Galdutako altxorraren bila

Antton Olariaga

Castillo Suarezen blogean irakurri dut: “Galdu egiten da haurtzaroa deserrian”. Eta burutik kendu ezinik nabil. Uste dut, nik neuk idatzi izan dudala haurtzaroa dela norberaren aberria. Orain ez dakit deserrian galtzen den haurtzaroa, edo haurtzaroa galtzean geratzen den bat deserrian trabatuta. Biak izan litezke. Deserrian bizi ziren nire pertsonaia batzuek umeekin oso tematuta ziruditen, hori bai. Esango nuke, umeak direla deserrian norberaren haurtzaroa topatzeko bidea. Haien haurtzaroaren eskutik berreskuratu daiteke norberarena, urruneko lurralde batean galdutakoa. (Hitz hauetan norbaitek umeak izateko apologia irakurri nahi balu, oharra: Umeek ez dute zertan norberarenak izan behar).

Nik karratu zuri-gorriak zituen poltsa batean galdu nuen lehen haurtzaroa etxe-aldaketa batean. Edo poltsa harekin. Poltsa hartan zer zegoen, intuizioak esaten dit: liburuak. Astiro-astiro egiten ditut loturak. Katarsia duela urte bat izan nuen, Bilbon euskarara itzulitako animaziozko film frantses bat semearekin ikusten nengoela: Ernest & Celestine. Pantailako irudi haiek –trazu arin batekin dantzan– eta pertsonaia haiek ezagutzen nituen. Nire memorian zeuden. Nire barruan. Etxean egoteko Ernesten bata eta Celestineren euritakoak aurkitu nituen, altxor handi baten lehen bitxiak aurkitu izan banitu bezala. Ernest hartzak eta Celestine saguak beste izen bat zuten nik –eta nire belaunaldiko haur askok– izandako Gabrielle Vincenten liburu euskaratuetan. Zesar eta Ernestinaren ipuinak poltsa zuri-gorrian galdu nituela jakin nuen Bilboko zinemako areto ilunean (akaso baten batek gordeta izango ditu).

Beste agerpen bat izan nuen geroago Berlinen, orduko hartan, Danimarkako animaziozko film bat ikusten. Filmak aurrera egin ahala, eta umeek horman marraztu zuten errinozerontea gorpuztuaz batera, borratuta zirudien liburu baten istorioak gorputza hartu zuen nire barruan. Nagusiago nintzeneko beste liburu bat agertu zitzaidan, Otto errinozerontea da, berriz ere ustekabean.

Galdutako altxorrak aurkituz noan heinean, umetan irentsitako istorioen kalitatearen kontzientzia ere hartu dut. Itzulpen haiekin Europako haur literatura jarri ziguten eskuetan. Eta orduan hainbat klasiko irakurri gabe geratu banintzen, orain, umeekin, galdutako haurtzaroa berreskuratzeaz gain, bigarren haurtzaro alternatibo bat sortzeko aukera ere badaukat. (Bide batez, deserrian aberri berri bat eraikitzeko aukera ere badena). Azkenik. Astrid Lindgrenen istorioak irakurtzeko okasioa! Laster etorriko da Mariasun Landaren liburuen txanda ere bai!

Noski, interes propioen arabera aukeratzen ditut umeei irakurtzen dizkiedan liburuak eta haiekin ikusten ditudan filmak. Baina proposamenak ere gustura onartzen ditut. (Seguruenez Star Wars ikusi beharko dut). Eta elkarrekin egiten dugu bidaia, abentura. Elkarrekin egiten dugu barre. Hitz egiten dugu gauza tristeez ere bai, gerraz adibidez. Izan direnez eta egun direnez. (Ezin utzi gaiari buruzko bi libururen gomendioa egin gabe: Leire Bilbaoren Gerrak ez du izenik eta Claude Duboisen Akim ihesi).

Gauetan, haur literaturako saioen ostean, denbora eta energia gutxi geratzen zait beste irakurketa mota batentzako. Edo irakurketarekin zerikusirik ez duten, baina gauerako utzitako beste egitekoetarako. Baina aberria (ber)eraikitzeko duenak nekeak hartu behar dituela edozein euskaldunek ulertuko duelakoan nago...

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude