ARGIA gazteena ere bada

Oñatiko Antixena Gaztetxera sartu eta hantxe ikusi dut, barraren gainean, ARGIAren azken alea. Mastrakatu samarra dago eta poza eman dit, norbait aldizkariarekin jolasean ibilia izango zen agian eta horrek desitxuratuko zuen pixka bat, baina hainbat eskutatik pasatako itxura zuen, erabilia. Begirada pixka bat urrundu eta orduantxe lagun batek mahaitik jaiki eta Berria itzuli du bere tokira; barrara. Hori ere erabilgarri, eta erabilia.

Harriduraz galdetu diet ea zer egiten duten bi kazeta horiek barraren ertzean, gaztetxe batean, ez nagoela horrelakoak ikustera ohitua; eta beraiek oraindik eta harrituago erantzun didate arraroa al den bada. Igual ni nabil oker, baina nire esperientzian behintzat ez da egunerokoa horrelako gune batean ARGIA astekaria topatzea.

Asanbladan hartutako erabakia da. Gazteen eguneroko biltoki da Gaztetxea, eta egunerokoan irakurtzeko zerbait izan nahi zuten bertan. Euskaraz, baldintza. Eta baldintza soilik ez, aukeren murriztea ere bai. Egunkari bat bai behintzat, beraz, Berria; eta edukiak sakonago landuko dituen aldizkariren bat ere bai... Hortik ARGIAko harpidetza egitearen hautua. Zergatik, ordea, ARGIA? Baten erantzuna: hau Xabier Letonaren artikuluen fans-a da! Barre algaraka. Bakoitzak bere gustuen araberakoak irakurtzen ditu, baina topatu dute beren lekutxoa ARGIAn.

Gazte Asanblada ez da gune autogestionatuaren erabiltzaile bakarra. Emakume talde bat ere badabil gaztetxean, eta hauek ere badute harpidetza esanguratsurik. Pikara Magazine aldizkaria begiztatu dut beste txoko batean, eta emakume talde honek eskatuta iristen omen da.

Harpidetzak ere aukeratu egiten dira, modu kontziente batean, eta garenaren zerbait ere erakutsi dezakete gure mahai-gainetan egoten diren egunkari eta aldizkariek. Antixenan egin dute hautua.


ASTEKARIA
2016ko urtarrilaren 24a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude