Hiru herrialde, lau bertso-eskola eta aitzakiarik ez

Azaroaren 14an abian jarri zen Bertsotruk ekimena aitzakia bat baino ez da. Norbere herritik ateratzeko aitzakia, kanturako aitzakia, jolaserako aitzakia, harremanetarako aitzakia, poteorako aitzakia, mahai buelta baterako aitzakia… errealitate desberdinak ezagutzeko aitzakia.

Gu ere aitzakia horren baitan abiatu ginen larunbat goizez gure herrietatik, non eta Barakaldoko “puntan” kantatzeko, bertsoarekin jolasteko, astero bertso-eskolan gu bezala biltzen den jendea ezagutzeko, trago batzuk hartzeko eta neguko lehen hotzetan izoztuta utziko gintuen plater bero-beroa dastatzeko.

Senpereko bertso-eskolatik abiatu zen Gipuzkoa erdian Erniarraizko kideak jaso eta Enkarterrirainoko bidaia egingo zuen trena, eta badirudi Busturialdean geldialdirik egin gabe ezin zela pasa. Euskal Herriko punta batetik bestera beraz, hiru herrialde, lau bertso-eskola, lau errealitate, hogeita hamar lagun eta aitzakiarik ez.

Desafio baten izenburupean baina lagunartean bertsotruk joan ziren potoak, hankaluzeak, hankamotzak, sei edo zazpi puntuko habanerak zortzira iritsi ezinik… ez baikara sekula lehen hitzetan abilak izan. Bertsoez gain ordea, “egun on” lotsati batetik hasi, konpromisozko “hau da hotza dagoena”-rekin jarraitu eta “hurrengoaren zain geratzen gara” irribarretsu bateraino trukatu ziren izenak, hari bolak, zuritoak, patatak, plastikozko koilarak, panderoak, beldurrak, aurreiritziak (“Barakaldon euskararik egingo al dute ba!”, “Azkoitian eta Azpeitian bertsotan egiten ez duenik ba ote dago?”, “Iparraldekoak…iparraldekoak dira!”) … eta trukatu genituen txaloak, algarak eta konplizitate begiradak ere, dena nola ez adin eta belaunaldi ezberdinetako bertsozaleen artean.

Bestelakoak izan ziren elkargune hartatik norbere etxeko puntaraino eginiko itzulera bidaian genituen burutazio eta hausnarketak. Ikusi zen Senpereko bertso-eskolan zer irakatsia badutela, baita urteetan bertsolarien sehaska izan den bailaran entzule izan nahi dutenak ere badaudela. Enkarterriko bertso-eskolak berriz dotore erakutsi zigun lau urtez behineko BEC-etik haratago euskaratik eta euskaraz bizi nahi duen Barakaldo bat badagoela eta bertsoa horretarako tresna bat gehiago dela. Badugu elkarrengandik zer ikasia, norbere bizipenetatik eta besteen bizipenen truke, topaketa bakoitza festa bihurtuz.

Beraz, esango nuke larunbateko zitan bost gradutan mingainak erre zizkigun patata platerkada baino zerbait gehiago sukaldatu genuela Barakaldoko kaleetan zein gaztetxe atarian, eta hau hasi baino ez da egin. Martxan da Euskal Herri osoko txoko txikienak ere zeharkatuko dituen Bertsotruk-a, bertsolari, bertsozale eta hurbil dabilen edonor xaxatuko duena. Gu zalantzarik gabe hurrengo topaketaren zain geratzen gara.

Bertsotruk ekimena

Urtarrilaren 16an Barakaldon elkartu ziren Senpereko bertsolariak, Enkarterrietako Bertso-eskola (Kilika); Errezil-Azpeiti-Azkoitiko Bertso-Eskola (Erniarraitz) eta Gernikako Bertso-eskola (Lilibertso).


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolaritza
Aroa Arrizubieta txapeldun

Manex Agirre txapelaren ertzean


Larunbatean izanen da Arabako Bertsolari Txapelketaren finala

Gasteizko Printzipal Antzokian izanen da Arabako Bertsolari Txapelketaren finala, 17:30ean. Ez da inoren estreinako aldia izango finalean.


2024-03-04 | Bertsozale.eus
Asier Otamendik irabazi du Dulantziko finalerdia eta finala erabakita geratu da
Larunbat honetan jokatu da bigarren eta erabakiorra izan den finalerdia Dulanziko Kultur Etxean. Asier Otamendik bereganatu du martxoaren 16an jokatuko den finalerako bigarren txartela.

Onintza Enbeita
“Honetan guztian egon nahi dut, hau guztia ukatu zaigun garaian ere egon naizelako”

Hamahirugarren Bizkaiko Bertsolari Txapelketa eta bederatzigarren finala izan ziren iazkoak Onintza Enbeita Maguregirentzat (Muxika, 1979). Irautearen esfortzua eta poza ederki ezagutzen ditu, bertsotan zein handik kanpo, eta horri esker dago dagoen lekuan. Irauteko aldatzeari... [+]


Eguneraketa berriak daude