argia.eus
INPRIMATU
Beranduegi
Ane Labaka Mayoz 2016ko otsailaren 05

1.


Belaunburuak bihurtu zaizkit

familia honen parte

zenbat sehaska kanta, bizipen

nahiz fikziozko pasarte…

Atzo esker hitz izandakoak

bihurtzen dira bihar ke,

sarri askotan zail da hartzea

betebeharrak bitarte

norberarentzat bi tarte…

hautu izan ez diren ardurek

zama handia dakarte;

beti besteak zaintzen jardun naiz

nitaz ahaztu naizen arte.

2.
 

Amona batek ingurukoei

zor die mila maitasun

doako lana denak ordea

ez du nahiko duintasun.

Sukalde baten kabitzen bada

horrenbeste goxotasun,

pazientzi eta ume txikien

negar sarkorren oihartzun…

“Besteok lagun gaitzazun,

jakin nahi nuke astirik eta

indarrik ba al daukazun…”

galdera egin ez diotenak

ezin du ezetz erantzun.

3.


Nahiz maitasuna uler lezaken

bakoitzak mila eratan

ezkondu eta mende erdia

gero elkarri zelatan

haserraldiak ugari eta

besarkadak horren bakan

behin estimatzen jakin gabea

sumatzen dut orain faltan,

gu bion arteko talkan

mila zatitxo erditu dira

bizitzen azken etapan;

lehen elkarrekin lokartzen ginen

gaur egun ohe banatan.

4.


Mesanotxeko argazki zaharrak

ditu izkina horiak,

gu ere berdin horitu gaitu

denboraren memoriak

gure oheek gau ilunean

dirudite hilobiak,

non galdu dira garai bateko

izarapeko gloriak?

Errutinan eroriak

nire desio ezkutuenak

lapurtu dizkit Ongiak

mihiak kontatu ezin zuena

gordetzen du klitoriak.

5.


Bizitzan zehar irentsia dut

jakinmin adina listu

neukana eta zegokidana

onena zela sinistu.

Nintzena eta nahi nukeena

ezin nituen bereiztu

ametsen forma hartu ohi zuten

horma arteko zirriztu

guztiak ziren murriztu

nahiz ta tarteka berriz zerotik

hasteko gogoa piztu

nire beldurrek bihurtu dute

tentazioa arrisku.

6.


Arrisku gisa ikusi ditut

hanka sartzeko aukerak

nahigabe hartuz besteek nitaz

esperotako jarrerak.

Hirurogeita hamar urteko

emakume hain onberak

ondokoei so ahaztu baitu

berez zer nahi zuen berak…

Urteen bilakaerak

nire barruan zabaldu ditu

borrokarako trintxerak

orain artean inoiz egiten

ausartu ez naizen galderak.

7.


Amuen forma sarri gordetzen

da galdera ikurrean;

aldatu nahia orekan eta

esperantza beldurrean.

Etorkizuna ez, iragana

daukat esku ahurrean

zartatu dena baserriko lan

nahiz baratzeko lurrean

guztia ez da urre han…

Nekea daukat tatuatuta

orain azal zimurrean

nire burua ezezagun zait

ispiluaren aurrean.

8.


Ezezaguna ezagutzea

niretzako da zilegi,

lehenik eta behin guztia argi

esango diot Joxeri

ondoren, berriz, mahai inguruan

seme-alabekin eseri:

“Lehertu egin naiz eta banoa,

ezin dut horrela segi,

sufritu baitut gehiegi…”

Maiz aldaketa batek ez dauka

zertan izan amildegi

berandu izan daiteke baina

ea ez den beranduegi.

Doinua: Bizkorra ez naiz baina badaukat.

Zapirain anaiak XXVII. Bertso-Paper Lehiaketako sorta irabazlea.