argia.eus
INPRIMATU
Diseinu aldaketa webguneko albisteetan
Zuzeneko jarraipenak egiteko prest
Itsaso Zubiria Etxeberria 2016ko urtarrilaren 14a

Internetak, garai batekoak eta gaurkoak, ia izenean soilik dute antzik. Ez natzaizu gehiegi luzatuko gaur egungo bizimoduaren abiadura azaltzen, irakurle, ondo ezagutuko baituzu. Baina sare sozialek eta momentuko informazioak, zuzenekoak azken urteetan hartu duten protagonismoak aldaketa batzuetara eraman dute ARGIA ere. Zein ez da inoiz sare sozialetan zabaldutako edo lagunen batek emailez, whatsappez pasatako lotura batetik zuzenean hedabide bateko artikulu jakin batera sartu? 

Web orri nagusietara zuzenean sartzeko joera behera doa, eta albiste zehatzetarako loturak doaz gora. Beraz, gaurko erronka testu konkretu horretatik jendeak webguneko beste albiste batzuetara jo dezan lortzea da. Horregatik Interneten zintzilikatutako artikulu, erreportaje eta albisteen aurpegi-berritzea. Gaiari lotutako beste zenbait artikulu gomendagarri eskainiko dira irakurritako albistean bertan, eta azken urteetan ARGIAn gaikako kanalak osatuz joateko ahalegina hemen ere ikusiko da. Dena gailu guztietara gaituta eta diseinu berrituarekin.

Liveblogging, zuzeneko jarraipenak

Zuzeneko jarraipenak ARGIAtik. Eta esango duzu, hori zer berrikuntza da? Hori lehen ere egiten zen... Baina ez ARGIAn bertan, ARGIAren zerbitzarian gordez informazioa. Honetan ere sare sozialek pusketa jan digute. Momentuko jarraipenak egiteko jotzen dugu normalean Twitterrera, eta bertan aukeratzen dugu zein traola edo zein hedabideren bidez ezagutu nahi dugun berria. Eta hedabideok ere jokoan sartu gara. Gure webean orain arte gehienez ere Storify bat sartu dugu (Twitterren traola bati lotuta jartzen ari direnak irakurriz joan ahal izateko) eta jasotzen goazen informazioarekin albiste bat osatuz joan izan gara. Baina zuzeneko informazioa sare sozialen zerbitzarietan biltzen dugu, eta noizbait hori galduz gero, akabo egindako lana. Liveblogging teknikak ARGIAren webgunean bertan, albisteak zuzeneko jarraipenak egiteko prest izatea esan nahi du. Informazioa norberaren datu baseetan gordez, zuzeneko jarraipen zabala egiteko aukera ematen du. Munduko hedabide nagusiek hartu duten joera da hau. Sare sozialetan zuzeneko informazioa zabaltzen jarraituko du ARGIAk, baina webgunea ere prest izanez halako gertaerak era eroso eta erakargarrian jarraitzeko.