Gaikako zabor bilketa Erroman

Mendetan Testaccio mendia osatuz joan ziren milioika anforetako batzuk.
Mendetan Testaccio mendia osatuz joan ziren milioika anforetako batzuk. Shelly Martin

Erroma, K.a. 600. Tradizioaren arabera, Tarkinio I.a erregearen aginduz, ingeniari etruriarrak Cloaca Maxima eraikitzen hasi ziren, mendetan hiria garbixeago mantenduko zuen estolderia sistema.

Eta hala ere, Erroma oso hiri zikina zen. Etxeetako zaborra, animalien gorotzak eta gorpuzkiak, eta orotariko hondakinak kaleetan pilatzen ziren. Stercorari edo zabor biltzaileak hirian barrena ibiltzen ziren, zaborra gurdietan bildu eta puticulum edo kanpoaldeko zabortegietara garraiatzeko. Zenbaitetan txerriak eramaten zituzten laguntzaile, hondakin organikoak birzikla zitzaten. Baina ahalegin horiek ez ziren nahikoak hiri gainpopulatuko biztanleen ohitura antihigienikoei aurre egiteko. 

“Cacator sic valeas ut tu hoc locum transeas”, dio Ponpeian aurkitutako grafiti batek; mesedez, kaka beste toki batean egiteko, alegia. Baina aholkuari jarraituz eginkariak etxe barruan egitea ere ez zen oso lagungarri, gero leihotik kalera botatzen bazituzten. Eta pixontzi gisa erabiltzen zuten murkoarekin inor jotzen ez bazuten, gaitz erdi. Edukiarekin batera edukiontzia nahi gabe jaurtitzea ohikoa izango zen, legeriak berariaz jaso baitzuen: ontziak norbait zaurituz gero, jaurtitzaileak ordainduko zituen zauriak sendatzeko gastu medikuak eta kaltetuak lanik egin gabeko egunen soldata.  

Hondakinen gaikako kudeaketaz ez ziren txerriak soilik arduratu. Tiber ibaiaren bazterrean dagoen Testaccio mendia da horren froga erraldoia. Muino artifizialak 50 metroko altuera eta 22.000 metro koadroko oinarria ditu, eta 25 milioi anforaren hondakinez osatuta dago. Anforak hainbat mendetan, pixkanaka eta modu egituratuan ipinita jaso zuten mendixka egonkorra. Terrakotazko ontziak oliba olioa eta beste elikagai batzuk garraiatzeko erabiltzen zituzten. Ontzietan bertan egindako idazkunei esker dakigu Testaccioko gehienak Afrikako kostaldetik eta Beticatik, egungo Andaluziatik, zetozela. Tiberreko portura iristean, anforak hustu eta ez zituzten berriro garraiorako erabiltzen; ontziak ondo garbitzea ez zen errentagarria eta osasunerako ere ez zen batere segurua, anforak barrutik ez baitzeuden esmalteztatuta. Gutxi batzuk eraikuntzan berrerabili zituzten, baina gehienak kontu handiz pilatu eta karez estali zituzten, hondakin organikoak usteltzearen kiratsa saihesteko eta Inperioko hiriburu zikina gehiago ez zikintzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Erromatarrak
Gerra Hotza eta Erromatar Inperio baketsua

Ekialde Hurbila, K.o. II.-III. mendeak. Erromatar Inperioak 1.000 kilometro inguruko defentsa lerro bat osatu zuen ekialdeko limes edo muga zaindu eta persiar armadaren nahiz tribu nomaden erasoei aurre egiteko. Lerro hura iparraldetik hegoaldera luzatzen zen, Palmiratik egungo... [+]


Erromatar legioaren "hozkailua"

Varsoviako unibertsitateko arkeologoek, Danubio bazterreko erromatar garaiko indusketa gune batean Antzinaroko "hozkailua" aurkitu dute.


Erroma salbatu zuten antzarak

Erroma, K.a. 406. Hiriak gerra deklaratu zion Veii herriari, handik 10 milia ingurura zegoen kokaleku etruriarrari. Urte luzez Veii aberastu egin zen, nagusiki gatz merkataritzaren kontrolari esker, pixkanaka erromatarrei itzal eginez.


Ponpeia baino lehen

Vesuvio, duela 3.800 urte. Sumendiak eztanda egin zuen enegarren aldiz, eta mendi magaleko Brontze Aroko Afragola herrixka errautsek estali zuten, K.o. 79an Ponpeia eta Herkulanorekin gertatu bezala.


Eguneraketa berriak daude