Heriotzaren usaina (salgai)

Bazen behin errealitatea. Mundua mundu denetik aritu dira gizakiak (bai, bai, gizonezkoak batez ere…) errealitatea zertan den asmatzeko ahaleginetan. Galderak hain zorabio handia eragin zezakeenez, Jaungoikoa jaio zen. Gurasorik gabeko jaungoikoa, errealitateaz arduratutako izaki bizidunei kontsolazio apur bat emateko sortua. Beste batzuek, berriz, erantzuna esperientzian aurkitu nahi izan zuten: azken finean izaki arduragabeek sentsazioetan oinarritzen dute errealitatea. Ikusi, ukitu, usaindu, dastatu, entzun… daitekeena da, ez besterik.

Baina senak –onak zein txarrak– beste zerbait zegoela esan zigun. Amodioa, logura, gosea, bakea, ametsak… Edota dirua. Ai, dirua… Diruaren agerpenak salerosketak errazteko helburua izan zuenean, arduratutako izaki guztiak saltzera eta erostera dedikatu ziren.   Amodioa, bakea, ametsak… dena bihurtu zuten salgai, erosgai.

Eta ekinaren ekinez dena salduta eta erosita zegoenean, saltzeko eta erosteko ezer gutxi falta zenean, errealitateari erreparatu zioten.

Mundua mundu zenetik aritu zen nor bere bizitza bizitzen. Bizitza bakarra, heriotza bakarra. Eta gainontzeko guztia, ipuinak, kondairak eta elezaharrak, baina ez errealitatea. Ahoz aho zebiltzan batekoak, eta aretoz areto ikusitako fikzioak. Baina ez egia.

Saltzen eta erosten jarraitu behar zenez, errealitateari azken itzulia ematen ahalegindu dira. “Errealitate areagotua”, errealitateak berak informazio nahikoa ematen ez digunean. Edo “alegiazko errealitateak” inguratzen gaituenak asetzen ez bagaitu.

Miarritzen amaitu berri den Ikus-entzunezko Programen Nazioarteko Jaialdiak Smart FIPA izeneko atalaren barruan narrazio berriak eraikitzeko azken joerak aurkeztu ditu. Orain arteko gako-hitza transmedia bazen, hemendik aurrera dastamena eta usaimena oinarritzat dituzten esperientziak abiatzen hasi dira.

Esperientzia berriak direla diote.  Baina, nik papera igurtziz usain goxoa zerieten liburuxkak gogoratzen ditut, duela urte asko geratu ziren zaharkituta. Eta egun usaimen-marketinaren atzean merkatal-guneen edota hotelen hamaikagarren apaingarria baino ez dago.

Gaur teknologiak ahalbidetu duenak Famous Deaths du izena. Muammar al Kadafi, Lady Di, Whitney Houston eta John F. Kennedy hil baino lau minutu lehenago, zer entzun zuten, zer usaindu zuten? Hori da kabina batean sartuta usain-entzuleak bizi dezakeen esperientzia, eros dezakeen bizitza, bizi dezakeen heriotza. Ikerketa historikoari esker (sic), palomiten, larruzko jesarlekuen, koloniaren edo bolbora eta odolaren usainak salgai. Ikaragarria, omen.

Erreala Miarritzen salgai. Usaimena, izaki arduragabeen zentzumena.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
"Mario Lopez" eta "Gernika"

Krimen matxistak, mediatizatzen direnean, emakumeontzat lezio bilakatu ohi dira, eta bizirik badago, biktimarentzat. Nerea Barjola ikertzaileak Alcasserko kasuaren bidez azaldu zigun hori. Eta Nagore Laffageren hilketak ere lezio astun bilakatzeko arriskua izan zuen, lezioa... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


2024-03-31 | Diana Franco
Teknologia
Gorputzaren memoria

Mekanografia ikasi baduzu, gitarra jotzen, josten edo eskuz idazten, ulertzen duzu zure gorputzak zelan memorizatzen dituen zenbait jarduera. Gorputza eta adimena modu miresgarrian daude harremanduta, bat dira. Gizakiok sortu dugun teknologia eta honek gure gorputzarekin duen... [+]


Energia berriztagarrien zabalpen masiboaren iruzurra

EH Biziriketik sarritan salatu izan dugu energia berriztagarrien zabalpen masibo honen atzean   ezkutatzen   den   eredu   ekonomikoa.   Hazkunde   ekonomikoa   ezinbesteko baldintza duen eredu ekonomikoan... [+]


Eguneraketa berriak daude