"XVI. mendean, Nafarroan, emakumeok eskubidetan zertxobait aurrerago geunden beste herriekiko"

  • Aro Modernoaren hasieratik hona zein izan diren feminitatearen idealak eta ordenamendu horretatik kanpo bizi izan diren emakumeek pairatu dituzten doktrinatze eta zigorrak aztertzen ditu Amaia Nausiak. 

Historian lizentziaduna Nafarroako Unibertsitatean. Entre el luto y la supervivencia: viudas y viudedad en la Navarra Moderna (siglos XVI y XVII) tesiaren egilea.
Historian lizentziaduna Nafarroako Unibertsitatean. Entre el luto y la supervivencia: viudas y viudedad en la Navarra Moderna (siglos XVI y XVII) tesiaren egilea.

Historialaria bokazioz?

Gaztetatik argi nuen Historia ikasi nahi nuela, agian txikitatik ikastolan oso irakasle onak izan ditudalako, haien artean Joseba Asiron, oraingo Iruñeko alkatea. Ondoren, zortzi urte eman nituen Opuseko unibertsitatean, lizentziatura egiten lehenbizi eta tesia jarraian, eta berehala Historia Modernoarekin maitemindu nintzen. Departamentuko beka batekin aritu ondoren, Erasmus programarekin Sienara joan nintzen eta Pisako Unibertsitatean aritu nintzen urtebetez.

Zein izan daiteke Eusko Ikaskuntzaren eginbeharra kasik 100 urte pasa eta gero?

Eusko Ikaskuntza Euskal Herri mailako unibertsitaterik ez zegoenean sortu zen, hutsune hori betetzeko asmoz. Orain bere egitekoa zein den birpentsatu behar du. Beti izan da pentsalari, ikertzaile eta erakundeen topalekua eta horretarako gaitasuna du. Hala ere, gaur egun gaitasun hori izaten jarraitzen duela erakutsi behar du. Hasiera-hasieratik Hegoaldeko erakunde nagusiak izan dira ekimen honen bultzatzaileak eta Euskal Herriko lurralde guztiak ari dira elkarrekin. Izaera hori berez badu erakundeak, eta probestu behar dugu.

Hemen, Nafarroan, Gobernu berriarekin hobeki?

Harremana berreskuratu dugu behintzat. Barcinarekin eten bat izan zen. Orain lortu dugu Gobernuarekin harreman zuzena berreskuratzea. Gutxienez, ateak berriz zabalik daudela ikusten dugu.

Historialari gisa beti emakumeen inguruan aritu izan zara?

Historia interesatu zait beti, neure burua eta neure ingurua ulertzeko. Emakumea naizenez emakumea dut intereseko. Hasieran alargunen gaia hasi nintzen jorratzen, tesi zuzendariak hala proposatu zidalako. Ez nintzela feminista pentsatzen nuen, eta genero ikuspuntua erredukzionista iruditzen zitzaidan. Urteak pasa ahala, aldiz, konturatu naiz feminista naizela eta genero ikuspuntua oso garrantzitsua dela, horren arabera sailkatu gaituztelako beti Historian. Generoa eraikuntza dela ere ikusi dut argi eta garbi.

Zergatik XVI. mendea?

XVI. mendean aldaketa asko gertatu ziren eta gaur egungo gure gizartearen oinarri asko garai hartan finkatu ziren. Estatu modernoa eraikitzen hasi zen. Aro konfesionala deitzen zaio Estatua eta Eliza eskutik doazelako, eta orduan diziplinamendu garaia hasi zen.

Erdi Arotik Aro Modernora pasatzen da. Erdi Aroan boterea sakabanatuta zegoen jauntxoen eskuetan eta XVI. mendean, nazio estatuak sortzen direnean, erregeak konturatzen dira haiek bereganatu behar dutela botere osoa. Hori hala izanda, aginte politikoa, ekonomikoa, militarra, erlijiosoa… biltzen hasten dira estatu sendo eta zentralizatua lortzeko asmoz.

