Oi gu hemen, eten puntutan…

Antton Olariaga

Etxe honetarako itzuleran, urratsa neurtu artean, dorpea zait lehena, gehiago baizik ez azken asteak alferki emanik gogoetarik idatzi gabe. Gaitegia libre eta zabala izateko, bitxiki zait neketsu. Horra gogotsu diodala, erranaldiak hasi arau eten puntuz bukatu gabe lerrokatzen doazkit. Banengoen bazetorkidala heziketa katolikotik, ez hastapenetik hasteko gaiztakeriatan. Banengoen agian gai gehiegi banukeela jorratzeko, ezin jakin nondik has. Zeren, zer debru, baita zer lerroka: gerla egoera, kultur emanaldiak trumilka, Maiatz aldizkarian Lekore taldean bezalatsu gazte andana poesiari lotua, AHTak atzera, Herrikoa-ren kanpaina, FN haizatua baina ezkerrera egiteko bezperan, HELEP...

Suspensiboak bezain deserosorik ez da. Gaztetan irakasle batek debekatu zidan hauen erabiltzea. Zioenez ez zioten batere graziarik, jakin minik eragiten, frustrazioa baizik: “Hiru punttu eta ez dakigu! Hiru punttu: asma ezazu segida? Hiru punttu: ez dakit eta jarri nahi duzuna? Hiru punttu eta zer? Ez naiz ausartzen? Ez dakit zer pentsa? A suivre? Ideia argi ez duenak jartzen ditu horiek: garbi daukanarena berez etzatera dator paperera”.

Baiki. Baina horra. Iparraldetarrok ba al dakigu xuxen zertan garen? Ondoko asteetan hasiko dira Herri Elkargoaren aldeko bozak, herriz herri, martxoa bitartean eta honen haritik gure errealitatearen egokitzea. Gaurkoz iritziak eta sustut kafetegietako mahai izkinetan paper puska purtzupilkatutan egin kalkulu pragmatikoek aldekoa ematen badute, suspenseak hor dirau eta gu zintzilik, gure jardunean, solasetan, gogoetetan. Orain arte mintzatuak dira aldekoak eta itxaropentsuak; kontrakoen uholdea noiz altxatuko zain. Berriki arte burutu dira gogoetak, trantsizioa nola egin, epeak, konpetentziak, zerbitzu eta langile. Gauzapen eta antolaketa fase horretatik hara badira kezka potoloak, politikoak hots, ekonomia, arlo soziala, fiskalitatea noski, lehentasunez tratatuko dituzketenak hots. Eta horien aldean, euskaldunoi berezkoak zaizkigun gai kuttunak, hala nola mugaz gaindiko harremanak, euskararena eta kulturarena, zein, merezi izan badituzte lan talde bereziak eta gogoetaldi gauak, segur aski kronologikoki beste guzien ondotik tratatuko baitira. Denbora gehiago geroaren bideratzeko erranen didazue? Baliteke. Eta badira argi ez direnak: noraino egonen gara aitzinatuagoak?

Bizkitartean, bozen emaitza definitiboa ikusi artean, epilogoa puntu suspentsiboz idazten da. Hiru punttu. Nehork ez baitaki zer gertatuko den ez eta zer jar daitekeen kapitulu horretan. Ezin baita jakin kargudunek nolako iparra emanen lioketen. Nehork ez baitaki epilogorik zinez, azken finean, bi menderen buruan, zinez egonen denez bat. Hiru punttu nehork ez baitu imajinatu nahi segida dramatikorik. Erreserba egokia baitaiteke, dudak plazaratzeko goizegi.

Iparraldea horrela baita nik uste momentu honetan, hatsa bahiturik bezala, baldintza hipotetikoz blai, perpaus kontzesiboz betea. Horrela ikusten dut behintzat nire burua, laino artean baino, goaitan. Eta berdintsu ingurukoak, ondoko aulkian jarria denari oldartu gabe, ukendurik pasa gabe, galdera frankorekin baina kontsentsuan. Bon, badaitezke ere zenbait, andana, futitzen direnak edo galduak, noski.

Dezepzioak ohiturak aitzinetik mentalizatzen irakasten du eta zuhur jokatzen gogoetez eta xuhur hitzez…

Jarraituko du...


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude