argia.eus
INPRIMATU
Doinu gordinagoak
Joxi Ubeda Goikoetxea 2016ko otsailaren 05a

The Uski’s taldeak rock and roll, pop rock, surf rock, garage eta pop doinuak uztartzen jarraitzen du, baina apur bat gogortu, gordindu eta amorratu egin da. Disko berriko kantuak gogorragoak dira, eta soinua gordinagoa eta zikinagoa da. Taldekideek melodiak sortzeko erraztasun handia dute, ahotsak garrantzitsuak dira, baina lan berrian koruak ez daude horren landuta eta gitarrek presentzia handiagoa hartu dute.

Taldekideei barrenetik irten zaie hori guztia. “Bizitzak apur bat katramilatu egin zaizkigu”, esan zuten udazkenean diskoa aurkeztu zutenean, eta horrek eragina izan du euren musikan. Dena den, haien ohiko bizitasuna, etorria, gatza eta piperra ez dute galdu, eta dozena bat kantu polit bildu dituzte lan berrira. Urdulizko Tio Pete estudioan aritu dira, Jose Lastra teknikariarekin, eta ekoizpen lan ona egin dute.

Iñigo Eiguren (ahotsa), Jon Zameza (gitarra, baxua, ahotsak), Anartz Laka (gitarra, baxua, ahotsak), Oier Laka (gitarra, baxua, ahotsak) eta Iñaki Astoreka (bateria) dira The Uski’s taldeko kideak. Ibarrangelu eta Elantxobe herrietakoak dira, eta inguru horretan erabiltzen duten bizkaieraz kantatzen dute.

Hitzetan, beti bezala, eguneroko bizimoduko kontu txikiez eta ez hain txikiez mintzo dira, eguneroko gertaerez eta egoerez, harremanez eta sentimenduez, baina lan honetan aurrekoetan baino gehiago egin dute kritika soziala eta politikoa: “Zetan ete zabiz egun osue biharrin, bizije bertan izten nahi dozun beste ahal daizun erosi, zetako zabizen gaba ta egun Interneten sekule biziko eztozuzen bizijekaz amestuten” (Begijek erei), “Mr. Bajoi hametik dabilenien ustel usaine susmatzen dot airien, ardiz jantzitze etortzen diren arren demoninun buztana hanka tartien” (Mr. Bajoi). “Goiza hasten den bakoitzean, zeure aurpegixe agertzen da niri buruen, zelan esan, egunon laztan, eta musiki ipini ta bixok jantzan” (Goiza hasten).

Taldea 90eko hamarkadaren amaieran sortu zen, bost disko dauzka kalean –Itxosun zarati (Oihuka, 2005), Barikun (Oihuka, 2007), Katuek bezala (Baga Biga Produkzioak, 2009), Tximinotan (Baga Biga Produkzioak, 2012) eta The Uski’s (Baga Biga Produkzioak, 2015)–, eta kantuz kantu, diskoz disko eta emanaldiz emanaldi sendotzen ari dela nabarmena da.

The Uski's

Taldea: The Uski's

Diskoetxea: Baga Biga produkzioak

Urtea: 2015