argia.eus
INPRIMATU
Bi agure edo hiru
Angel Erro @angelerro 2016ko urtarrilaren 28a
Antton Olariaga

Bi gizon zaharren hitzek arreta eman didate oso denbora gutxian eta nahi gabe ere lotu ditut nire gogoan. Bata Facebooken norbaitek zabaldu du eta nik, ikusitakoan, gauza bera egin dut. Bost “datsegit” jaso ditu, baina beste inork ez du atzera zabaldu. Bideoari eman dioten izena: “Arthur C. Clarkek Internet deskribatzen du 1974an”. Clarkek janzki eta gorbata eramaten ditu eta berriro ere, XXI. mendearen bigarren hamarraldian, modan dauden betaurrekoak. Kazetariak XXI. mendearen nolakoaz galdetzen dio zientzialari eta zientzia fikziozko idazleari. Horretarako bere semea eraman du: “Jonathan nire semeak 2001. urtean nik orain dudan adina izanen du”. Arthur C. Clarkek Jonathan hartzen du adibidetzat, 27 urte geroagoko ordenagailu edo, oro har, makinekiko harremanaz aritzeko. 

Esan gabe doa ikaragarri asmatzen duela oraingo bizimodua deskribatzen. Ez du esaten Jonathanek giza harremanak nola, zeinen ezberdin, ulertuko eta biziko dituen. Bere hitzetan ez dago azaltzen duen teknologiak eragindako itzalik, ez dago ezkortasun aztarna handirik (hori eleberrietarako uzten du). Pentsa genezake garaiari dagokiola baikortasun teknofiloa edo pentsa dezakegu bere buruari aplikatzen diola berak asmatutako hiru legeetako, Clarke legeetako, lehena: “Zientzialari gailen baina zahar batek zerbait posiblea dela adierazten duenean, ia segurua da arrazoia izatea. Zerbait ezinezkoa dela adierazten duenean, oso litekeena da oker egotea”. Lege honetan beti bitxia suertatu zait “baina zahar” zehaztapen hori. Oraindik (adinagatik edo) ez naiz gai ulertzeko zer ñabardura dakarkion baieztapenari gehikuntza horrek.  

Bigarren agurea Arthur C. Clarke baino zortzi urte gazteagoa da, baina ez zaigu 1974tik mintzo, gaur egunetik baizik, beraz, askoz zaharrago ari zaigu Interneteko sare sozialek ekarri gizarte berriaz, askoz zaharrago eta, agian norbaitek hortik ondorioztatuko lukeenez, askoz ezkorrago ere. Sare sozialak –diosku– tranpa dira; ez dute gizartea ezaugarritzen duen ezberdinarekiko benetako elkarrizketarik, ez dute gaitasun sozialetan trebatzen, ez dago egiazko konfrontaziorik –di-da ezaba ditzakezu bestela pentsatzen dutenak–, sare sozialek jendetasunaren itxurapean nork bere buruarengan zerratuagotzen dute. Dena den, Zygmunt Baumanen ezkortasuna ez diot zahartasunari, zaharrek berriari ohi dioten izuari, egozten. Akaso sare sozialekiko mesfidantzan bizi baikara denok, baita sare sozialetan murgilduta bizi garenok ere, atzoko pentsaeradunok biharko tresna bagenu bezala eskuen artean, eta horrek baikorrena ere durduza batean edukiko balu bezala.

Ez-moduan bizi gara, gureak ez diren (Jonathanen seme-alabenak badiren) bitartekoak darabiltzagula, zahar-goiztiarturik. Tresnek oraindik ez gaituzte guztiz egin beren moldera. Honakoa ez da apokaliptikoa; inprentak edo burdinolek ere aldatu gintuzten, teknofoboek salatu ez arren. Ez moduan bizi garelako aztarna da sare sozialetan gehienetan jokaera arauturik gabe ibiltzea, gizalegea zein den asmatu ezinik. Nola kudeatu –benetako kasuak dira– izeba mojak sare sozial batean “adiskidetasuna” eskatu izana; nola, bizitza errealeko adiskide batek birtualki zure berri jakin nahi ez izatea, bizimodu bikoitzeko gay aldea ongi ezkutatzen asmatzen ez dakien gertuko ezagun armairutuarena.