Espainiako Estatuari Europar Batasunak ezarritako ekonomi neurri zorrotzak urrats desberdinetan gauzatzen joan dira. Atzeraldiaren hasieran, “debaluazio konpetitiboaren” aldeko neurriak hartu ziren batez ere. Langabeen igoerarekin batera langileen soldaten jaitsiera bizkorra bilatu zen. Horretarako lan merkatuaren erreforma izan zen giltza. Euroaren barnean egonik txanponaren debaluaziorik ezean, lan kostuen beherakada omen zen lehiakortasuna hobetzeko bide bakarra. Lanaren galerak eta soldaten mozketek zerga sarreren zein gizarte kotizazioen beherakada nabarmena ekarri zuten. Jaitsiera horiek berehalako eragina izan zuten diru bilketa publikoaren beherakadan.
Bigarren urratsa gastu publikoaren murrizketa izan zen, batez ere gastu sozialarena. Madrilgo zein Gasteiz eta Iruñeko gobernuen finantza baliabideak gutxitu izanaren logika erabilita hezkuntzan, osasunean eta bestelako zerbitzu zein prestakuntza sozialetan murrizketa indartsuak eman dira. Orain badakigu adibidez, pentsio fondoen zuloa –Estatuan 16.500 milioi euro– soldaten murrizketak eragindako kotizazio sozialen igoera xumeak izan direla.
Desberdintasun sozial eta ekonomikoen igoerak itxuratzen duen aldia dator orain. Oxfam erakundeak (Gobernuz Kanpoko Erakundearen federazioa) duela bi aste aurkeztutako txostenak argi erakusten du: Zipreren ondoren Espainiako Estatuan eman da 2007az geroztik EBko herrialdeen arteko errenta banaketaren arloko desberdintasunen igoerarik handiena. Ondorioz, Espainiako herritarren %30 pobrezia edota bazterketa sozialaren arriskuan dago. Aldiz, Ibex35 delakoan kotizatzen duten enpresek aurreko urteko lehen bederatzi hilabeteetan beren irabaziak %22 igotzea lortu zuten. Langabeziaren tamaina (%21,2) eta sortzen ari den kalitate eskaseko lan prekarioa kontuan hartuta kohesio soziala are gehiago pitza daiteke etorkizunean.
Azken urteko BPGren %3ko igoera eta Gizarte Segurantzaren milioi erdiko afiliazio gehigarria datu makroekonomiko positiboak dira aspaldiko partez. Baina Espainiako ekonomiak oraintxe dituen arazo larriak ikusita, zazpi urteko atzeraldiak ez duela etenik izango erakusten du. Hasteko, zor publikoa oso indartsu igo da azken urtetan BPGren %100 izateraino. Are gehiago, bankuek jasotako diru publikoa barnean sartuz gero, zor publikoa BPGren %132 da. Iazko defizit publikoa %4,5 izan zen, Europako Batzordeak ezarritako mugatik gora hiru hamarrenetan. Eta kanpo zorra ere erraldoia du Espainiako ekonomiak. Orotara, Espaniako Estatua munduko zortzigarren herrialdea da zor osoari erreparatuta.
Azken zortzi urtetan Bruselak ezarritako defizitaren helburua ez du bete ahal izan Espainiako Gobernuak eta zaila du datorren gobernuak ere –edozein kolore duela– 2016rako ezarritako BPGren %2,8ko muga betetzea. Helburu hori betetzekotan 9.000 milioi euroko murrizketa gehigarria beharko da (urtebetean azpiegiturarako erabili ohi den kopurua). Murrizketak sakontzera jo beharko du gobernu berriak, beraz.
Austeritate aldi luzearen ondoren gastu soziala igotzeko grina handitu da, azken hauteskunde kanpainan ikusi dugun moduan. Baina zaila du gobernu berriak horiei erantzun egokia ematen, Bruselarekin tentsioa igotzeko aukerak handiak diren neurrian. Batzordearen atea jo beharko du gobernu berriak malgutasun eske. Defizit publikoaren helburua bete ahal izateko epea luzatzea eskatzea da normalena. Baina europar batzordekide batzuek (Pierre Moscovici sozialdemokratak barne) neurri zorrotzagoak nahi dituzte, gobernu berriak doikuntza neurri gehigarriak aurkeztea nahi dute eta ez dute defizita betetzeko epea luzatu nahi. Zazpi urte galduak ez dira aski izan nonbait.