Judea, K.a. VII. mendea. Jeremias profetak esan zuen “herrien ohiturak banitatea” zirela, egur zati bat “zilarrez eta urrez apaintzen dutelako, iltzez eta mailuz tinkatzen dutelako”, eta “baliorik gabeko objektuak gurtzen dituztelako, benetako Jainkoa gurtu beharrean”. Jeremias “iparraldeko herrien”, hau da, babiloniarren ohitura zaharra kritikatzen ari zen: zuhaitz bat moztu eta enborra apaintzen zuten, bertan ofrendak uzteko. Beste egur zati bat, gurutzea, adoratzeak mende batzuk geroago izango zuen arrakasta ez zuen iragarri iragarleak.
Tertulianok (ca. 160–ca. 220), aldiz, erromatarren kultu paganoen aurka egin zuen. Inperioan kaleak apaintzeko ohitura zuten Saturnoren jaietan: ateetan erramua jartzen zuten eta luminariak pizten zituzten neguaren hasieran.
Zeltek haritzak fruituz eta kandelaz dotoretu ohi zituzten neguko solstizioan, eguzkiaren eta landareak itzuliko zirela ziurtatzeko.
Jeremias, Tertuliano eta zuhaitz paganoaren aurka zeuden beste kristauen ahaleginak alferrikakoak izan ziren. Eta kristautasunak, ohitura deuseztatu ezin zuenez, bere egin zuen, beste hainbatetan bezala. Kondairaren arabera, VIII. mendean, Alemaniako Hesse eskualdean, Thor jainkoari eskainitako haritz bat zegoen eta neguko solstizioan sakrifizio bat eskaintzen zioten urtero. Bonifazio misiolariak zuhaitza moztu omen zuen eta, ebanjelioa irakurri ondoren, bertakoei izei bat eman zien, betiereko bizitzaren irudi, “hostoak beti berde dituelako eta adaburuak zerua seinalatzen duelako”.
Gabonetan pinua etxeetan jartzeko ohitura zabalduz joan zen eremu haietan, baina, hasiera batean, sabaian adaburuz behera zintzilikatzen zituzten. Diotenez, Martin Luther (1483-1546) teologoak Gabonetako zuhaitzaren adarretan kandela batzuk jartzea erabaki zuen, ziurrenik zelten usadioaren berri jakin gabe, “izarrek neguko gauetan bezala dir-dir egiten dutelako”.
1510eko Eguberrietan, Rigako (Letonia) dendari batzuek izei bat jarri zuten azoka-plazan, arrosaz apaindu zuten, inguruan dantzan aritu ziren eta, azkenean, su eman zioten. Tallinen (Estonia) diote urte batzuk lehenago, 1441ean, antzeko zerbait egin zutela. Eta, hala, Baltikoko bi hiriak lehian ari dira plaza publiko batean Gabonetako zuhaitza lehenengoz nork jarri zuen, ohitura berria balitz bezala, Jeremiasek 2.000 urte lehenago gaia hizpide izan ez balu bezala.