argia.eus
INPRIMATU
Dakar
Joanes Etxebarria 2016ko urtarrilaren 14a

AFP agentzia ofizialaren arabera: 63. Webgune serios baten arabera: 71. Paris-Dakar lasterketak utzi dituen hilen zenbaketak dira. Utzi Frantzia eta utzi Afrika, eta Argentina eta Boliviako lurretan higatzen dira orain pneumatikoak. Edo, hobeki erranik, pneumatiko azpian higatzen da hango lurra orain, Afrikakoa beltz-beltza utzirik.

Dakar.com helbidean aipatzen diren baloreetan “abentura humanoa” da lehena. Jatorri desberdineko lasterkariek hizkuntza bera mintzatzen dutela diote antolatzaileek. Hiru baloreetan bigarrena, “lasterketa extremoa” da. Biak elkarturik, eta hilen zerrenda gogoan, zer pentsatua ematen du jadanik.

Hirugarren balorea, eta hilen zerrenda oraindik ere gogoan, “aurkikuntza”. Hamarkadetan Afrikan lehenik, 2009az geroztik Hego Amerikan, ez dira gehiago belaontziak lur sakratuen aurkikuntza ziurtatzen dutenak, baizik eta errota gaineko motor indartsuak.

Hilen zerrenda kasik ahantzarazi dezakeen informazio bat ere badu Dakar lasterketaren webguneak: ingurugiroan eragiten duen kaltea “konpentsatzen” baitu lasterketak. Hori nola egiten duen? Lasterketa bera bezala, diruarekin.