Presevo Europaren ateko ilaratik

  • Irakeko 2003ko inbasioak desegonkortasun sozial, politiko eta erlijiosoak sortu zituen Ekialde Hurbilean. Gaizki izendatutako arabiar udaberriek lehendik piztuta zeuden suei betagarri eman diote eta eskala biblikoan bakarrik neurtu daitekeen exodoa sortu dute Europarantz.

“Barku bat hondoratzean lehenbizi ihes egiten dutenak arratoiak izaten dira. Gu hondoratzen ari den barku handienaren arratoi horiek gara. Hondoratutako barkuetara ez dira sekula arratoiak itzultzen. Ur azpian dagoena betiko han geratzen da-eta” dio Abdallah Samir 34 urteko mediku siriarrak. Raqqatik ihesi dator bere familiarekin batera eta dotore jantzita Presevoko (Serbia) kaleetan Kroaziara eramango duen taxi baten bila dabil. Bere hitzetan, “Dirua dugu, baita pasaporteak ere. Greziara Turkiako mafiak eta poliziak bultzatuta iritsi ginen. Ez ziguten Turkian gelditzen utzi. Raqqatik irten eta muga zeharkatzean furgoneta batean sartu eta zuzenean Lesboserako barkuan sartuko ginen tokian utzi gintuzten. 1.500 euro ordaindu genituen behartuta”. Gaineratu duenez, “polizia turkiarra eta mafiakoak elkar laguntzen ari ziren, zigarroak ematen zizkieten batak besteari”. Emaztearekin eta bi haur txikirekin Norvegia edo Suediara iritsi nahi duela aitortu du. “Alemanian nire herriko jende gehiegi pilatuko dela uste dut. Ez naiz jada nire bizilagunez fio. Arazoak sortuko dituzte eta horrek ezer egin ez dugunon aurka arrazakeria sor dezake. Ez dut arabiarrak dauden tokira joan nahi!” gehitu du mediku gazteak.

Gutxik pentsatzen dute halere Abdallah-k bezala. Gehienek Siriako eta Irakeko gatazketatik ihes egin dute. Bakarrik edo familiekin. “Ez genuen Turkiatik beste inora mugitzea pentsatzen, baina Suruc-eko (Turkia hegoaldeko herrixka) kanpamentuan telebista turkiarra ikusten genuen eta bertan Alemaniak behartsu eta kanpotarrentzat nolako laguntzak dituzten ikusita beste asko bezala bertara iristen saiatzea zilegi izango zela pentsatu genuen” adierazi du Asiaha Halil-ek, 47 urteko emakume kurdu-siriarrak. “Surucen mafia turkiarrek barkuan Lesbosera iristea 20 minutuko kontua zela esan ziguten eta poliziek inolako paperik ez zigutela eskatuko. Pertsonako 100 euroren truke Grezian egongo ginela zin egin ziguten” dio haserre Kobanen jaiotako Asiahak. “Ez zen horrela izan eta gure maleta asko kendu ondoren familiako 2.000 euro eskatu zizkiguten. Azkenean 1.200 euro ordaindu behar izan genizkion bitartekaritza lanak egin zituen polizia bati”. Atzetik senarra etorri zaio, kristaua da bera eta Ismael du izena. Gurutzea darama lepoko: “Nik egin behar izan nituen kapitain lanak inongo esperientziarik izan gabe. Bi minuturo motorra itzaltzen zen eta itsasoak noraezean eramaten gintuen. Motorra pizten genuenean beste bi minutu genituen berriro itzali arte. Eguraldia zakartzen zihoan eta bost orduren ondoren barku greziar batek erreskatatu gintuen. Harrezkero ganaduak bezala garamatzate alde batetik bestera dirurik ez dugunok. Dohain da bai, baina egoten garen moduan ikusita erraz ulertuko du jendeak zergatik diogun ganaduak bezala tratatzen gaituztela” esan du Ismaelek.

