EH Bilduren hauteskunde ajea

Ez ginen asko izan Hego Euskal Herrian Podemosen garaipena iragarri genuenak. Inkestetatik haratago begiratu besterik ez zegoen, hauteskunde portaeraren serie historikoek eta kanpainaren bilakaerak erakusten zuten. Hegoaldean Pablo Iglesiasen alderdiak irabazi ez balu sorpresa izango zatekeen. Antzekoa esan daiteke EH Bilduren jaitsieraz, bere emaitzarik hoberenak 2011ko espainiar hauteskundeetan lortu zituen Amaiurrekin, lau urte beranduago emaitza horren boto herena baino gehiago (116.000) galdu du.

EH Bilduk galdu dituen boto-emaile gehienak abstentziora eta Podemosera joan dira. Ez bozkatzeko erabakia hartu dutenen artean nagusi izan dira ENAMen nortasun eta aldarrikapen historikoekin identifikatzen direnak. Sortuk hartu duen moderazio norabidearekin atsekabetuak, espainiar hauteskundeak aprobetxatu dituzte etxean gelditzeko.

Halere, EH Bilduren boto-emaile galera handiena Podemosen mesedetan izan da. Amaiurretik alderdi morera saltoa egin dutenen artean hiru talde bereiziko nituzke. Lehenengoa, EAEko politikan bosgarren espazioa bezala definitu izan den boto-emailearen parte bat, ezkerrekoa eta erabakitze eskubidearen aldekoa. Sektore hori 2011n umezurtz geratu zen Ezker Batuaren hondoratzearengatik, horregatik ez ziren gutxi izan Amaiur babestu zutenak. Koalizio berri, fresko eta anitz bezala ikusten zen. Aldiz, lau urte beranduago EH Bildu sektore politiko homogeneoagoa bezala ikusten da. 2011n ilusioa eta aldaketaren esperantza EH Bildun bazegoen, 2015ean Madrilera joan da bosgarren espazioaren posizio naturala ordezkatzen duen alderdi batekin, Podemosekin.

Bigarren taldea boto taktikoarena da. Abenduaren 20an EH Bildutik zetorren boto-emaile parte batek pentsatu zuen Podemos boterean egotea lagungarria izan zitekeela preso politikoen egoera hobetzeko eta normalizazio politikoan aurrera egiteko. Antzekotasun batzuk ditu hirugarren taldeak, baina ez da pragmatismoagatik mugitzen soilik, boto-emaile ideologizatua da. Inor gutxiri eskapatzen zaio EH Bilduk bere ezker-eskuin ardatzeko posizioa moderatu egin duela era sinbolikoan. Horren aurrean, boto-emaile ezkertiar batzuek beren lehentasun ideologikoak defendatzeko modu gisa Podemosi eman diote botoa.

Iritzi sortzaile askok defendatu dute Podemosek ez duela EH Bilduk baino posizio ezkertiarragoa, ezker-eskuin irudia politika publikoek eta programek soilik finkatuko balute bezala. Jendartearen parte handi batek ez dio jarraipenik egiten udal politikei eta are gutxiago programa politikoei. Ezker-eskuin ardatzeko posizioa finkatzeko garrantzitsua da alderdi batek ordezkatu nahi duena. Ez da baldintza nahikoa ezkerreko politikak egitea ezkerreko irudia izateko, baina ezkerreko irudia izateko beharrezko baldintza da ezkerreko posizioak ordezkatzea, batez ere hiru dimentsioetan: a) sinbologian (kolore gorria, kartelak, leloak, eta abar); b) diskurtsoaren lehentasunetan (nori zuzentzen zaio eta zeinen arazoak aipatzen dira, zein dira hitz klabeak (langileria, klase xeheak, herria, aberastasunaren banaketa, eraldaketa soziala…) eta abar; eta c) Politikarien profiletan (generoa, lanpostua, klase jatorria, sinesmenak, nola aurkezten dira, transmititzen dutena eta abar).

Podemosek hauteskunde kanpainan (eta aurretik) EH Bilduk baino irudi askoz ezkertiarragoa landu du. Alderdi moreak errazagoa du ia ardatz bakarrean lehiatzen delako, aldiz, EH Bildu ardatz sozialaz gain nazionalean aritu behar da. Halere, orain arte ez du asmatu biak ondo uztartzen, agian bere mezu independentista luzaroan zokoratu egin duelako eta irudi ezkertiarra postmaterialismo eta postmodernismoarekin lurperatzen aritu delako.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude