2016ko arriskuak: petrolio merkeegia eta mega-zorraren eztanda

  • Albiste txarrekin gatoz: aurtengoa ez da errekuperazioaren urtea izanen. 2008tik bizi dugun krisia okerrera egiten ari da jauzi; Txinaren finantzen lurrikara errepikakorrak eta lehengaiak –petrolioak bidenabar– hain merke egotea seinale oso txarrak dira. 2016an bigarrenez lehertu daiteke duela zortzi utzi adabakiz sendatu nahi izan zen zor itzelaren krisia.

Reuters agentziarentzako Joshua Lottek egindako argazkian, Bankruptcy (kiebra) dioen grafitia AEBetako Detroiteko karrika batean. Munduko ekonomia berriro hazkundearen maldan abiarazteko –Gail Tverbergen aburuz– aurkitu beharko litzateke energia iturri be
Reuters agentziarentzako Joshua Lottek egindako argazkian, Bankruptcy (kiebra) dioen grafitia AEBetako Detroiteko karrika batean. Munduko ekonomia berriro hazkundearen maldan abiarazteko –Gail Tverbergen aburuz– aurkitu beharko litzateke energia iturri berri benetan merke bat, elektrizitatea ekoiztuko lukeena kilowatioko 4 xentimotan eta erregai likido bat 20 dolar baino gutxiagotan. Eta laster aurkitu gainera, gaur dauzkagun azpiegitura eta ibilgailuetan erabiltzeko moduan. Aldiz, ekonomia biziarazteko zor gehiagotan sartzea zaila dirudi: lehen egindakoak ezin ordainduz joango zaigu 2016a.

Kataklismoaren urtea” gerta daiteke 2016 hau. Ez du esan ekonomialari katastrofistaren batek, RBS Royal Bank of Scotlandek abisatu die bere inbertsiogileei. Baliteke burtsek %20 arte galtzea, petrolio upela 16 dolarretaraino merkatzen ahal da... “Saldu ahal dituzun akzio guztiak, kalitatezko bonoak salbu. Sala jendez gainezka dagoenean irteerako ateak txikiegi gertatzen dira”. Panikoaren iragarpena.

Egia da beste aditu batzuek gehiegizkotzat jo dituztela alerta horiek: Txinaren arazoak besteongan edukiko dituzten eraginetan esajeratu egin dutela, koadro orokorrean zantzu itxaropentsuak ere badirela, Alemaniak bigarren urtez segidan lortu duen hazkundea eta abar. Baina RBSren oharrok ezagutzea merezi dute asteotan “Langabezia Espainian milioi erdi jendez urritu da“ titular nahasgarriekin gosalduz lasaitu diren euskaldunek.

2008an Lehman Brothersen hondoratzea izan zen moduan eztanda eragin zuen txinparta, finantzetako aditu askoren ustez Txina gerta daiteke 2016an zapartaraziko gaituen metxa. Iazko abuztuko hondoratzea nola edo hala moldatu zutela Pekingo gobernutik, baina urtarril hasieran gertatutako deskalabru berriek erakusten dutela egoera ez daukatela kontrolpean.

RBSko kredituen arduradun Andrew Robertsek idatzi die bezeroei: “Txina hasi da beherakada handi batean eta hau elur-bola bilakatuko da. Akzioak eta kreditua txit arriskutsu bihurtu dira eta gu oraintxe hasten gara berridazten azken bi urteotan kontatu diguten ipuinak ezkutatzen zuen errealitatea”.

Urtea markatuko duen bigarren seinalea kredituen garestitzea izango da. Finantzen merkatuak bizirik atxikitzeko banku zentralek oso interes baxuan injektatu diete dirua. Baina AEBko Erreserba Federalak ekin dio, berandu eta gozo bada ere, interesen igotzeari. Ezin dira munduko finantzak betirako utzi doako kreditu ofizialari lotuta heroinomanoa debaldeko jakoari bezala.

Lehengaien prezioen merkatzea da hirugarren adierazgarria, petrolioarena bereziki. Petrolioa harrigarriki merkatu da eta hala jarraitzeko itxura du. RBSk aurreikusi du 16 dolarretaraino apaldu daitekeela, Satandard Chartered agentziak 10 dolar aipatzen ditu... Krisiagatik eskaria jaitsi da eta saltzaileek nola edo hala esportatu nahi dute, beren ekonomientzako diru iturri nagusia delako.

Puntu honetara iritsita, irakurleak galdetu dezake: baina ez al ginen Peak Oila gainditu eta erregaien gutxitzeko aroan sartzen ari? Edo beste hau: nola liteke orain petrolio eta lehengaien prezio merkea albiste txar izatea? Horren gakoak azaldu ditu Gail Tverbergek bere Our Finite World blogean.

Tverberg oso ezaguna da energiaren krisiaz interesatutako jendearen artean. Ofizioz, arriskuen analisietan aditu (actuary ingelesez) lanetan aritu da aseguru-etxeentzako. Berak ere zalantzarik ez du petrolioaren gailurra gainditzen ari garela, mundua bere muga fisikoetara iristen ari dela konbentzituta dago, baina arriskuen aurreikuspenean berezitu izanak darama beste faktore batzuei garrantzia berezia ematera. Zorpetze mailari, funtsean, urtarrilean plazaratutako 2016: Oil Limits and the End of the Debt Supercycle mamitsuan azaldu duenez.

