Bazen behin errealitatea. Mundua mundu denetik aritu dira gizakiak (bai, bai, gizonezkoak batez ere…) errealitatea zertan den asmatzeko ahaleginetan. Galderak hain zorabio handia eragin zezakeenez, Jaungoikoa jaio zen. Gurasorik gabeko jaungoikoa, errealitateaz arduratutako izaki bizidunei kontsolazio apur bat emateko sortua. Beste batzuek, berriz, erantzuna esperientzian aurkitu nahi izan zuten: azken finean izaki arduragabeek sentsazioetan oinarritzen dute errealitatea. Ikusi, ukitu, usaindu, dastatu, entzun… daitekeena da, ez besterik.
Baina senak –onak zein txarrak– beste zerbait zegoela esan zigun. Amodioa, logura, gosea, bakea, ametsak… Edota dirua. Ai, dirua… Diruaren agerpenak salerosketak errazteko helburua izan zuenean, arduratutako izaki guztiak saltzera eta erostera dedikatu ziren. Amodioa, bakea, ametsak… dena bihurtu zuten salgai, erosgai.
Eta ekinaren ekinez dena salduta eta erosita zegoenean, saltzeko eta erosteko ezer gutxi falta zenean, errealitateari erreparatu zioten.
Mundua mundu zenetik aritu zen nor bere bizitza bizitzen. Bizitza bakarra, heriotza bakarra. Eta gainontzeko guztia, ipuinak, kondairak eta elezaharrak, baina ez errealitatea. Ahoz aho zebiltzan batekoak, eta aretoz areto ikusitako fikzioak. Baina ez egia.
Saltzen eta erosten jarraitu behar zenez, errealitateari azken itzulia ematen ahalegindu dira. “Errealitate areagotua”, errealitateak berak informazio nahikoa ematen ez digunean. Edo “alegiazko errealitateak” inguratzen gaituenak asetzen ez bagaitu.
Miarritzen amaitu berri den Ikus-entzunezko Programen Nazioarteko Jaialdiak Smart FIPA izeneko atalaren barruan narrazio berriak eraikitzeko azken joerak aurkeztu ditu. Orain arteko gako-hitza transmedia bazen, hemendik aurrera dastamena eta usaimena oinarritzat dituzten esperientziak abiatzen hasi dira.
Esperientzia berriak direla diote. Baina, nik papera igurtziz usain goxoa zerieten liburuxkak gogoratzen ditut, duela urte asko geratu ziren zaharkituta. Eta egun usaimen-marketinaren atzean merkatal-guneen edota hotelen hamaikagarren apaingarria baino ez dago.
Gaur teknologiak ahalbidetu duenak Famous Deaths du izena. Muammar al Kadafi, Lady Di, Whitney Houston eta John F. Kennedy hil baino lau minutu lehenago, zer entzun zuten, zer usaindu zuten? Hori da kabina batean sartuta usain-entzuleak bizi dezakeen esperientzia, eros dezakeen bizitza, bizi dezakeen heriotza. Ikerketa historikoari esker (sic), palomiten, larruzko jesarlekuen, koloniaren edo bolbora eta odolaren usainak salgai. Ikaragarria, omen.
Erreala Miarritzen salgai. Usaimena, izaki arduragabeen zentzumena.