Baionako Barraraino

  • Kanta hau bihikatu zaigu frankotan ahotsean behera, haurrak loak hartzeko orduan adibidez, edo, Baionako Barrara abiatzean, Bizkaiko Golkoaren altzo emankorrean begia pausatuz, saihetsean genituenak sosegatzeko. Abesbatza eta artista askok grabatu zuten, hala nola Amaia Zubiriak, Elaudi taldeak, Urkok, Elefteria Arvanitarekin Kepa Junkerak eta Joseba Irazokik, rock bertsio harrigarri batean... 

Ainara Azpiazu

Ohikoan euskal lo-kanta ederrenen zerrendan aurkitzen dugu kopla sorta zohar eta labur hau. Perla preziosoaren antzera distiratzen du gure kulturaren ortzi sakonean. Edonork kanta dezake berea bailitzan, Baionan bezala Elorrion ere. Maitasunak ala bakartasunak larrutu lagunaren betazalak hezetzen dira abestia aitzina doala bukaerako bertsoaren harkaitzean lehertzeraino.

Lo-kantak, umeak atsedenaren zurrunbilora gidatzeko obratxoak, munduko jendarte guztietan aurkitzen dira, lekuak, hizkuntzak eta jaidura nahastuz, ahoskatzen, xuxurlatzen edo ezpainak mugitu gabe aireratzen direla. Ama –dagoeneko aita halaber– eta umea dira hemen pertsonaia nagusiak: ukimena eta soa bezain garrantzitsua den boza da, bien arteko komunikatzeko baliabidea. Haurren hizkerara hurbiltzearren, onomatopeiak, zintzur-soka jokoak, hiztegi bereziak erabiltzen dira eztitasunez hanturiko lotura horren gauzatzeko:

Buba buba ñiñaño

Haurra duxu mimiño...

Sehaska-kantek ahozko tradizioaren atal ikusgarria osatzen dute. Hitzak eta soinua uztartzen dituen ekintza poetiko horretan bien arteko harmonia bat sortzen da, ama eta haurra, biak aldi berean sozializatzen saiatuz. Irakats tresnak ere badira alabaina. Itsasoa Laino Dago honetan amak haurrari erakusten dio naturako elementu ezberdinak aipatuz zenbat maite duen. Beste batzuetan umeak lo egiten ez baldin badu zer gertatuko zaion jakin arazten dio:

Ez baduxu egiten lo 

Jinen da xakur handiño...

Melodia, halatan errepikakorra da, marmara bat, sehaskaren kulunka neurtuz harilkatzen dena, hizkuntza musika bihurtzen dela, gurasoak haurrekin, uterotik atera bezain laster, soka ikusiezinaz lotzen dituela. Herrialde batzuetan, amen ordez, gizonezkoek dituzte lo-kantak salmokatzen, demagun Afrika erditsuko pigmearren herrietan, europar eredua ez dela bakarra azpimarratzeko.

Lehen koplak, geografikoki kokatzen du eresia. Kanta zaharren egiteko moldea da –Lakarri, Lastur, Urtsua...– eta oraindik erabiltzen da gertakariak nehork ahantzi ez dituen leku propioetan txertatzeko, Gaztelugatxe, Deustuko Zubia, Nebraska ala Desolation Row izan. Ziur gaude, Landatarrek beraien Euskaldun auzoei leporatzen zieten 1578ko Aturriren bahiketa finkatuko zuen Baionako Barraren eraikuntzaren ondotik sortu zela. 

Itsasoa laino dago

Baionako Barraraino:

Nik zu zaitut maiteago

Txoriak bere umeak baino!

Itsasoa laño dago, bare alegia aroa agudo aldatzen den arren, orduko erabakitzaileen nahikundez moldaturiko ingurune maritimo horretan. Erromatarren denboretan Capbretonen eta Erdi-Aro garaitik hara Port d’Albreteko portuan itsasoratzen zen Aturri, joan etorrian, delta heze eta bihurri nagituz. Noizbehinka, Baionatik edo Angelutik zulatzen zuen itsasora, hala nola 1164an. 

Baina ez zuen irauten eta Baiona pobretzen zihoan. Frantziako Charles IX erregearen zaleak ziren Lapurdiko jaunttoek behin-behineko erabakia hartu zuten. 1578tik aitzina, ondorioz, Escuriala marraztu zuen Louis de Foix arkitektoaren zuzendaritzapean ibaia desbideratu zuten, aho berria gaurko Bokalen irekiz. Baionako Barra orduan luzatu zen, hasierako egurrezko egitura XIX. mendean harri gotorrez indartuz. Duela hiru urteko galernek barra mugiarazi zuten eta blokeak ekarri zituzten oinarriak finkatzeko. 

Sehaska kanta hau irakurtzean, kantatzean, gauza batez ohartzen gara: orokorrean sinesten dena gezurtatuz, euskaldunak betidanik izan dira berritasunak ohoratzeko eta integratzeko prest, musikak, dantzak, hitzak, teknikak –trena, autoa, traktoreak– edo eraikuntza ikusgarriak. Baliteke halaber Aturri Baionaren esku uzteko lanak hain harrigarriak izatea non hauek edonon, edonola, aipatzea ezinbestekoa zirudien garaikideei. 

Poeta ezezagunak zizelkatu elegia saila itsas giro beratz batean troxatua datorkigu. Argi dago uraren funtzioetatik bat amodioa sinbolizatzea dela, naturaren oparotasuna, ama-ontziaren gozotasuna eta harreman amakoia. Urak garbitzen gaitu, urak biltzen gaitu, gure herria itsasoak azpiltzen du, ibaiak eta iturriak anitz dira Euskal Herriko lurretan. Baionatik Angelurako edo Bokalerako behialako larre gazietan haizeek bulkatu etxe bakartia irudika dezakegu, supazter zokoan sua, kanpoan gau zohardia eta barnean ama-haurrak lo ezin, aita eta gizona urrun dutelako, arrantzara, lanera edo gerrara joana:

Aita gutaz oroit dago

Lainopean gaueraino!

