Hamletek “izan ala ez izan” dioenean, hirugarren ekitaldiko lehen eszenan, printze daniarra bere gazteluan dago, eta ez du garezurrik eskutan. Garezurraren pasartea bosgarren ekitaldiko lehen eszenakoa da. Hamlet hilerri batean dago, gorteko bufoi eta txikitako lagun Yoricken burezurra eskuan, eta heriotzaz zein denboraren joanaz hausnartzen du, lagunaren bertuteak gogoratzeaz batera. Obraren irudi indartsuenetakoa izanik, Hamlet maiz garezurrarekin irudikatu izan da koadro eta karteletan.
Beraz, pasarteen artean bi ekitaldi osoko aldea dago. Baina denboraren poderioz, Hamleten esaldi ezagunenak eta irudi zabalduenak bat egin dute imajinario kolektiboan.