Soldatak jaistea sistemaren kalterako

Gail Tverbergek idatzia du petrolioaren gailurra gainditu denean espero genituen sintomen justu kontrakoekin egin dugula topo. Askok aipatzen bagenuen petrolioa eta lehengaiak eten gabe garestitzen joango zirela, gertatu da justu kontrakoa: petrolio gehiegi dago eta hura produzitzeko kosteen azpira erori dira prezioak. Antzera gertatzen da gasarekin, ikatzarekin, burdina eta beste mineralekin, eta baita elikagai askorekin ere.

Oraintxe lehengaiok benetako kosteen azpitik ari dira eskaintzen merkatuan, horien esportaziotik bizi diren ekoizleek dirua behar dutelako. Krisiaren handiagatik eskariak huts egiteaz gain geroko kontsumo aurreikuspenak ere txarrak izateak merkatzen ditu lehengaiak. Azkenean, kostatua baino merkeago dirua galduz saldu beharraren poderioz, lehengaien industria asko joan daitezke hondora.

Ehun urteko historia eginez, hazkunde ekonomikoa beti etorri da energia kontsumoa haztearen eskutik. Ez dago produktibitatearen hobetzerik energia gehiago gabe. Energia merke gehiago, alegia. Horrela funtzionatu zuen 1973a arte, alegia, petrolioaren produkzio kostea upeleko 20 dolarren azpitik egon zen bitartean. Baina geroztik?

Energia garestitzean bigarren mekanismoa indartu zen hazkundeari eutsi ahal izateko: zorpetzea. Ordainketa denboran atzeratzea. Tverbergek demostratutzat dauka energiaren garestitzea eta mundu zorpetze mailaren handitzea parean gertatu direla, zor ahalmen handiagoa interes tasak apaldu ahala. Kontua da zorpetzeak bere epeak eta zikloak dauzkala. Eta hemen dago mundua zorpetze ziklo handi –Debt Supercycle– baten amaieran, metatutako zorrei arindu handi bat ematera derrigortua eta, aldi berean, hazkundeari arnasa emango dion energia merkerik aurkitu gabe.

Sistema ekonomikoaren osagai guztiak elkarri lotuta azterturik, Tverbergek uste du langile ez-elitekoen soldaten txikiagotzea dela krisi honetan beste faktore erabakigarria: “Soldata txikiagoak kobratuz, langile horiek ahalmen gutxiago dute sistemak ekoizten duen oro kontsumitzeko. Ondorioz, kontsumogaien soberakinak azaldu dira eta gero prezioz jaisten hasi. Horrek eragiten du produktuen prezioak merkatzea eta zorrengatiko kiebrak ugaritzea”.

2016a honela aurreikusten du arriskuen kudeaketan adituak. Arazoak larriagotuko dira, ekonomia are gehiago geldotuko. Txinarekin batera Brasil, Hego Afrika eta Australia bezalako ekoizleak atzeraldian hondoratuko dira. Moneten arteko gerrak gogortuko.

Petrolioaren pilaketa izango da arazo nagusietakoa, biltegiek gainez egingo dute, petrolioa 10 dolarretaraino jaitsiko. Lehengaien eta kontsumoaren jaitsierak kiebra ugari ekarriko ditu, batik bat lehengaien ustiapenetik bizi diren enpresen artean, elektrikoak barne. Petrolioa esportatzetik bizi diren zenbait gobernuk ere jo dezake porrota, aurrekontuak berdindu ezinik. Zorraren beste eztanda bat espero daiteke finantza sistema astinduko duena, 2008koaren pareko edo handiagoa

Iragarpen ezkorrekin amaitzen du Gail Tverbergek: “Ekonomia orok dauka iraupen bat, gizakiek, abereek, landareek eta ekaitzek bezala. Tamalez, gure ekonomiaren iraupenaren akaberaren lekuko izatea tokatu zaigu”. Baina lasaitu gaitezen: eredu ekonomiko baten akabera besterik ez du iragarri.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia krisia
Europako Banku Zentralak "erreforma estrukturalak" iragarri ditu, defentsarako gastuei aurre egiteko

Europako Banku Zentraleko lehendakari orde Luis de Guindosek Europak dituen "mehatxuez" hitz egin du Bartzelonan: "Berriz ere erreforma estrukturalen inguruan hitz egin behar dugu".


Analisia
Erreforma fiskala, oraingoz ezta ere

Atera berri dituzte zerga bilketaren datuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru ogasunek, eta ikusi dugu inoiz baino diru gehiago jaso dutela. Berehala iragarri dute erreforma fiskalari buruzko gogoetarako beharrezko tartea hartuko dutela, ez dagoelako presarik, ezta premia... [+]


2024ko europa neoliberalak, Schäubleren politika austerizida du ipar

Europar Batasuneko Ekonomia eta Finantza ministroen Ecofin kontseiluak arau fiskal zorrotzagoak ekarri dizkigu opari urte berriarekin. Pandemia ondorengo norabidea aldatu eta berriz ere inbertsio publikoa txikitzea eta herrialdeek murrizketak egin behar izatea ekarriko du... [+]


Bizitzaren garestitzeak etenik ez: argindarra, gasa, udal zergak eta autobideak, garestiago

Hego Euskal Herrian, egun indarrean dagoen neurri mesedegarri batek soilik jarraituko du aplikatzen, gutxienez ekainera arte: oinarrizko elikagaiei BEZik ez ordaintzea.


Austeritate politikak
Hau 2024 urtea da: ongi etorri Europa neoliberalaren "normaltasunera"

Europar Batasuneko 27 herrialdeetako ekonomia eta finantza ministroen kontseiluak arau fiskal zorrotzagoak ezartzea adostu du abenduaren 20an. Azken urteetako norabidea aldatu eta berriz ere inbertsio publikoa txikitzea eta herrialdeek murrizketak egin behar izatea ekarriko du... [+]


Eguneraketa berriak daude