Urradura sakon batetik

Lehenik, Itxaro Bordaren Emakumeak idazle saiakera hartan izan genuen haren berri –“esan nion ez nuela parte hartu nahi liburu horretan, ni ez nintzela ez idazle sentitzen, ez emakume idazle sentitzen ere. Eta atera egin zituen olerkiak!”–.

Henriette Aire. Urepelen sortua. Kontxo, aitaren alaba, Aire ahizpa-neben arteko bat, nagusia. Hazka gehixeago eginez, harrapatu genion poesia liburu bat, Egiaren egarriz. Bordaren antologiako bi poema aurkitu ditugu bertan –apur batean moldatuak, finduak–, hirugarren bat gelditu zen bidean. Ordainetan, beste hemezortzi poemekin osatu zuen bilduma, guztira hogeita bat.

Josu Landak xehatu zituen: “Libre ezin bizitzeak eta maitasuna nahi bezala ezin gozatzeak” markatzen ditu denak –“Nahi duena ezin ukana duenak/ Eta ukan dezakena ez nahi/ Daukana ezin dezake maita”–; mundura egokitu ezinean dabilen gizakia dute protagonista–“Herria herri maitea/ Nahi zintuzket askatu/ (...) Bainan nola ditzazket/ Moztu zure kateak/ Ni loturik nagoenian/ Preso gizartean”–; eta are arrotzago sentitzen da emakumea mundu horretan, zapalduta –“Altxa burua emazte/ Ez egon bide erditan/ Bizitzak balio du/ Bizitzea”–. Landak, oraindik: “Urradura sakon batetik sortzen dira hitzak”.

Urradura sakon hori zein izan daiteke, ordea. Akaso besterik, baina bat egin izan du publiko inoiz Airek: “Parisen bizi izan naiz, hamaika urtez. Hamaika urteren buruan, senarrarengandik banandu eta erabaki nuen berriz Euskal Herrira etortzea, hiru semeekin. Aitak gaizki hartu zuen, eta esan zidan: ez dut nahi gehiago esan dezazun inori ene alaba zirela, eta ez dut nahi jin ziten gehiago etxera”. Urradura sakon hori garbi agertzen da Uste zinuen izeneko poema luzean, “dozena bat orrialdeetan zehar bizitzaren ikuspegi zapuztu baina azkenean optimista” eskaintzen digun horretan. Ikuspegi zapuztua: “Zure uztarria/ Ezin jasana duzula?/ Bakartasunean/ Eta zuhaurek/ Arduratu nahi duzula/ Bizitzeko gelditzen zaizun/ Zure biziaz?/ Burutik joan ote zira?”. Baina azkenean optimista: “Ikusten zaitut zoriontsu/ Zure osotasunean/ Zoriontsu/ Maitasunean”. Eta optimista, akaso, nork daki, inoiz publiko egin izan duen honegatik: “Gero etorri nintzen, aita Bordelen zegoen ospitalean, hara joan nintzen eta oso ondo pasatu zen, txuritxuri, larri zegoen ohetik ni ikusita jeiki zen eta besarkatu ginen... Bidean esan zizkidan haiek ez baitziren aitarenak berarenak, inguruak esanarazi zizkion, haren malkoetan ikusi nuen”.

Bidean, halaber, nobela bat hasia, eta denbora eskasiaz ez egina. Domaia da, hartara, urradura sakon hark, edo beste batzuek, emaitza gehiago eman ez izana.

Egiaren egarriz

Henriette Aire

Maiatz, 1989


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Liburuak
Euskal Herriaren lehen atlas kartografikoa osatu dute

Ramon Oleagak eta Jose Mari Esparzak egina, 300 mapa dakartza Imago Vasconiae izeneko bildumak eta Interneten ere kontsultagarri dago. Euskal Herriaren historiaren bilakaera irudikatzeko eta "ikerketarako jatorrizko materiala izateko" ezinbesteko tresna sortu dute... [+]


2024-01-14 | Reyes Ilintxeta
Jose Mari Esparza. Ideia trafikatzailea
"Borrokaren beharra transmititu nahi dut, zerbait berria sortuko da, beti sortu da"

Jose Mari Esparza idazle, editore eta ekintzaile menderaezinak bere lanerako txokoan hartu gaitu, Altaffaylla Kultur Elkartea eta Txalaparta argitaletxearen sorlekuan, liburuz inguraturik. Gaztetan 20 urtez aritu zen Luzuriagaren Tafallako fabrikan lanean eta orain berriki... [+]


2023-11-27 | ARGIA
Eva Forest Liburutopia
Utopia letra eta kafe artean elikatzeko liburu-denda

Abenduaren 1ean inauguratuko dute Gasteizko Alde Zaharrean Eva Forest Liburutopia kafe-liburudenda. Proiektua “pentsamenduaren eta kulturaren hedapen eta gozamenerako topalekua” izatea nahi dute bere bultzatzaileek. Hilabeteko programazioa aurkeztu dute jada... [+]


Ander Berrojalbiz. Heretikoz, sorginez, Elurzuriz
"Gizartea ezin da ulertu gizakiaren parte magiko sobrenatural hori gabe"

Akelarre saiakera argitaratu zuen 2021ean, eta, iaz, berriz, perla urregorrizko bat: Elurzuriren hiru heriotzak. Grimm anaien ipuin ezaguna berridatzi zuen, eskuizkriburik zaharrena abiapuntu harturik, Grezia zaharreraino joanez, eta Elurzuriren istorioko zenbait elementuri... [+]


Eguneraketa berriak daude