argia.eus
INPRIMATU
Pentsionistak miseriatik atera
Juan Mari Arregi 2016ko urtarrilaren 13a

Ipar Euskal Herriko herritarrek Hego Euskal Herrikoen lanbide arteko gutxieneko soldataren (LGS) ia bikoitza dute: 1.457,52 euroko hamabi paga, 756,70 euroko hamabi pagaren aldean –2016tik aurrera hamalau paga izango dira, beraz 655,20 euroko gutxieneko soldata–. Iparraldeko pentsionisten batez besteko pentsioa ere Hegoaldekoena baino altuagoa da neurri berean. Europar Batasunean LGS Luxenburgoko 1.922,96 euroen eta Bulgariako 194,29 euroen artekoa da. Eta denok gara desberdintasuna ongi lekututa dagoen Europar Batasun honen parte.

Espainiako Estatuan pentsioak duintasunetik oso urrun daude milioika pertsonentzat, bereziki alargunentzat, miseriaren mugan baitaude. Euskal Herriko hamar pentsionistatik zazpik (665.000 lagunek) hilean 1.000 euro baino gutxiago jasotzen dute. Horietatik erdiak 650 euroko batez besteko pentsioa dute, eta milaka alargunek 400 euroko ordainsaria baino ez dute. Halako miseriarik! Espainiako Gobernuak urtero %0,25 igotzen ditu pentsioak, hau da, 1 eta 3 euro artean. LGS berriz, aurten %1 igo dute, 655,20 euroko zifra lotsagarriraino.

Euskal Herriko pentsionisten plataformek legegintzako herri-ekimena prestatzen ari dira pentsio duinen defentsan, Eusko Legebiltzarreko Parlamentuko mahaiak atzera bota ondoren EAJ, PSE eta PPren botoekin. Plataformek sinadura bilketa masiboa hasiko dute, Europako Gutun Soziala kontuan hartuta Euskal Herrian duintasunez bizitzeko pentsio baxuenak osatzea eskatuz, hilean 1.080 eurora iritsi ahal izateko. Euskal herritarrek elkartasunez kolaboratzeko aukera polita dute: euren sinadurarekin, milaka pentsionista miseriatik ateratzeko egitasmoan parte hartu dezakete.