Herrien arteko ikusezina

Presevon gehiengoa musulmana da eta jatorri albaniarra dute, ez serbiarra. Mazedonia eta Kosovorekin muga egiten duen 12.000 biztanleko herri nekazaria da. Halere berezitasun handi bat du eta Serbiako poliziak ere ondo asko daki hori. “Hemen agintzen duena mafia da, mafia albaniar-kosovarra” dio Mikhailek, Belgradetik ekarri duten polizia gazteak. Berak ere dirua biltzen duenean beste norabait joan nahi du bizitzera, oraindik nora ez badaki ere. “Ezinean gabiltza errefuxiatu olde honi aurre egin nahian. Atzo 4.000 eta 5.000 pertsona artean pilatu ziren kale honetan eta bultzaka hasi zirenean aurrean dagoen hesi hori erori eta hiru pertsona hil ziren. Mafien errua da hori. Mazedoniako mugan zain izaten dituzte autoarekin eta paper faltsu batzuk ematen dizkiete pertsonako 50 euroren truke. Ilararen atzean daudenean uste dute aurrerantz joan daitezkeela paper horiekin. Baina ez da horrela. Ia denek izaten dituzte paper faltsu berdinak eta orduan liskarrak sortzen dira jatorri desberdinetako pertsonen artean. Guk hemen ezin dugu ezer egin, giroa nahasten denean baretzea ez bada. Gainera Mazedoniak ez digunez ofizialki zenbat datozen esaten ere ezin dugu beste ezer jakin” gehitu du Mikhailek ilarara begiratuta eta hasperen egin ostean. Adierazpen horrek agerian uzten du Balkanetako herrien arteko ezinikusia. Kroaziako Gobernuak Ranko Ostojic barne ministroaren bidez adierazi zuenez, Serbiak ere ez dio esaten zenbat errefuxiatu datozen eta ondorioz deskoordinazio handia sortzen da muga inguruetan.

Espainiako Estatuko Remar Gobernuz Kanpoko Erakundeko Juan Carlos mafiak mugitzen diren toki horretan lan egindakoa da: “Mazedoniatik sartzen diren errefuxiatuak mafiako buruzagi baten lursailetik sartzen dira. Ez dakigu nork erabaki zuen horrela egitea baina trenez Presevo erdiraino iritsi zitezkeen. Aldiz, 10 kilometrora gelditzen dira lursail pribatu baten ondoan. Bertan mafiako buruzagi horren langileek errefuxiatuak engainatzen dituzte, eta gero datorrena dator. Mafiaren aurka joan ezean ez dago ezer egiterik” dio atsekabetuta Juan Carlos madrildarrak.

Presevo inguruan mafia albaniar-kosovarrak indar gehiago du gobernuak baino. Herritik Mazedoniara doan bidexka bat hartzen duen orok ikusiko ditu luxuzko etxe erraldoiak. Getxoko Neguri auzoaren parekoa dela esan daiteke, diferentzia bakarrarekin: etxe denak hutsik daude. Izenik esan nahi ez duen artzain batek dioenez, “Kanpotik ekarritako diruarekin etxe hauek egiten dituzte poltsikoko dirua garbitzeko. Kotxe garestiak ere erosten dituzte, baina gero Alemania eta Frantziaren moduko tokietan bizi dira. Hona bertako lanak bukatu edo kartzelatik askatzen dituztenean etortzen dira”. 

“Presevo ondoren ez dakigu nora eramango gaituzten baina hemen baino hobe egotea espero dugu” dio Mohamed siriarrak. Homs-etik datorren gizon honek errefuxiatuak nazioaren eta sexuaren arabera banandu beharko lituzkeela dio, “arazoak egon ez daitezen hobeto elkar ez ikustea ere”. Iraniarrak, afganiarrak, siriarrak, irakiarrak eta abar lerro berean izateak liskarrak sortzen ditu. Batak besteari bere egoeraren errua leporatzen dio eta bide kontinentaleko toki askotan borrokak eta atxiloketak egon dira. “Arrazakeria handia dago euren artean ere. Siriarrek nahiko zintzo jokatzen dute baina afganiarrekin beti arazoak ditugu. Ez dute lerroan mantendu nahi, ezer esanez gero biolentzia erabiltzen dute zure aurka” dio Israel Remarreko gazte boluntarioak. Mikhail polizia serbiarrak aldiz, kontrakoa esaten du: “Siriarrak eta irakiarrak dira arazo gehien ematen dutenak. Beste errefuxiatuak baino gehiago direla uste dute eta horrela esaten dizute: ni sunita naiz eta besteak xiitak, nik egon beharko nuke aurrena”.

Presevo bide kontinentalean sortzen diren arazo gehienen adibide bihurtu da: arazo sektarioak, mafiak, gainezka eginda dauden instituzioak, eta abar. Herriaren gehiengoa musulmana izanik ez dago bertako laguntzaile boluntariorik, “denak hemendik kanpokoak dira, oraindik ez dugu bertako autoritateekin hitz egiterik lortu, ezta hemengo biztanlerik lanean ikusi” dio Mugarik Gabeko Medikuak GKEko koordinatzaile den Sebastien Army frantsesak. “Egoera ez da ona, eta eskerrak ez duen eguraldi txarrik egiten. Negua gogorra izan ohi da hemen eta ez dakit zer gertatuko den iristen denean” gehitu du.

