzak duen adiera negatiboa...

Bai, baina historia beltz ezezaguna dago ezkutatuta. Esaterako, bada flamenkoaren palo guztiak afrika beltzetik datozela dioen teoria bat, Antonio eta David Hurtadorena. Horien arabera, samba, conga, tango... yoruba hitzak dira. Bestalde, 1100. urte inguruan Espainiako populazioaren %10 inguru Sahara azpikoa zela diote. Garai hartan sortu zen, kasurako, Sevillako Los Negritos kofradia, eta beltzak ziren kideak.

Arteak ez du dirurik emanen

“Bilboko Arbolantxa kalean daukat Kalao arte galeria, Albia inguruan, atzeko aldean tailerrak daude. Artearekiko maitasunagatik ari naiz; galeriak ez du dirurik ematen, eta asteburuetan tabernari nabil Kubil tabernan, Iturribide kalean. Kale heavy eta kalimotxero horretan jazza entzun, formatu txikiko zuzenekoak ikusi eta arte afrikarra ikus dezakegun taberna bakarra da Kubil”.


ASTEKARIA
2016ko otsailaren 14a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kolonialismoa
2024-03-13 | Euskal Irratiak
Amaia Bessouet: «Afrikar gazteek ez dute gehiago Frantziaren mespretsua onartzen»

Malin, Burkina Fason eta Nigerren Frantzia haizatua da. Mendebaldeko potentziek haien eragina galtzen ari dira Afrikako kolonia zaharretan. Afrika frankofonoko populazioa bereziki gaztea da, eta ez du frantses kolonialismoa zuzenki ezagutu. 35 urtez peko gazteek populazioaren... [+]


Ogi-apurrak Afrika espoliatuarentzat

Ghana, 1823. Ashanti Inperioaren eta britainiarren arteko lehen gerra hasi zen. Guztira lau gerra izan ziren bien artean, eta gatazka 1901 arte luzatu zen. Lehenago, europarrek herrialdeko Urrezko Kosta kontrolatzen zuten. Baina 1807ko esklabotzaren abolizioaren ondorioz,... [+]


Gure “Mona Lisa” iraultzailea

Herri axolagabea! Zein ezberdina izango litzatekeen zuen patua, askatasunaren prezioa ezagutuko bazenute! Baina ez da berandu. Emakumea eta gaztea naizen arren, heriotzari aurre egiteko ausardia dut orain, eta mila aldiz gehiagotan ere izango nuke, ez ahaztu!".

Hitz... [+]


Senegaldarrak Monte Igeldoko giza zoologikoan

Arrazakeria zientifikoa asmatu zenetik, hamaika dira Europan zehar zabaldu ziren uste eta ideia arrazistak XIX. eta XX. mendeetan. Donostia, esklabo portu ohia izanik, ez zen zertan salbuespena izan. 1926an izan zen lehen giza zoologikoa.


Espoliazio frankista
Ibex35 eta euskal oligarkiaren zimenduak

Frankismoa ez zela 1975ean amaitu diktadoreak ohean azken hatsa eman zuenean, hori badakigu. Erregimenaren haziek bizirik iraun zuten poliziaren tortura ziegetan, justizia auzitegien sumarioetan eta militarren zein politikarien deklarazio kolpistetan –Aznarrek azkenaldian... [+]


Eguneraketa berriak daude