argia.eus
INPRIMATU
Nori baino, norekin deitu
Lander Arretxea @larretxea 2016ko otsailaren 04a

Bestelako kontsumo ereduak aipatzen hasi eta normalean lehenengo sektorea etortzen zaigu burura: kontsumo taldeak, bertako produktuak… Baina kontsumo kritikorako neurriak ez dira jan-edanera mugatzen. Azpiegitura erraldoiak behar dituen teknologia eta telekomunikazio sareen alorrean ere sortu dira lehenengo alternatibak. Haietako bat da telefono eta internet zerbitzuak eskaintzen dituen Eticom - Som Conexió kooperatiba. Herrialde Katalanetan abiatutako proiektua da, baina Euskal Herrian ere martxan da dagoeneko.

Erabat burujabe ez, oraingoz

Ohikoa da han eta hemen Movistar, Euskaltel, Vodafone eta abarrek eskaintzen duten zerbitzu opako eta traketsaz kexak entzun edo irakurtzea. Bada, zerbitzu bera irabazi asmorik gabe, eta proiektu parte-hartzaile bezain gardenarekin eskainiz erantzun nahi dio Eticomek egoera horri. Funtsean, zentzua eman nahi diote “norekin deitu?” galderari.

Hori bai, gaur gaurkoz, oraindik ere enpresa handiagoen iturritik edan behar du Eticomek, Oscar Randok argitu duenez: “Telefonia mugikorrean guk lortu ahal dugun burujabetasun handiena da operadore mugikor birtuala (OMB) izatea, hots, sarerik gabeko operadorea. Espainian, Movistar, Vodafone, Orange eta Yoigo enpresek kudeatzen dute sarea. Araudia aldatu arte, guk eskaintzen ditugun zerbitzuak operadore horietako batekoak izan behar dira”.

Bezero beharrean, bazkide

Zein da aldea orduan? Garrantzitsuena: zerbitzua erabiltzen duena bazkidea dela, eta ez ordaindu eta kontsumitzera mugatzen den bezeroa. 100 euroko ekarpena egin behar da bazkide izateko, eta trukean, kooperatibaren erabakietan parte hartzeko aukera dago: zein prezio ezarri, irabaziak zertara bideratu… Horrez gain, bazkide bakoitzak bost lagun gonbida ditzake zerbitzua erabil dezaten.

Bigarren desberdintasunak zerbitzuaren baldintzekin du zerikusia. Batetik, tarifa eta promozio nahasgarriak erabiltzeari uko egiten diote: 9,99 euroko prezioa ipini beharrean, 10 eurokoa jartzen dute. Bestetik, prezio guztiek BEZa barne dute hasieratik: ahal bezain kontratu ulergarrienak osatzen saiatzen dira, letra txikirik gabe; eta kontratatuko zerbitzuak eskaintzen duena baino gutxiago erabiltzen duenik egonez gero, tarifa merkeagoa hartzea proposatzen diote. Neurri horiekin izkin egin nahi diete beste hainbat hornitzaileekin hain ohikoak diren ezuste eta disgustuei.

Eticomek telefono mugikorretarako zerbitzua soilik eskaintzen du oraingoz, baina “buru-belarri” ari dira lanean interneteko konexioa ere eskaintzeko. Horixe dute erronka, sektoreko joeraren kontra, gero eta alor gehiagotara eramatea etekin ekonomikoak baino behar kolektiboak lehenesten dituen kontsumoa. Ez da helburu makala.

ETICOM - SOM CONEXIÓ

Izaera: Kontsumo kooperatiba. Lan ildoa: Telefono eta internet zerbitzuak. Bazkide izateko ekarpena: 100 euro. Lan ildoa: Telefono eta internet zerbitzuak. Noiztik martxan: 2013. Webgunea: eticom.coop/eu/