Bizi Baratzea liburua irakurtzean, gaztaroko oroitzapenak berehala etorri zaizkit, orduan etxeko baratzea lantzen jarduten genuelako. Larre motzean hazten ari ginen gehienok, eta baratzeko emaitza funtsezkoa zen elikatzeko, nahiz eta barazkiek baino indartsuagotzat beste janari batzuk jo, okela, adibidez.
Begira, bestela, zer dioen garai hartan erromeriatan kantatu ohi genuen trikiti-kopla honek:
Goizean porru-salda,
eguerdian azak,
ondo sartuko zaizkik
ipurdian galtzak.
Liburuan argi eta garbi zehazten da urtaroen eta ilargiaren konpasean landare-mota bakoitzarentzat lurra nola landu, nola ureztatu, nola ongarritu, hazia noiz eta nola erein, gaitzei aurre nola egin, etab.
Oso bitxia eta interesgarria iruditu zait 12. orrialdean liburuan baratzean erabiltzen diren esku-erreminta mota bakoitzarekin (aitzurrarekin lan eginez, adibidez) gorputzeko zein gihar lantzen diren jakitea. Hor aipatzen diren erremintez gain, guretzat oso baliagarria zen “bihortza” izeneko aitzurra (patata ateratzeko, adibidez). Guk beti, nahiz eta Gipuzkoako bihotzekoak izan, “horzbikoa” esaten diogu, bizkaieraren joskerari jarraituz, pezeta indarrean zegoenean 50 zentimoko txanponari “errealbikoa” esaten genion bezalaxe. (Getarian, adibidez, txalupan “arraunbian” ibili ere esaten dute).
Dena dela, oso garrantzitsuak dira, besteak beste, Amerika edo Indietako indigenen Patxamamak (edo gure Amalurrek) sortu eta gure lurretara XV. mendearen amaieraz gero iritsi diren landareak. Zehatz-mehatz ematen da liburuan horien berri. Ikus bestela barazki hauen fitxak: artoa, babarruna, piperra, tomatea, patata, kuia ...
Baratzea lantzean pertsonaren eta lurraren arteko harremana gozamena izaten da maiz. Hasieran bere nekea badu ere, geroko emaitza, uzta biltzea eta ondo prestaturik barazkiak jatea oso atsegina izaten da. Gure Lizardi olerkari handiak barru-barruan nabaritu zuen hori:
Oi, ene lur,
baninduzu zerea,
zu landu, ta
zure sariz asea ...
Zorionak, Jakoba.