argia.eus
INPRIMATU
Laugarren industri iraultzarantz?
Juan Mari Arregi 2016ko otsailaren 04a
(Arg: Patxi Cascante)

Oraindik 2007ko finantza eta ekonomi krisi handiaren ondorioak jasaten ari garen arren, jadanik zenbaitzuk hasi dira hitz egiten laugarren industri iraultzaz, Txinako egoerak eta petrolioaren prezio apalek sustaturik. Krisiak milioika enplegu eraman ditu, beste hainbeste lagun pobretu eta gutxi batzuk izugarri aberastu dira. Historian inoiz izan den desberdintasun handiena dago orain: planetako 62 pertsona aberatsenek 3.600 milioi pobreenek adina dute.

Beste industri iraultza bat datorrela egia bada, eta badaude zantzuak norabide horretan, badakigu zein izango diren bere biktimak. Betikoak. Langileria eta herritarrak. Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera 2007ko Atzeraldi Handia hasi zenetik 27 milioi lagun gehiago daude lanik gabe, eta langabeziak gorantz segituko du 200 milioira iritsi arte. Davosen esan dute hurrengo bosturtekoan galduko diren zazpi milioi enplegutik bi baino ez direla berreskuratuko; ia beti kalitatez okerragoak izango dira gainera.

Badakigu kapitalismoak ez duela arimarik, eta enpresen diruak ez du nazionalitaterik. Bizirauteko eta kapitala pilatzen segitzeko, sistemak enpresak ixten jarraituko du, beste batzuk deslokalizatu egingo ditu, soldatak jaitsi, enplegua prekarizatu… Euskal Herrian jada ikusten ari gara hainbat zeinu kezkagarri: AHV zenak, egun Arcelor Mittal-en esku dagoen ACB enpresak, urtebetez itxiko du behin-behinean, eta gero behin betiko. Araban, Aernnovak jarraitzen du ehunka lanpostu murrizten. TRW multinazionala ere prest dago Nafarroan ehunka lanpostu desagerrarazteko. Bitartean, herioan daude makina bat enpresa txiki eta azpi-kontratatu. Industri iraultza kapitalistek ekarritako ondorioen zati bat baino ez da hori.