Zutik jausi da katua...eta bizirik atera da

KATALUNIA WaRS VII-REN errodajea amaitu zen larunbat arratsaldean Bartzelonan eta biharamunean estreinatu zen Kataluniako Legebiltzarrean, ezusteko aktore berria eta guzti: Carles Puigdemont, Generalitateko lehendakari berria. Epika, glamourra, poza, ikusmina… dena nahastu zen hainbeste esperotako filmaren lehen fotogrametan. Garrantzitsuena, ordea, filmak aurrera begira iragarritako jarraipena izan zen: Erresistentziak batasuna berregin du Lehen Ordenaren asmo inperialen aurrean eta lider berriak askatasunaren aldeko borrokan “arima uzteko” prestutasuna agertu du.

Kontaketa egiteko modu bat da, esan zitekeen baita ere Kataluniako zirkoko akrobatek mundua –gure mundutxoa– asaldatu dutela euren akrobazia ikaragarriekin. Katuaren zazpi bizitzak nola, Kataluniako prozesua hala: 2009an lehen manifestazio erraldoia egin zenetik behin eta berriro iragarri da haren amaiera eta honek eutsi, bai Artur Masek, bai erreferendumak, bai mobilizazio ahalmenak, hauteskundeak… independentziaren atarian jartzeraino.

Atarian? Inork ez daki, horretarako filmaren VIII. edo IX. kapitulua ikusi beharko dugu. Baina katalan independentistak atari horretan kokatu dira, eta hori da autonomiaren marra gainditzeko lehen baldintza. Begirakunearen arabera fikzioa eta errealitatea nahasten diren prozesu honetan orain arteko unerik korapilatsuenean jarriko dira independentistak.

Hamazortzi hilabeteko jarduna izango du gobernuak eta marra gorri ugari gaindituko ditu. 2014ko “kartoizko erreferendum” harekin gurutzatu zuen lehen marra Generalitateak eta hark Mariano Rajoyren laissez faire politikaren amaiera ekarri zuen. Estatua bestelako jarreretarako prestatu da jada. Igandean Miquel Iceta PSCko buruak argi ihardetsi zion Puigdemonti Parlament-ean: Espainiak legearekin erantzuten duenean, ez da “ez elkartasunik, ez errukirik” izango.

Errepika dezagun galdera, baina: independentziaren atarian? Bai eta ez, eta klabe nagusia izango da gizartean sostengu berriak irabazteko gai diren ala ez. Horretan datza Gobernuaren ahaleginik handiena datorren hilabeteetan: independentzia prozesuarekin jarraitu, azken hauteskundeetan lortutako %48a gainditzeko. Gaur egungo Legebiltzarrak legitimitate osoa du prozesu hori bideratzeko, baina ez du nahikoa izango %50a gainditzen ez badu.

Hor da azken hiru hilabeteetan CUP eta Junts Pel Síren arteko gako nagusietakoa: nola lortzen da hori, En Comúk biltzen duen esparru antikapitalista horretan arrantzan edo Katalunian nagusi den zentro-ezkerra horretan gehiago arakatuta? Lortutako akordioaren muinak sintesia azpimarratzen du: ahal den toki guztietatik. Bistan da prozesu independentistak 18 hilabete baino gehiago iraungo duela, Espainiarekin erreferenduma egiteko akordiorik ez bada bederen, baina une honetan, denak adierazten du Madrilen ez dela oraindik agertu halakorik bideratzeko seme-alabarik.

Hiru lanabes sendo ditu fronte independentistak: lehena gutxieneko estatu egitura berriak prestatzea da; horrek Madrilekiko konfrontazioa ekarriko dio, hots, bigarren lanabesa, gaur gaurkoz independentziaren garra elikatzeko erregai garrantzitsuena, tentsioa izugarri goratuko baita; hirugarrena gobernagarritasuna da, austerizidioak ekarritako miseria bideraezina da hilabete edo urte gutxitan, baina jar daitezke horretarako bideak, eta herritarrak aldaketa zantzuak ikusten baditu, beste arma garrantzitsua izan daiteke. Noraino iristeko, ordea? Indarrak metatu eta legezko erreferendumera. Etsigarria izan daiteke independentistarentzat, baina gaurkoz, eta indar harremanak kontuan hartuz, errealena dirudi. Posible da, halaber, independentzia aldarrikatzea eta Europar Batasuneko hainbat estatuk berau onartzea, baina une honetan hori sinesgaitzagoa da.

Fikzioaren ondoren, txistearen unea izan daiteke egunotakoa. Badoa Puigdemont Zarzuelara eta esaten dio Erregeari: “Agur eta ohore Felipe, Kataluniako independentzia lortzeko gobernuaren lehendakari izenda nazazun etorri naiz...”. (Jarraituko du)

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
"Mario Lopez" eta "Gernika"

Krimen matxistak, mediatizatzen direnean, emakumeontzat lezio bilakatu ohi dira, eta bizirik badago, biktimarentzat. Nerea Barjola ikertzaileak Alcasserko kasuaren bidez azaldu zigun hori. Eta Nagore Laffageren hilketak ere lezio astun bilakatzeko arriskua izan zuen, lezioa... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


2024-03-31 | Diana Franco
Teknologia
Gorputzaren memoria

Mekanografia ikasi baduzu, gitarra jotzen, josten edo eskuz idazten, ulertzen duzu zure gorputzak zelan memorizatzen dituen zenbait jarduera. Gorputza eta adimena modu miresgarrian daude harremanduta, bat dira. Gizakiok sortu dugun teknologia eta honek gure gorputzarekin duen... [+]


2024-03-31 | David Bou
‘La xarxa ultra’

ARGIArekin azken kolaborazioa egin nuenetik lau hilabete igaro direnean, testu honen bidez nire iritzi-artikuluei berriro heldu diet, baina azalduko dizuet zergatik alde egin dudan denboraldi honetan aldizkari maitagarri honen orrialdeetatik.

Otsailaren 20an La xarxa ultra... [+]


Eguneraketa berriak daude