Familia oso garrantzitsua zen, familia bakoitza estatu txiki bat bezalakoa delako. Familiek ongi funtzionatzen badute estatuak ongi funtzionatuko du. Horretarako norberak oso garbi eduki behar du zein den bere egitekoa, eta emakumea beti agertu da gizonaren esanetara. Estatua hasten da markatzen zein izan behar duen emakumearen portaera alor publikoan eta pribatuan. Garai hartan ematen den emakumearen doktrinatze eta diziplinamendua oso bortitzak dira. Askoz lehenagotik datorren diskurtsoa bere egiten du gizarteak. Oso interesgarria da ikustea zer mekanismo jartzen dituzten martxan emakumea kontrolatzeko. Diskurtso horren arabera, emakumea arriskutsua da intelektualki ahulagoa delako, eta hori frogatzeko “medikuntza”-argudioak ematen dituzte. Juan Luis Vives moralista espainiarrak, adibidez, zioen emakume bat haurdun gelditzean, hazia hartzean, bere sabela bero bazegoen gizona sortuko zela, eta hotza egonez gero, emakumea. Hala borobiltzen zuen teoria: “Bero goririk ezean, sortzez ergelagoa da emakumea, izutiagoa, ahulagoa, eta zeregin txikiez arduratu behar du”.

Pertsona bati buruz ari garenean irakinaldi bat falta zaiola esaten dugunean, ideia hemendik dator, hain zuzen ere. Diskurtso paternalista sortzen da horrela. Jaungoikoak gizonari eman dio pentsatzeko gaitasuna eta horri esker bere pasioak kontrolatzeko gai da, baina emakumeak ergelagoak garenez, ezin ditugu gure pasioak kontrolatu eta horregatik beti egon behar dugu gizon baten menpe, aita lehenbizi eta senarra ondoren. Horregatik ziren alargunak horren arriskutsuak, ez baitzuten gizonik aldamenean eta gainera sexu harremanak ezagutzen zituzten.

Emakumea gizartearen gaitz guztien jatorria?

Bai. Diskurtso hori ez da berria. Pandora dugu kultura klasikoan, Eva kristautasunean, eta abar. XVI. mendean, betidanik ezarri izan den emakumeen gaineko kontrola areagotu zen, besterik ez. Idealak sortzen dira, eta horien arabera emakumeei kastitatea edo ama izatea proposatzen zaie. Ama Birjina ideal guztien gailurra da, birjina eta ama delako aldi berean. Oso interesgarria da ikustea nola batzuetan ideal horiek talka egiten duten Nafarroako emakumeen izaerarekin.

Zertan talka?

Gerra eta konkistaren ondoren Nafarroan alargun pila gelditu ziren. Egoera horrek zorigaitzez gain, aukera berriak ere ekarri ohi zizkien emakume horiei. Lehendabiziko aldiz askatasuna zuten etxeak, ondareak eta familiak kudeatzeko. Legearen aldetik hori babestu zen, nolabait. Nafarroan bi figura juridiko ezarri ziren: alarguntasuneko usufruktua eta ordainsaria edo dotea. Usufruktua gaur egun badago ere, –eta ez soilik emakumeentzat–, garai hartan aukera ematen zion emakumeari senarrarenak izandako ondare guztiak kudeatzeko. Baina horretarako baldintza batzuk bete behar zituen emakumeak: usufruktuaz gozatuko zuen alargun eta batere harreman sexualik gabe segitu bitartean. Beraz, alarguntza legearen bidez jokabide sexuala kontrolatzen zuten. Usufruktua gal zitekeen, modu berean, sorginkeria akusazioarengatik. Hori hala izanda, familien barne historia pila ikusten dira prozesuetan, batzuk oso gogorrak. Batzuetan, adibidez, semeek ama salatzen dute paretik kendu eta ondareak berenganatzeko. Usufruktua alarguna babesteko sortzen da, baina aldi berean familiaren batasuna bermatzeko. Horrela ziurtatzen da, hein batean, alarguna etxean geldituko dela seme-alabak zaintzen eta ez dela jabe berririk sartuko etxean.

Nafarroatik kanpo ere gertatzen zen?

Beste lurralde batzuetan ere bada, Katalunian eta Aragoin kasu. Baina hemen bada bigarren figura juridiko bat emakumearen rola are gehiago indartzen duena: ordainsaria edo dotea. Alargun gelditutakoan, emakumeak erabakitzen ahal du usufruktuaz gozatzea edo bere dotea berreskuratzea. Nafarroako berezitasuna zen saria oso-osorik berreskuratzen zela. Ez zuen senarraren familiari edo seme-alabei zati bat eman beharrik. Gorteek erabaki zuten emakumeak direla haien dotearen jabeak eta kudeatzeko eskubide osoa dutela. Hemengo emakumeei autonomia pittin bat gehiago ematen die Europako beste lurraldeekin alderatuta.