Errefuxiatuak eta traolak

Kazetaritza falkutate denetan erakusten dute albiste, erreportaje edo kronika bat idaztean ingelesezko 5 W-ei erantzun behar zaiela: Who (Nork), Where (Non), Why (Zergatik), When (Noiz) eta What (Zer). Orohar bost galdera horiei erantzuten zaie testu guztietan, hala ez bada argi utzi beharra dago ekuazio horretako inkognita zein den, zintzo jokatu nahi bada behintzat. 

Errefuxiatuek helmuga eta amets duten Europa honetan 2015eko ekainean orduro 25.000 txio idazten zen #refugeeswelcome traolarekin batez beste. Madrilgo Puerta del Sol plazako metro irteeran Bienvenidos refugiados irakurri zitekeen kartel handi batean. Facebookek (Twitter bezala gizartea nondik nora dabilen ikusteko barometrorik onenak) kanpaina erraldoia jarri zuen martxan eta perfil gisa errefuxiatuen etorreraren logotipoa ezartzera gonbidatzen zintuen ekainaren 8ko astean. Gizarte zibila milaka pertsonari ongietorria egiten hasi zen. Batzuk Greziako Lesbos irlan Turkiatik bizitza arriskatuz itsasoa zeharkatuta zetozen famili osoei salda beroa eskaintzen hasi zitzaizkien, beste batzuek aldiz beren etxeetako ateak ireki zizkieten giza eskubideen “paradisu” den Europar Batasun honetan babes hartu zezaten (Alemaniako bikote batek adibidez hainbat naziotako 20 pertsona hartu zituen etxean). Eliteko politikariak noraezean harrapatu zituen. Egunean milaka pertsonak gurutzatzen zuten europar santutegiko muga eta uztaila bukaeran, krisi humanitarioa areagotuz zihoala ikusita goi mailako bilera bat antolatu zuten oporretatik bueltan zetozenerako, erabaki bat hartzeko kapazak izango ziren ikusteko. Egunean 2.500 eta 3.500 pertsonak lortzen zuten Europar Batasuneko kanpoko mugaren bat gurutzatzea, eta gure “ongizatearen gizartea” arriskuan ikusi zuten askok.

Artikulu hau amaitzen ari naizen une berean interneten arakatzen nabil eta Twitter irekita dut. Ekainean Eslovenia eta Austriako muga batez beste 3.165 pertsonak zeharkatu zuten egunero Sentilj hiritik, Esloveniako Gobernuaren datuen arabera. Abenduan, aldiz, 3.087 errefuxiatu igaro ziren batez beste. Datu horiek “Balkanetako bidea” egin duten errefuxiatuen datutzat hartu izan dira, Hungariak bere mugak itxita izan baititu eta gobernu alemaniarrak zenbaki horiekin egiten ditu Municheko harrera zentroko kalkuluak (beti ere datu ofizialei jaramon eginda). Ordubete pasa da, Internet irekita dut eta #refugeeswelcome traolak 1.287 sarrera izan ditu. Urrun benetan ekaineko 25.000etatik, errefuxiatu kantitateak bere horretan badirau ere. Lau W aurkitu ditut, baina bat falta zait. Why, zergatik?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errefuxiatu krisi globala
Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Migratzaileei sarrera gogortzeko ituna onartu du Europako Parlamentuak

Europar Batasunean migrazio politika gogorragoa ezartzeko ituna onartu du euroganberak, zortzi urtetako negoziazioen ondoren. Hala, eskuin-muturraren ideiei men egin eta arau baztertzaileak erabili ahal izango dituzte hemendik aurrera herrialdeek, kontrola areagotzeko eta... [+]


2024-02-29 | Euskal Irratiak
Otsailean 600 migratzaile lagundu ditu Irungo Harrera Sareak

Migratzaileen kopurua anitz emendatu da Irun eta Hendaia arteko pasabidean. Irungo Harrera Sareak ohartarazi duenez, otsailean 600 pertsona lagundu dituzte, iaz, urte osoan 2.700 izan zirelarik. Iragan urtarrilean, 2.700 etorkin heldu dira Kanariar Uharteetara, egunero 80... [+]


Egunean hemezortzi migratzaile hil ziren bataz beste iaz Espainiako Estatura iristeko ahaleginetan

Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeak “Monitoreo Derecho a la Vida” txostenaren edizio berrian egindako balantzea da: 6.618 hildako izan dira mendebaldeko Muga Euroafrikarrean; horien artean, 384 haur.


2023-09-29 | ARGIA
Frantziako Gobernuak Bidasoako muga ixtea ez dela zilegi berretsi du Europako Auzitegiak

Europako Justizia Auzitegiak (EBJA) erabakia hartu du mugako barne-kontrolak berrezartzeko Frantziako Gobernuaren politikari buruz. Bidasoaren mugan ohikoak diren zenbait praktika. hala nola muga igarotzeko debekuak eta berehalako itzulketak, ez direla legearen araberakoak... [+]


Eguneraketa berriak daude