Nik zu zaitut maiteago

Arraintxoek ura baino!

Amak, loaren zurrunbilora eraman nahi duen umea, mutila ala neska den ez dakigu. Haur bat da, soilik, azalpen gehiagorik gabe. Azken aurreko koplan aipatzen den aingeruño kuttunak ere ez du haurraren generoa zehazten. Gauak eta itsasoaren hurbiltasunaren sentsazioak ezaugarriak ezabatzera bulkatzen du bertsolaria. Poesia, laino giro laño horretan erraldoi altxatzen da. 

Kantaren sortzaileak konparaketak baliatzen ditu bere diskurtsoaren zurkaizteko. Ama horrek bere haurra, txoriak bere umeak baino maiteago duela aldarrikatzen da hemen: erkaketaz gain, superlatiboa ondorioztatzen da kopla bakoitzaren hondar bi lerroetan. Halaz, olerkiko maitasunaren absolutua seinalatzen dabil egilea, etengabe. 

Metaforak bi alorretan garatzen dira, batetik familiarte domestikoan eta bestetik kosmosaren espazio mineralean, txikitasunetik handitasunerako norabidean. Aitaren aiduru daude, afaria sutan dago, gauaren amultsuan:

Afaria sutan dago

Bero-bero sarridiño:

Nik zu zaitut maiteago

Egur onak sua baino.

Abere urriak izendatzen dira: txoriak eta arraintxoak. Airea hegaztientzat eta ura arrainentzat hil ala biziko elementuak direla argi uzten du testuak. Supazterrean erretzen dabiltza suaren kalipua biderkatzen duten egur onak. Janariaren eta egoitzaren berotasuna ziurtatzen dute, guraso bakarreko familia horren zortea gerizatuz. 

Intimitatetik kosmologiaren mailara igarotzen da poeta izarrak, ilargia eta iparretik hegora hedatu ortziaren borobila aipatzen dituenean. Iparrak hegoaren premia du izateko, berdin ilargiak gauarena, distiratzeko. 

Izar xuriz mila dago

Iparretik hegoraino:

Nik zu zaitut maiteago

Ilargiak gaua baino. 
        
Baionako Barrara doanak ardura, itsasoa lasai eta nagi ikusteko aukera dauka, Bokaleko zein Angeluko ezpondatik. Larrazkeneko uhin basatiak harrotzen direnean aldiz, Aturri hegiak eta itsas ahoko eremuak nahas dabiltza, lanjeros, beldurgarri, bitsa ttantta gaziak denetan barreiatzen direla haizearen eraginez. 

Ama bakartiak supazter izkinan haurrari xuxurlatzen dion lo-ahaidean ere, bukaeran agertzen da galerna, egoeraren funtsaren harkaitza:

Orai haurra hor lo dago:

Lo egizu, aingeruño

Nik zu zaitut maiteago

Zure aitak nihaur baino.

Umea lotan dela emakumeari egiaren aitortzeko ordua datorkio. Kantaren tristura nabaritzen da, malenkonia, nostalgia, hasierako laino trinkoaren moduan, guztia setiatzen duela. Haurrari sinetsi arazi zion aita hark beraietaz oroitzen jarraitzen zuela, errealitatea arras bestelakoa izanagatik: aita joana da, ama hura ez du maite. Sehaska balantzatzen duen neurrian bizitzaren oinarrizko ezaugarriak irakasten dizkio: abandonua, bakartasuna, maitasunaren iraupena ororen gainetik. 

Itsaso ertzean harilkatu kanta hauetan ama-haurraren arteko amodioaren samurtasunak utzikeriaren minak eztitzen ditu, egunerokotasunaren isuria baimenduz:

Nik zu zaitut maiteago...


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kantagintza
2024-02-04 | Castillo Suárez
Kaseteak

Iaz Braham bat ezagutu nuen Delhin. Harritu ninduen garagardoa maite zuela eta gaztelaniaz bazekiela. Nire adintsuko zela esango nuke, baina makil baten laguntzaz ibiltzen zen, poliki. Ea zergatik zekien gaztelaniaz, galdetu nion, eta berak umetan Julio Iglesiasen kaseteak... [+]


Maite Idirin kantari hilberriari azken agurra egingo diote asteazkenean Angelun

Maite Idirin abeslaria urtarrilaren 20an hil da. Angelun bizi zen, eta asteazkenean 10:30ean izango da ehorzketa meza. Euskal kantagintzaren ahots ezagunenetakoa izan da. Emakumeen eskubideen alde borroka egin zuen bere bizialdian.


Fernando Unsain musikari, kantari eta ikusentzunezkoen produktorea hil da

78 urterekin iktus baten ondorioz hil da Donostian Fernando San Jose Arze, kultur munduan Fernando Unsain izenez ezagutua. Pertsona garrantzitsua izan da euskal kantagintzan, diskoen grabaketa eta produkzioan eta ikusentzunezkoetan. ARGIAk Fernando Unsainengan kolaboratzaile... [+]


2023-05-04 | Estitxu Eizagirre
Kantak herri baten historia josten duten hari balira?

Ziburuko Liburu eta Disko azokaren aperitif gisa, Hitzen Ahairea emanaldia eskaini zuten maiatzaren 3an Baltsan elkartean Gotzon Barandiaran idazle musikazaleak eta Rafa Rueda musikari literaturzaleak. Euskal kantagintzan barnako bidaiarekin gozatu zuten bertaratu ziren 40... [+]


Eguneraketa berriak daude