Hor ikusten da emakumeen inguruko ideal handiek talka egiten dutela errealitatearekin. Idealek emakumeari apala izatea, mendekoa izatea, eskatzen diote, baina batzuetan errealitatean bere jokamoldea bestelakoa da eskubideak zituelako eta ohiturak pisu handia zuelako.

Babestuago egon dira alargunak, beraz, Nafarroan?

XVI. mendean, Nafarroan, emakumeok eskubidetan zertxobait  aurrerago geunden ohituraren pisuagatik bereziki. Ez ziren askeak, ezta gutxiagorik ere, baina Italia, Ingalaterra edo Gaztelan baino hobeki zeuden. Aragoirekin alderatuta ez zen alde handirik eta Holandako egoera ere parekoa zen.

Askotan hitz egiten da euskal matriarkatu mitikoari buruz. Zuk kontatutakoak izan lezake eraginik izaera horretan?

Ez. Patriarkatua gizonen nagusitasuna bada, matriarkatua emakumeena da eta Historian ez da halakorik ezagutu hemen. Matriarkatuan emakumeek agintea lukete eremu pribatuan eta instituzionalean, eta halakorik ez da inoiz gertatu izan. Jende askok, horretaz hitz egiten duenean, eremu pribatua baino ez du buruan. Etxe askotan amek agintzen dute, baina hori emakumeoi zaintzaren ardura egokitu zaigulako da, eta gainera, harrotasunez bizi izan dugu sinetsiz gure botere eremu naturala dela. Funtsean, emakumearen botere eredua mugatzeko modu bat da. Guk oso ongi egiten dugula eta gu gabe ez duela funtzionatuko esaten digute, baina tranpa bat besterik ez da.

Birjinak edo putak sailkapena, azken 500 urteko kontu bera?

Liburuan saiatu nintzen azaltzen nola Historian diskurtsoak oso antzekoak izan diren eta horretarako bi une historiko hartu nituen alderaketa egiteko: konkistaren garaia eta Gerra Zibilean, Pilar Primo de Riveraren hitzak. Hizkera aldatzen da, baina mezua ez. Zigortzeko mekanismoak ere antzekoak ziren: bazterketa eta zigorra. XVI. mendean “lotsa publikoa” egiten zen: emakumea asto gainean jarri biluzik eta kaleetan barna eramaten zuten, zartailuaz jotzen zuten eta bere bekatuen berri ematen zuen aurrean zihoan pregoilariak.

Gerra garaian ere horrelako zerbait egiten zuten “gorriekin”. Denok ikusi ditugu emakume kaskamotzak, errizino olioa edanda eta beherakoari eutsi ezinik, kalez kale eramanda, jendearen iseka eta oihuak pairatzen. Sorgin prozesu asko ere, zigor hutsak izan dira emakumeak, alargunak bereziki, doktrinatzeko eta diziplinatzeko.

Eta gaur egun?

Diskurtso horiek oso barneratuta ditugu gure DNAn. Nahiz eta feminista zarela pentsatu, barne kontraesan pila duzu. Amatasunarekin, adibidez. Adin batera iritsita ama ez bazara desnaturalizatua ikusten zaituzte askok. Ama bazara eta zure lanaren alde apustua egiten baduzu, gaizki, kapitalismoaren biktima zarelako. Alderantziz egiten baduzu eta etxean gelditzen bazara, patriarkatuaren biktima zara.

Emakumeok, beste emakumeekiko, askotan gogorragoak gara gizonak baino. Uste baino barneratuagoa dugu diskurtso hori eta nolabait saiatzen gara betetzen. Guk baino askatasun handiagoz jokatzen duen emakumea ikusten dugunean, haren aurka egiten dugu bortizki. Geure burua zigortzen dugunez, besteak are gehiago.

Etorkizunerako zer proiektu dituzu?

