argia.eus
INPRIMATU
Enplegu eskubideak
Juan Mari Arregi 2016ko otsailaren 10

Badaude marrazkilariak kapaz direnak salaketa sozial eta politiko sakonena egiteko irudi edo esaldi bakarrarekin. Joan den astean El Roto-k, Madrilgo egunkari garrantzitsu bateko marrazkilariak, pertsona baten irudia argitaratu zuen, haserre eta esanez: “Enplegua sortu! Zenbat eskubide kentzen dizkigute zure izenean!”. Gobernuak mingaina dantzan aritzen dira enplegua sortzea premiazkoa dela esanez, eta sinetsarazi nahi digute euren lan erreformekin hori lortzen ari direla.

Bai, baina zer enpleguz ari gara eta zeinen eskubideen kontura? 2015ean inoiz baino kontratu prekario, behin-behineko eta aldi bateko gehiago egin ziren Espainiako Estatuan, datu ofizialen arabera. Behin-behinekoek errekorra ondu zuten eta 17,07 milioira iritsi ziren, ordukakoak 6,4 milioi izan ziren –horietatik 5,7 milioi behin-behinekoak–. Kontratuen batez besteko iraupena 2006an 79 egunekoa zen, bada 2015ean 53,4 egunera jaitsi da. Krisiaren aurretik, industriako behin-behineko kontratu batek sei hilabete irauten zuen batez beste; orain ia ez da iristen bi hilabetera. Erran nahi baita, duela zortzi urte lantegi batean lanpostu ez-estruktural bat betetzeko urtean bi kontratu sinatzen ziren, orain sei behar dira.

Gazteek ezin diote bizitza-proiektu bati ekin, harremanak egonkortu, etxebizitza erosi edo alokatu. Kideren bat langabezian duten familiek edo soldata baxua dutenek ezin diote hipotekari aurre egin, eta ez dira gutxi etxegabetuak. Espainiako Estatuko ia herena pobrezia edo bazterkeria arriskuan dago –etxeen batez besteko 663 euroko diru-sarrera baino %60 gutxiago dute–. Hori da egungo enplegua: prekarioa. Eta hor daude bere izenean kendu dizkiguten eskubideak.