argia.eus
INPRIMATU
Deabruekin dantzan
Joxi Ubeda Goikoetxea 2016ko urtarrilaren 14a
VII
Kudai
Autoekoizpena, 2015

Kudai taldeak bere ibilbidean urrats bat aurrera egin du VII lan berriaren bidez. Taldeak metal industrialari bere ukitua ipini dio, bere nortasuna. Taldekideek indar handiz jotzen dute, giro ilunak eraikitzen dituzte, melodiak eta leloak arretaz lantzen dituzte, eta doinu zuzenak grabatu dituzte, zehatzak, gordinak eta bortitzak. Mammon, Leviathan eta Beelzebub deabruekin dantza egiteko doinuak.

VII diskoko kantu bakoitzean deabru, istorio eta tentaldi bat aurkituko dugu, infernura erortzeko gonbidapen bana. XVI. mendean, Peter Binsfeld teologo alemanak zazpi bekatu nagusiak –harrokeria, lukurreria, alferkeria, lizunkeria, bekaizkeria, jalekeria eta haserrekeria– zazpi deabrurekin lotu zituen. Zerrenda horretan oinarritzen da Kudai talde gipuzkoarraren bosgarren diskoa.

Kudai metal taldea 2002an sortu zen, Ekaitz eta Bortx –Hira taldean aritzen ziren– elkarrekin jotzen hasi eta lehenengo ideiak sortu zituztenean. Handik gutxira David –Bletz taldeko kide ohia– haiekin jotzen hasi zen, eta beranduago Tito, eta lauren artean osatu zuen Kudai taldea. Lehenengo abestiak sortzearekin batera, jendaurreko emanaldiak egiten hasi ziren. 2004an Hutsa lehen diskoa plazaratu zuten Oihuka zigiluarekin, eta lan horrek harrera ona izan zuen hedabideetan. Ni Naiz kantuarekin osatu zuten bideoklipa Euskadi Gaztea irratiaren sarietarako izendatu zuten.

Arima Eroslea bigarren diskoa beren kabuz ekoitzi zuten 2006an. 2008an Ekaitzek taldea utzi zuen eta Urtzi –Hira taldeko kide ohia– hasi zen Kudai taldean jotzen. 2009an Shat Mat hirugarren diskoa kaleratu zuten, Titok arazo fisikoengatik taldea utzi eta Urko hasi zen bateria jotzen.

2013an Harezko Dorreak diskoa argitaratu zuten. Ondoren, Urkok taldea utzi zuen, eta Unai hasi zen bere ordez jotzen. Beraz, Kudai taldeko kideak Bortx (gitarra eta programazioak), David (ahotsa), Urtzi (baxua) eta Unai (bateria) dira. Laukotea finkatuta dago, eta VII diskoa plazaratu ondoren, lan hori han eta hemen jendaurreko emanaldietan aurkezteko gogoz daude. Beren saioak ikusteko eta entzuteko modukoak izango dira.