Tesia egokitu nahi dut Pamielarekin argitara emateko. Bestalde, sorginkeria eta kapitalismoaren inguruan idatzi nahi dut. Sorginak sistematik kanpo zeuden emakume arruntak ziren gehienetan. Askotan mediku gizonekin talka egiten zuten emagin eta sendagileak.

Amaia Nausia Pimoulier

1982, Iruñea

Historian lizentziaduna Nafarroako Unibertsitatean. Entre el luto y la supervivencia: viudas y viudedad en la Navarra Moderna (siglos XVI y XVII) tesiaren egilea. 2012an ¿Vírgenes o putas? 500 años de adoctrinamiento femenino (1512-2012) liburua plazaratu zuen Erein argitaletxearekin. Eusko Ikaskuntzako Nafarroako ordezkaritzako burua, Euskalerria Irratiko zutabegilea, Euskadi Irratiko Faktoria saioko tertuliakidea eta Gaur 8 aldizkariko artikulu egilea da.

Azken hitza:
Ama lurraren erlijiotik izarretako erlijiora

“Humberto Maturana zientzialari txiletarrak kultura matristikoaz hitz egiten du. Matrize edo umetokia hitzetik letorkeen kontzeptua da. Berak eta Claudio Naranjok La mente patriarcal liburuan azaltzen dute nola Paleolitikotik Neolitikora pasatzean sortu zen patriarkatua, Europa Erdialdeko teoria batzuen arabera. Paleolitikoan ehiztariak eta biltzaileak ziren. Ez omen zuten banaketa hierarkikorik, ez arma edo harresirik, gizarte horizontalagoa zen eta ama lurrari, emankortasunari, ematen zioten garrantzi handiena. Neolitikoaren zibilizazioa kanpotik etorri eta nagusitu zen. Neolitikoan, nekazaritzari esker, lehen aldiz dugu behar duguna baino gehiago eta horrela areagotzen da jabetza sentimendua eta besteak balizko arerio gisa ikusteko joera. Garai hartan hasten dira harresiak altxatzen eta labore sailak banatzen. Idazketa eta matematikak sortzen dira, eta izarrak eta eguzkia begiratzen hasten dira. Ama lurraren erlijiotik izarretako erlijiora pasatzen dira. Pentsamendu abstraktua areagotzen da eta horrek dikotomia dakar: ama lurra femeninoa da, ezegonkorra, arriskutsua. Izarrak, aldiz, fidatzeko modukoak dira, seguruagoak eta maskulinoarekin identifikatzen da. Egoera horretan sortzen da patriarkatua eta kapitalismoa ikerlari horien arabera”. 


ASTEKARIA
2016ko urtarrilaren 17a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Erdi Aroa
Fra Mauroren mundu zehatzagoa

Venezia, 1459ko apirilaren 24a. Fra Mauro monje eta kartografoak bere munduko mapa amaitu zuen San Michele de Murano monasterioan zeukan kartografia tailerrean. Portugalgo errege Alfontso V.aren enkarguz egin zuen lan hura, eta, mapa amaitu bezain pronto, Portugalera bidali... [+]


1.300 urtez, elkarrekin lurra landu eta bizi

Gaubea haranean, Tobillas herriaren alboan, Serna deitzen dioten nekazaritzarako lursail bat dago. Baina ez da baratze soil bat: historiak eta arkeologiak diote 1.300 urteko bizia duela eremu horrek. Herritarren langintza kolektibo baten emaitza izateaz gain, parada ematen du... [+]


Harakin eta zirujau

Erroma, 1215eko apirila. Laterango IV. Kontzilioan, Eliza Katolikoak apaiz eta monjeei kirurgia egitea debekatu zien, besteak beste. Aurreko kontzilioetan ere, Reimsen eta Toursen, gaia landu zuten, lekaideek soilik arimak salbatzeaz arduratu behar zutela eta gorpuen salbazioa... [+]


Ahaztutako Erdi Aroaren bila Abrisketan

Urtarrila ez da sasoi goxoa izaten indusketa arkeologikoak egiteko baina, aurtengo eguraldi aldrebesa tarteko, lanak erritmo onean burutu dituzte EHUko Ondare eta Kultur Paisaien ikerketa taldeko eta Ondare Babesa enpresako langileek Abrisketa auzoko San Pedro ermitan,... [+]


Eguneraketa berriak daude