Norbera abiapuntu, gizartea helburu

  • Informatzea, norberaren lana ezagutzera ematea, kulturaz nahieran gozatzea, eskubide bat defendatzeko laguntza bilatzea… Asko izan daitezke proiektuei ekiteko arrazoiak. Gehienetan pertsonalak dira egitasmoak, baina gainerakoekin partekatuta gizartearenak bihurtuak; zilegi da horiei aitorpena egitea: aurten Gure Bazka, Goiz Berri, Azpitituluak.com, Gora Gasteiz!, Loreak eta Joxerra Senarri.

Ezkerretik eskuinera, goian: Arantxa Idieder (Goiz Berri), Joxe Arantzabal (azpitituluak.com), Joxerra Senar, Joxe Mari Goenaga (Loreak),  Iñaki Gomez (Loreak), Iban Zaldua (Gora Gasteiz!), Zuriñe Estivariz Martinez de Antoñana (Gora Gasteiz!), Battitt Cr
Ezkerretik eskuinera, goian: Arantxa Idieder (Goiz Berri), Joxe Arantzabal (azpitituluak.com), Joxerra Senar, Joxe Mari Goenaga (Loreak), Iñaki Gomez (Loreak), Iban Zaldua (Gora Gasteiz!), Zuriñe Estivariz Martinez de Antoñana (Gora Gasteiz!), Battitt Crouspeyre (Goiz Berri). Behean, Luistxo Fernandez (azpitituluak.com), Lander Arretxea (Gure Bazka), Mikel Roman (Gure Bazka), Kepa Matxain (Gure Bazka), Unai Gaztelumendi (Gure Bazka), Kriztof Arotzarena (Goiz Berri). (Argazkia: Dani Blanco)

IKUS-ENTZUNEZKOA: Gure Bazka

Hiru Damatxo ideia faktoriaren aurkezpen lana izan da Gure Bazka elkarrizketa sorta. Hamabi bideo-elkarrizketa Kepa Matxain, Lander Arretxea eta Unai Gaztelumendik ongi aukeratutako gonbidatuekin. “Saiatu ginen guretzako erreferentziazkoak ziren eta interesgarriak zitzaizkigun pertsonak zerrendatzen, kanpora begira gai eta pertsona batzuk erakusteko modua zelako, baina baita gu haiekin harremanetan jarri eta ikastekoa ere”, dio Arretxeak. Horregatik, ikus-entzunezkoetan jasotako ideiez gain, bazkalorduan banatutako hitz eta ezagutzaren plazera azpimarratu ditu.

Beñat Irasuegi, Estitxu Eizagirre, Beñat Sarasola, Lander Garro, Cat Boyd, Arantza Santesteban, Uxoa Anduaga, Gari Garaialde, Gure kabuz ala hil dokumentaleko egileak, Lorea Agirre, Iñigo Astiz eta Joxerra Garzia izan dituzte bazka. “Sail izaera emateak elkarrizketa bakoitzetik harago, guztiari beste zentzu bat, osotasun bat, ematen dio”.

Horretan utzi dute saila, “hainbat gaiekiko gure kezkak eta posizioa zein zen adierazteko ere bazirenez, ikusi genuen hamabi horiekin ukitu nahi genituen alor gehientsuenak ukitu genituela”.

IRRATIA: Goiz Berri

Goiz Berri irratsaioan emandako albisteekin esnatzen dira goizero Gure Irratia, Antxeta Irratia, Xiberoko Botza eta Irulegiko Irratiko entzuleak. 07:00etan ekiten zaio egunari, Kriztof Arotzarena eta Battitt Crouspeyren ahotsean, eta ostiraletan Arantxa Idiederrek hartzen du bietako baten lekua.

Ipar Euskal Herria, Hegoaldea eta munduko albisteak dituzte ardatz, eta gaurkotasunaz informatzea helburu. “Egunero erredakziotik bidaltzen diguten erreportaje bat dugu Ipar Euskal Herriko gai bati buruz, nazioarteko albisteak saioan bi aldiz, euskal prentsaren irakurketa eta gonbidatu bat aktualitateari lotua egunero 15 minutuz”. Astean behin gai sozial, zuzenbideko edo ekonomikoez kronika izaten dute.

Denboraldi berriko erronka entzuleei boz gehiago ematea izan da: “Astelehenero entzule batek txiste edo istorio bat kontatzen digu hurrengo asterako beste norbait izendatuz. Asteartero beste batek bere iritzia ematen du aktualitateaz. Alde horretatik erantzuna baikorra izan da”.

Horri guztiari buruzko informazioa emateko lekua bilatzen dute astelehenetik ostiralera 09:00ak bitarte.  

INTERNET: Azpitituluak.com

Luistxo Fernandezek filmak azpitituluekin ikusten zituen eta euskaraz horrelakorik ba ote zen bere buruari galdetu zion. Saio pertsonal bat egin eta “seme-alabekin arrakasta” izan zuela ikusita beste batzuek landutakoak hartu eta webgune txiki batean bildu zituen. 2008a zen eta jada 700 azpitituluen muga pasa du. Ez da bere lana bakarrik izan, hasieratik izan baitu elkarbanatzeko ideia, bai azpitituluak deskargatzeko bai kargatzeko garaian. Bietarako azalpenak aurki ditzake erabiltzaileak azpitituluak.com webgunean.

