argia.eus
INPRIMATU
Denak ez dira Ogasuna
Juan Mari Arregi 2016ko urtarrilaren 20a

Espainiako erregearen arreba sutan erretzetik salbatu nahian dabilen Dolores Ripoll Estatuko abokatuak arrazoi zuen auzitegian handikiro esan zuenean “Ogasuna denok gara” esaldia publizitate hutsa dela eta ezin zaiola “zuzenbideari aplikatu”. Honakoa ere gehitu beharko luke: “Batez ere erregearen arrebari edo monarkiako kide bati dagokionean”. Egia da, “Ogasuna denok gara” publizitate-slogan bat baino ez da, errealitateak hori erakusten du.

Lan egin eta euren soldatekin hilero zergak ordaintzen dituzten langileak Ogasuna dira ordea. Estatuko diru-kutxak langile klaseak ordaindutako zergekin elikatzen dira batez ere. Diru gehiago dutenek ingeniaritza fiskalaz asko dakite, baita zergak ordaintzea saihesteaz ere. Hor daude milaka milioi euro –tartean euskal herritar askoren dirua– ezkutatzen dituzten paradisu fiskalak. Hor daude legalak izan arren aberatsen mesederako diren SICAVak, %1 baino ez tributatuz. Hor daude sozietateen gaineko zergari iskin egiten dioten enpresak. Zerga hori ordaintzen dutenek, aldiz, %16 besterik ez dute ekartzen, %30 izan beharko lukeenean –multinazionalek %6 ordaintzen dute–. Eta hortxe daude askotan beltzean kobratu ohi duten profesional liberalak: abokatuak, notarioak, medikuak, dentistak eta abar. Horren guztiaren aurrean, erreforma fiskalek boteretsuenen alde egiten dute, langileak zerga handiagoak jasan behar dituen bitartean.

Egoera hori aldatzeko, langileriaren eta herritarren gehiengoaren zerbitzura egongo diren gobernuak behar dira. Kontserbadoreek, edo eskuindarrek, ez dute balio. Jakingo al dute hori egiten euren burua aurrerakoi eta ezkerrekotzat dutenek? Erakutsi dezatela.