EAJ

Salomonen itzala ote da Mendozaren atzeko hori?

OTSAILAREN 13-14AN EAJk Batasuna eta indarra agiri politikoa onartuko du Iruñeko Baluarten egindako batzarrean. Testuaren oinarrian ez da ezagutzen ez denik, baina agirian esaten denak aurrera eginez gero, egoera berrietara eraman gaitzake: bigarren trantsizio batera, jeltzaleek azpimarratu duten moduan. Testu jeltzaletan oso ohikoa den gisan, potentzialitatea bada; errealismo jeltzalearekin uztartu ondoren zer aterako den, hori beste gauza  bat da. Errealismo jeltzalean funtsezkoa da Moncloan nork agintzen duen; are funtsezkoago da Ajuria Enean nor den, baina ideia horrek ez die arazo handirik sortzen, azken hamarkadatan han batez ere beraiek agindu dute eta. Abenduaren 20ko hauteskunde emaitzekin hori Gasteizen ere aldatuko den ikusgai da; samurra ez dirudi, baina ezinezkoa ere ez. Pistak Espainiako Gobernuaren osaketak emango ditu.

Euskal Herriari begira, dokumentuaren oinarria edozein abertzaleren haginak zorrozteko modukoa da: Ibarretxe Plana zena eta Loiolan 2007an EAJk, PSE-EEk eta Batasunak lortutako aurreakordioa, orain hobeto dakigunez, Batasunak onartu zuena, baina ETAk eta ezker abertzaleko beste sektore batzuek ez. 2013aren amaieran EH Bilduk berak bi oinarri horiek eraman zituen Eusko Legebiltzarreko autogobernuaren lan-taldera. Biek tresna berberak eta ezin topo egin? Halakoa da politikaren labirintoa, funtsean gehienetan garrantzitsuena ez delako zer izaten noiz, nola, norekin eta zertarako baizik. Eta hor nekez ikusten da adostasunik oraindik.

Beste bektoreren bat behar da eragiketa horrek bestelako emaitzarik izan dezan. Ahal Dugu izan daitekeen ikusgai da, baina denak adierazten du Iglesiasen alderdia geratzeko etorri dela euskal gizartera. Eta eragiteko. Jeltzaleen agiria ondo kokatzeko, halaber, garrantzitsua da ulertzea legealdi baten amaieran gaudela eta aurki –teorikoki udazkenean– Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak izango direla. Ez da komeni ahaztea, 2011ko EAEko hauteskundeetan kontsulta bat agindu zutela 2015erako beren hauteskunde programan. Edo merezi du kontuan izatea Eusko Legebiltzarrean boto soberanista oso nagusi izanda iritsi dela amaiera penagarri batera autogobernuaren lan batzordea.

Jeltzaleen agiria ondo kokatzeko, halaber, garrantzitsua da ulertzea legealdi baten amaieran gaudela eta aurki
–teorikoki udazkenean– Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak izango direla

Batasuna eta indarra, Iruñean onartu zen (1977) eta onartuko den (2016) testu baten titulua da, baina izan zitekeen baita ere hauteskunde kanpaina luze bati hasiera emateko lelo eraginkor bat.

MADRIL ALDEAN ERE hauteskundeetarako lelo bila ari dira jadanik alderdi nagusienak, dagoen gobernu-korapiloarekin aukera hori ere ezin baita baztertu. Boterean, hala ere, koalizio gobernu handiaren aldeko bultzadan jarraitzen dute; Europar Batasuna, Ibex, El Mundo, El País eta abarrek garbi dute. Baina Don Inorrez zena matxinatu egin zaie PSOEren idazkaritza nagusitik eta orain erditik kendu behar, pentsatu baino lehenago.

Horretan ari dira, lotsa gutxirekin gainera, Pedro Sanchezek militanteei kontsulta egiteko egindako iragarpenari El Paíseko editorialak (urtarrilak 31) emandako erantzunak erakusten duen legez. PSOE ez da CUP zioen editorialaren tituluak eta hala testuaren zati batek: “Buruzagiak arazoak dituenean oinarriei dei egiteko duen joera hori erdipurdiko politikarien eta erakunde populisten heldulekua da”. El Diariokoek, aldiz, laster erreskatatu zuten 2013an Alemaniako sozialdemokratek Angela Merkelekin lortutako akordioa oinarrietara eraman zuteneko egunkari bereko editoriala, hura ez baitzen politikari kaskarren kontua, “populismoen antidoto bihurtu beharko litzatekeen sakontze demokratikoa” baizik. Batek daki nola deituko zaion jokamolde horri kasino-kazetaritzaren estilo-liburuetan.

NAFARROAN ERE aste garrantzitsua izango da. Foru Gobernuak hezkuntzako Lan Eskaintza Publikoarekin eta irakasleen zerrenda bakarrarekin zer egin erabaki beharko du. Edozein irtenbidek ekarriko dio egurra, beraz, duinena eta politikoki bere printzipioekin zintzoena iragarritako asmoei eta zerrenda bakarraren ideiari  eustea litzateke. Ikusgai hau ere, baina ez dakit Mendozaren atzean ikusten den hori ez ote den Salomonen itzala.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EAJ
2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-21 | ARGIA
Andoni Ortuzar (EAJ)
“Euskadiri egonkortasuna, sinesgarritasuna eta konfiantza emango dion gobernu bat eratuko dugu”

Euskadi Buru Batzarreko buruak “EAJk hauteskundeak irabazi ditu!” aldarri egin du Andoni Ortuzarrek hitzartzea hasi bezain pronto eta txalo zaparrada jaso du alderdiko kideengandik.


EAJk Mundakako bere alkatea presionatzen zuen, udaleko idazkariaren gainetik aritzeko

Mundakako alkatea Mikel Bilbao zen gertaerak deskribatzen diren garaian, 2019 eta 2020an, eta EAJko herriko Uri Buru Batzarrak presioa egin zion aurreko udalak kontratatutako zerbitzu juridikoak berriz kontratatzeko. Udaleko idazkariak kontratazio horren aurkako txostena egin... [+]


Etxegabetzeak 48 ordutan burutu ahal izateko lege aldaketa proposatu du EAJk

EAJren asmoa da legezko aldaketa azkar bati ekitea, 48 orduko epean etxegabetzeak egin ahal izateko etxebizitzak okupatzen diren kasuetan.


Alonsotegi auziko absoluzioak etsigarriak dira EH Bildurentzat

Joan den asteazkenean ezagutu zen Alonsotegiko ustezko ustelkeria kasuengatik izandako lehen epaiketaren epaia: akusatu guztiak absolbitu ditu Bizkaiko Auzitegiak. EH Bildu aritu da akusazio partikular moduan auzian eta ebazpena "etsigarria" eta... [+]


Eguneraketa berriak daude