Antzeko ahalegin instituzional batzuk ere badirela gogoratu du Fernandezek, baina pixka bat motelduta daudela uste du. “Filmazpit-en ari dira pelikulak argitaratzen baina nik espero nuen aurten hasiko zirela beste asko publikatzen. Orain dela urte eta erdi inguru iragarri zen akordio bat Canal+ eta Eusko Jaurlaritzaren artean eta dozenaka film euskaratuko zirela azpitituluen bidez esan zen eta gainera ondare publiko izango zirela. Ez dago notizia gehiago”.

Iaz apur bat murriztu ziren Azpitituluakeko erabiltzaileen ekarpenak eta aurtengorako erronka xumeagoa jarri zuen Fernandezek.

SUSTAPEN EKINTZA: Gora Gasteiz!

Ez da urrun Marotok etorkinen aurkako eta gizarte laguntzen inguruko esanekin Gasteizko giroa gaiztotu zuen garaia. Orduan –2014ko azaroan– sortu zen Gora Gasteiz! herri ekimena, hain zuzen ere, egoera horren aurrean gizartea aktibatu eta herritar anitzen arteko elkarbizitza sustatzeko. “Sektore ugaritatik, kasu batzuetan antolatuagoetatik besteetan ez hainbeste, sortu zen, erakusteko Gasteiz beste zerbait zela eta beste zerbait izan zitekeela, badaukala hiriak tradizio bat etorkinen hiri bezala, bidegurutze bezala”, dio Iban Zaldua ekimeneko kideak.

2015eko apirilaren 18a hartu zuten gasteiztarrak aktibatzeko egun gisa eta Gora Gasteiz Eguna ospatu zuten. “Nahiko arrakastatsua izan zen eta lagundu zuen hirian egon zen giro aldaketarako. Uste dut orain hobeto arnasten dela Gasteizen gai horiei dagokionean, arazoak desagertu ez badira ere”.

Gora Gasteiz! ez zen sortu betiko ekimen gisa, eta oraingoz taldea lozorroan badago ere, dokumentala lantzen ari dira: “Ez du jarraitzen bere horretan baina jarraitzen du espirituan beste mugimendu batzuetan”.

IDATZIA: Joxerra Senar

Gizartea ekonomiari begira jarri den garaiotan, ekonomia kazetaritza era ulergarrian egitea ezinbestekoa da. “Nafarroako Kutxaren hondamendia, Volkswagenen BEZaren afera edo beste hainbat gertaera modu ulergarrian eta argigarrian azaltzea da iparrorratza”, dio Joxerra Senar Berria egunkariko ekonomia kazetariak. Krisi aurretik ere gaiok modu “erakargarri eta pedagogikoan” lantzen saiatzen ziren eta horrek trebatu eta esperientzia hartzen lagundu die.

Krisiak enpresa eta erakundeen barruko gertaerei begira jarri du, besteak beste, kazetaritza. Ildo horretan CAN: Eta hemen ez da ezer gertatu liburua argitaratu zuen iaz Senarrek. Ikerketa kazetaritza mota horrek “borondate hutsetik haragoko zerbait eskatzen du. Nafarroako Kutxaren kasuan benetan zer gertatu zen jakiteko irrika nuen eta ELAk liburua idazteko proposamena egin zidanean aukera baliatu nuen. Inportantea da babes hori izatea, zure kabuz egitea ez delako batere erraza: zure lanarekin uztartu behar duzu eta denbora astialditik atera”. Hala ere, jendeak ikusmina baduela, “eta euskaraz, apurka” ari direla kazetaritza liburuak ateratzen dio.

MEREZIMENDUZKO SARIA: Loreak filma

Film baten gutxi gorabeherako zikloa urtebetekoa omen da, Loreak filmarena aldiz berrindartu egiten da apaltzera doala dirudien bakoitzean. 2014ko Donostiako Zinemaldian estreinatu eta publiko eta kritikaren oniritzia jaso ondoren Goya sarietarako izendapenak arreta piztu zuen Espainiako Estatuan eta Oscar-etan parte hartzeko aukerak iaz nazioartean. Joxe Mari Goenaga eta Jon Garaño dira zuzendariak eta azkenaren esanetan, “sentsazioa dugu pelikularekin gertatutakoa txirrindularitzako mendiko etapa baten parekoa izan dela. Azkeneko mendia kategoria berezikoa izan da”.

Helmugara ez heltzearen penaz dihardu, “ez delako erraza izango berriro horrelako koiuntura batean egotea”, baina esperientzia oso ona izan dela dio. Gure hizkuntza, kultura eta nortasuna munduan barna eraman dituzte baina “ibilbide honetan gakoa pelikula Donostiako Zinemaldian aurkeztu eta izandako harrera positiboa da, uste dut horri esker etorri dela gainerako guztia”.

Jasotako sariak beraien lanarentzat baino harago, euskal zinemarentzat direla sentitzen dute: “Pelikula txukunak egiten ari gara eta zentzu batean hori saritzen ari zarete eta ari dira”.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude