Gu eta gure kontraesanak

Koherenteak izan behar dugula erakusten digute. Gauza bat esaten badugu hura egin. Pentsatzen dugunaren arabera jokatu. Gure ekintzen ondorioak asumitu. Bizitzaren alor guztietan entzuten dugu prediku bera, eta kolore guztietako sinesmen eta ideologiek egiten dute bat koherentziaren laudorio horretan. Logikoa dirudi, eta, denak bat baldin badatoz, egia unibertsala izango da. Edo.

Baina gero errealitatea dator, bere kolore gris eta inkongruentziekin, bere bai-baina guztiekin. Ekologia eta natura defenditzen dituzu baina auto potente batean ibiltzea maite duzu; saio kulturalak goratzen dituzu baina telezaborra ikusten; haurrak euskal eredura bidali dituzu baina zuk erdaraz egiten duzu zeure senar edo emaztearekin.

Kontraesan horiek lotsaz bizi ditugu. Puruak izan nahi genuke, eta bekatuaren orbana ezartzen diote gure arima zuriari. Gero, ateoak izanik ere katolikotasunak formateatu duenez gure gogamena, egindako hutsa aitortu, onbideratzeko asmoa agertu, eta aurrera mutilak! Tolerantea barkabera izango da besteen kontraesanekin, besteek ere norberarenekin hala jokatuko dutelakoan; sanedrin guztietako sermolariak, berriz, jo eta sua ariko zaizkizu, zure koherentzia-huts horiek etengabe salatzen eta aurpegiratzen.

Baina zer, kontraesana gure nortasunaren akats ez baizik eta geure izatearen partetzat onartuko bagenu? Inor ez da altruista hutsa, ezta erabateko egoista ere. Prentsa espainolista erosi eta hauteskundeetan botoa abertzaleei ematen diena, sistematikoki gainera, zuzendu beharreko gizajo alienatutzat jo ohi da (edo botoa edo periodikoa, bietako bat aldatu beharko duena noizbait, koherente jokatzekotan); baina jokabide hori agian ez genuke anormaltasuntzat hartu behar, kaxoi zehatz batean mugaturik egon nahi ez duenaren ñabarduratzat baizik: “Zuetarra naiz, baina ez iezadazue kaparrada eman” esaten ari zaie, inkontzienteki, abertzaletasunaren apostoluei; eta era berean “zure gezurrak erosten ditut, baina ez pentsa irensten ditudanik”, botatzen dio xaloki prentsa-jabe espainolistari.

Botoa ere, orain arte finko samarra izaten zen esparruetan, aldakorra eta hegakorra ari da bihurtzen. Politikari batzuk, orduan, hautesle aldaberarekin haserretzen dira: “Zuk hau eta hau defendatu izan duzu, eta ez al zara ohartzen beste horiek kontrako balioak aldezten dituztela?”. Beste batzuek bere burua zigortzen dute: “Zer egin dugu gaizki, boto-emaileek bizkarra eman diezaguten?”. Seguru asko, errietak bezain zentzugabeak dira autoflajelazioak; nolanahi ere, ez arduratu gehiegi, laster dator eta beste karta-partida bat, beste bozketa bat, geure kontraesanak agerian gera daitezen ostera ere, batzuen poz eta besteen atsekaberako.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
"Mario Lopez" eta "Gernika"

Krimen matxistak, mediatizatzen direnean, emakumeontzat lezio bilakatu ohi dira, eta bizirik badago, biktimarentzat. Nerea Barjola ikertzaileak Alcasserko kasuaren bidez azaldu zigun hori. Eta Nagore Laffageren hilketak ere lezio astun bilakatzeko arriskua izan zuen, lezioa... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


2024-03-31 | Diana Franco
Teknologia
Gorputzaren memoria

Mekanografia ikasi baduzu, gitarra jotzen, josten edo eskuz idazten, ulertzen duzu zure gorputzak zelan memorizatzen dituen zenbait jarduera. Gorputza eta adimena modu miresgarrian daude harremanduta, bat dira. Gizakiok sortu dugun teknologia eta honek gure gorputzarekin duen... [+]


Energia berriztagarrien zabalpen masiboaren iruzurra

EH Biziriketik sarritan salatu izan dugu energia berriztagarrien zabalpen masibo honen atzean   ezkutatzen   den   eredu   ekonomikoa.   Hazkunde   ekonomikoa   ezinbesteko baldintza duen eredu ekonomikoan... [+]


Eguneraketa berriak daude