Fornix hitzak arku edo ganga esan nahi du latinez. Egun, garuneko eta baginako zati banari hala esaten zaie, forma hori dutelako, hain zuzen.
Antzinako Erroman prostitutak zubien, kalezuloen eta bestelako eraikinen arkupeetan bildu ohi ziren. Eta denborarekin burdelei ere fornix esan zieten. Jakina, arku edo bobeda horien azpian nahiz putetxe itxietan prostitutek eta bezeroek zeuzkaten harreman sexualak ezkontzaz kanpokoak ziren eta, horregatik, aurrerago, eliza katolikoak terminoa bekatuzko harremanekin lotu zuen: fornikazioa erabiltzen hasi zen jardun horiek izendatzeko.